Bizkaiko Diputazinoak Arrigorriagan zabalduko dau gaur Ertibil 2006 erakusketea
2006-06-19 02:00 KultureaBizkaiko Foru Aldundiko Kultur Sailak gaur jarriko dau martxan, Arrigorriagan, Ertibil egungo artearen erakusketa ibiltaria. Ekimenaren helburua artista gazteak sustatzeko plataforma bihurtzea da.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Sailak gaur jarriko dau martxan, Arrigorriagan, Ertibil egungo artearen erakusketa ibiltaria. Ekimenaren helburua artista gazteak sustatzeko plataforma bihurtzea da.
Foru erakundeak prentsa-ohar bidez jakinarazo dauenez, Arrigorriagako erakusketa aretoan hasiko da Ertibil erakusketearen aurtengo edizinoa, eta bagilaren 30era bitartean izango da ikusgai bertan. Ondoren, urtea amaitu arte, Arrigorriaga, Gorliz, Bilbo, Portugalete, Basauri, Gernika, Barakaldo, Zornotza, Muskiz eta Santurtzi bisitauko ditu erakusketeak.
Ertibil ekimenak 23 urte bete ditu aurten. Aurtengo edizinoan, 20 artisten lanak erakutsiko ditu; Diputazioak eginiko deialdira 131 artista aurkeztu ziran danetara, 146 obrakaz.
Aukeraturiko artista guztiek dirua jasoko dabe eta euren obrak Bizkaian zehar erakusteko aukerea izango dabe. Era berean, 20 artista horreen artean, hiruk sari bereziak lortu dabez: 3.600 euro Lide Kaltzadak, 2.700 euro Koldo Etxebarriak eta 2.100 euro Carmelo Camachok.
Alfonso Gortazar pintoreak eta EHUko Arte Ederretako irakasleak, Jose Angel Lasa eskultoreak eta EHUko Arte Ederretako irakasleak, Pilar Mur Bizkaiko Foru Aldundiko Rekalde aretoko zuzendariak, Daniel Tamayo pintoreak eta EHUko Arte Ederretako irakasleak eta Javier Viar Bilboko Arte Eder Museoko zuzendariak osatu dabe artistak aukeratzeko epaimahaia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!