Dirua non, zergak han
2006-06-09 02:00Alain Lamassoure eurodiputadu frantziarrak proposamen bitxia egin dau: eskuko telefonoen SMS mezuei zergea jarri.
Azkenean ez dau aurrera egin baina ideia bera ‘bitxia’ dala esan daiteke.
Bruselako politikoak beti dagoz arduratan. Europako aurrekontua eskasa dala dinoe eta diru gehiago behar ei da proiektu guztiak aurrera eroateko. Eta orain inoiz baino gehiago, ekialdeko herriak Europako Batasunera sartzeko asmoa daukielako eta diru piloa behar da euren azpi-egiturak hobetzeko, ekonomia zuzentzeko eta Europako Batasuneko beste herrien parean jarteko.
Arazoza zera da: non eta zelan lortu diru ‘extrak’? Herrialde bakotxak kuota bat pagetan deutso Bruselako kutxeari baina beti dagoz arazoak nork eta zenbat pagau behar dauen erabagiteko orduan.
Holako batean, Alain Lamassoure eurodiputadu frantziarrak proposamen bitxia egin dau: eskuko telefonoen SMS mezuei zergea jarri. Egia esan, zerga hori ez litzateke kontsumilatzaileen boltsilora sartuko, telefono-enpresen kontura baino. Igorten dogun SMS bakotxagaitik 15 zentimo kobrauten deuskue eta diru horretatik 1,5 zentimo zerga moduan izango lirateke Alain Lamassoure-ren proposamenaren arabera. Ez da diru asko baina zenbatzen badoguz zenbat miloe SMS bialtzen diran urtero, azken kopurua polita baino politagoa izan daiteke.
Baina proposamen horregaz batera, beste bat be egin eban, ostean atzera egin arren: bialtzen dan mezu elektroniko bakotxeko 0,00001 zentimo euro kobretea.
Interneteko foroetan, ideion kontrako jarrerea dago. Oraindino ez dira modu ofizialean aurkeztu Europako Parlamentuan. Parlamentari frantziarrak udagoienerako aurkeztu beharko dau informea eta bertan azalduko dau Europako Batasunarentzat proposatzen dauen finantziazino-sistemea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!