bbk-ren Literatura Eskolea 06/07

Bbk 2006-10-04 02:00   Kulturea

Literatura Eskolea 2002ko urrian jarri eban abian Larrabetzuko bihotz bakartien klubak. Orduan irakurten ikasi gura genduala aldarrikatu genduan, jakin gura dogula nork noiz non zer zergaitik eta zertarako idatzi eban.

Literatura Eskolea 2002ko urrian jarri eban abian Larrabetzuko bihotz bakartien klubak. Orduan irakurten ikasi gura genduala aldarrikatu genduan, jakin gura dogula nork noiz non zer zergaitik eta zertarako idatzi eban. Orduan best-sellerrek ez gintuela asetzen oihukatu genduan, munduko literatura argitaletxe boteretsuenen ilunpeetatik argitara ekarri behar genduala, ez dogula onartuko zer irakurri behar dogun esango deuskun ebazpen ofizialik. Horri, besteak beste, geritxan irakurlearen parte hartze aktiboa.

Larrabetzun hasi ginan batzen, hilean behin, zapatu goizez, 30-35 literaturazale. Gaiak aukeratzeko erispideak danon artean zehaztu genduzan, aho batez: Euskal literaturea munduan eta mundua euskal literaturan; Aitzol, Orixe, Lizardi, Lauaxeta, Vladimir Maiakovski eta Aime Cesaire, euskerazko literatura aldizkariak, literaturea eta kazetaritzea, euskal antzerkia, Gabriel Aresti, Silvia Plath, Joseba Sarrionandia, Penando Amezketarra eta Metxa, AEBetako literatura baltza, Bernardo Atxaga...

Ikasturtez ikasturte aurrekoetan ikasitakoa osotzen ahalegintzen gara. Baina ez dira gaiak osotu gura ditugun bakarrak, ikuspegiak be osotu gura ditugu eta orain arte Larrabetzu bilgune izan dauen Eskoleak Hernanin, Oreretan, Gasteizen, Iruñean, Azpeitian, Senperen, Lazkaon eta Larrabetzun zabalduko ditu ateak. Honenbestez, 06/07ko Literatura Eskolea ondoko herri eta taldeen ekinbidez gauzatuko da:

- Larrabetzu: bihotz bakartien kluba
- Hernani: Natza elkartea
- Orereta: Mikelazulo elkartea
- Gasteiz: UEUko literatura saila
- Iruñea: Euskaldunon Biltokia
- Azpeitia: Uztarria euskara elkartea
- Senpere: Hatsa elkartea
- Lazkao: Goierriko kastak

Euskal Herrian literatureagazko zaletasuna kutsarazoten ahalegintzen garen batzuk batu gara, batzuk, gu.

Eskolak hilean behin izango dira, urritik bagilera, zapatu goizetan, 10:00etatik 14:00etara. Eskoletan parte hartzeko aukera bat baino gehiago egongo da: urte osorako izena emonda zein norberari interesetan jakozan eskoletara joanda. Hori bai, azkena aukeratzen dauenari gitxienez astebete lehenago jakinarazoteko eskatuko deutsagu.

  • Izena emotea

arrekikili@gmail.com helbidera idatzi eta jakinarazo: deiturak eta hartu-emonetarako telefono zenbakia.

Ikasturte osorako

- Epea: urriak 20
- Matrikulea: 10 €

Eskola jakin baterako

- Epea: Eskola eguna baino astebete lehenago.
- Matrikulea: 10€

  • Literatura Eskolearen bloga

www.larrabetzu.org/literatura blogean Literatura Eskola 06/07ri buruzko barri guztiak jasoko dira. Bertan egongo dira eskola egunak, gaien inguruko informazinoa eta irakurgaiak, eskoletan gertatzen danaren kronikak, hizlariei buruzko xehetasunak eta orohar Eskoleagaz zerikusia dauen guztia, edo ia.

Kontuak kontu, danetara, 9 hitzordu izango dira. Lehenengoa eta azkena Larrabetzun. Urriaren 28an izango da lehenengoa. Gaia: ‘Kanturako testuak’. Hizlariak: Joseba Tapia, Koldo Izagirre... Azkena, barriz, bagilaren 16an. Gaia: 'Literaturea eta kanonak'. Hizlariak: Iratxe Retolaza...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu