Haur Dramaturgiaren V. Sari Iberoamerikarra

Bizkaie! 2006-08-08 02:00   Kulturea

Umeen artean antzerki-literaturearen sormena bultzatzeko asmoz eta arlo horretan egon daitekezan proposamen barrien garapenean laguntzeko antolatu dabe sariketea.

Umeen artean antzerki-literaturearen sormena bultzatzeko asmoz eta arlo horretan egon daitekezan proposamen barrien garapenean laguntzeko, Antzerkiko Sormen eta Ikerketarako Batzorde Iberoamerikarrak eta Bilboko Txotxongilo Arteetarako Dokumentazino Zentroak ‘Haur Dramaturgiaren V. Sari Iberoamerikarra’ sariketarako deialdia egin dabe.

Iberoamerikako egile guztiek parte hartu ahal izango dabe, jaiotza herrialdean bizi ala ez. Lanak argitaratu edota estreinau bakoak izango dira; gaia librea, antzokian aktoreek edo txotxongiloek antzezteko modukoa; eta, haur ikus-entzuleei berenberegi zuzenduta.

Egileek euren lanak gaztelaniaz edo beste hizkuntzaren batean idatzi ahal izango dabez, beti be gaztelaniazko itzulpena aurkeztuta.

Lanen hiru kopia bialdu behar dira abuztuaren 1etik urriaren 15era bitartean, Bilboko Txotxongilo Arteetarako Dokumentazino Zentrora. Testuak sinatzeko goitizen, goiburu edo pasahitza erabiliko da eta, horregaz batera, egilearen datuak (izena, helbidea eta biografia laburra).

Sariei jagokenez, 1.200 euroko sari bakarra emango da, plaka oroigarriagaz. Ostean, Bilboko Txotxongilo Dokumentazino Zentroak lana argitaratuko dau.

Epaimahaia batzordeak aukeratuko dau, antzerkiaren arloan edota haur literaturan ezagunak diran personen artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu