Nork pagauko dau kanona?

Gotzon Plaza Informatikoa 2006-08-18 02:00

‘Ley de Propiedad Intelectual’ deritxana erreformau egin da eta alde bietako ikuspuntuak guztiz kontrakoak dira. Alde batetik SGAE pozik dago baina, bestetik, erabiltzaileen alkarteak sortutako www.todoscontraelcanon.es webgunea topauko dogu.

‘Ley de Propiedad Intelectual’ deritxana erreformau egin da eta alde bietako ikuspuntuak guztiz kontrakoak dira. Alde batetik SGAE, egile edo artisten eskubideak zaintzen dituan erakundea poz-pozik dago euren planteamentuak kontuan hartu diralako, batez be, pirateoaren aurkako neurriak. Bestalde, erabiltzaileen alkarteak ez dagoz bape ados eta adibide moduan hor dago www.Todoscontraelcanon.es webgunea. Bertan 500.000 sinadura baino gehiago batu dira eta guztiak helburu bardinagaz: legearen erreformearen aurkako jarrerea adierazoteko, batez be kanonaren (zergearen) kontrakoa. Euren helburua zera da: irailean, Kultura eta Industriako Ministeritzako arduradunakaz batzea euren kontrako jarrerea azaltzeko. Zergeaz gan, zergea zelan ezarriko dan be eztabaidagaia da.

Internauten alkarteen esanetan, arazoa garbia da: holako legeak ez dira gaurko aro teknologikora egokitu.

Legearen arabera, artisten eskubideak daukiezan lanak grabetako erabilten diran aparatuen egileek kanona ordaindu behar dabe. Zenbat eta zelan, oraindino zehaztu barik dago baina holako aparatuon egileak arduratuta dagoz, kanona pagau behar badabe produktuak garestitu egingo diralako. Bildurra honako kontuaren ganean daukie: kanona produktuen memoriaren araberakoa izatea. Hau da, zenbat eta kapazidade gehiago, orduan eta kanon garestiagoa.

Baina horrek beste arazo batera eroaten gaitu: holako produktuek (MP3ak, berbarako) urtero edo sei hilabetero euren kapazidadea aldatzen dabe.

Espainia mailan, holako produktu gehien saltzen dituan enpresea, Supratech, arduratuta dago. Pasa dan urtean 520.000 ale saldu ebazan (aurreko urteko kopurua bikoiztuz) eta aurtengo helburua 600.000 ale saltzea da. Eta zera dinoe: pentsau daigun Giga erdi bakotxeko 5 euroko kanona jarri dala legearen arabera. Holako MP3 bategaitik 100 € pagau behar baziran urtarrilean, orduan kanona prezioaren % 5 izango litzateke. Baina apirilean, prezio berean, Giga biko produktuak plazaratu ziran eta gaur Giga bikoak merkeago dagoz. Orduan, kanona prezioaren % 20 izango litzateke? Horrela bada, produktua egiteagaitik eta saltzeagaitik enpresek atarako daben etekina gero eta txikiagoa izango da. Eta etekinak mantendu gura badira, prezioa igon beharko dabe.

Baina egileen eskubideak defendiduten dabezan alkarteek dinoe hori dala euren eskubideak bermatzeko bide bakarra. Artisten lanak kopiau egiten dira, bai, baina egilearen eskubideak (diru eskubideak) mantendu egin behar dira.

Argudio horren kontra inortxok ez dauka ezer baina beste gauza batzuk be kontuan hartu behar dira: musika CD bakotxagaitik, musikearen egileak (artisteak) % 6 baino ez dau kobrauko eskubideetan. Eta orduan, galderea hurrengoa da: nora doa beste % 94a?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu