Durangoko 41. Euskal Liburu eta Disko Azokea: 5 egun, 317 stand eta 360 nobedade

Bizkaie! 2006-11-22 01:00   Kulturea

Durangoko 41. Euskal Liburu eta Disko Azokea abenduaren 6tik 10era izango da aurten, gai nagusitzat ‘Bidaiak’ hartuta. Ordutegia ohikoa izango da: goizeko 10:30etatik 20:00etara.

Gaur aurkeztu dabe Durangoko Landakon urteko hitzordu nagusienetakoa: Durangoko 41. Euskal Liburu eta Disko Azokea. Abenduaren 6tik 10era izango da aurten, gai nagusitzat ‘Bidaiak’ hartuta. Ordutegia ohikoa izango da: goizeko 10:30etatik 20:00etara.

Aurten, 221 parte-hartzaile, 317 stand eta 360 nobedade (Liburu barriak 246, diskoak 45, aldizkariak 24, bideo-DVDak 16, argitalpen elektronikoak 7 eta bestelakoak 22) izango dira.

Aurtengo gai nagusiaren harian, makinatxu bat ekitaldi antolatu dabez, besteak beste, Kirmen Uriberen sarrera hitzaldia: ‘Käsmuko hilarriak. Poesia garai globalean’, euskal musikarien bira zein bidaiari euskaldunen ganeko mahai-inguruak, Roge Blascogaz elkarrizketa, ‘El Vasco de la Carretillari’ filmearen estreinaldia Euskal Herrian, kultur Arteko kontzertua: Karidadeko Benta eta Pata Negra, ‘21 paraleloa’ argazki erakusketea zein www.durangokoazoka.com webgunean txat saioak Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okabegaz.

Nabarmendu beharreko ekitaldiak dira ondokoak be: Felipe Arrese Beitiari omenaldia. Bertso saio berezia ‘Txapeldunek Txapeldunari’, ilustrazino tailerra eta Gerediaga Literatura lehiaketearen sari-banaketa ekitaldia: magia, bertso hip-hop eta break-dance

Beste alde batetik, Euskal Idazleen Elkarteagaz alkarlanean, Esloveniako literaturea gonbidatua izango da aurten.

Gerediaga Elkarteak 41. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan ‘Durangoko Argizaiola omen-saria’, euskerearen eta euskal kulturearen ale egindako lana goraipatzeko, berba bitan, esateko, ‘gauean argi’ izan ziranei eskerrak emoteko pentsautako saria, Jakin Aldizkariari emongo deutso, 50. urteurrenean.

Gerediaga Elkarteak urteko argitalpenen katalogoa osotu eta ohikoa dan legez azokarako aldizkari berezia argitaratu dau. Eta aurten, lehenengoz, telebistarako iragarkia egin dau.


Informazino gehiago:

www.gerediaga.com
www.durangokoazoka.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu