Freddy Krueger izango da Fant Jaialdiaren kartelean protagonista

Bizkaie! 2024-02-07 10:19   Zinemea

Pre-Fant zikloak A Nightmare on Elm Street filma proiektauko dau.

Bilboko Udalak Freddy Krueger personaje mitikoa aukeratu dau maiatzaren 3tik 11ra atonduko dauen XXX. FANT – Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren kartelean txertatzeko.   

Aurten, aurreko edizinoetako arlo grafiko berari jarraituz, Zinemaldiak fantasiazko zinemako personajerik mitikoenak ikusarazo nahi izan ditu. Horren bestez, Pesadilla en Elm Street pelikulako protagonistea agiri da  kartelean: Bildurrezko zinemearen ikono handienetariko bat, Freddy Krueger, Robert Englund aktoreak antzeztua.

1, 2 Freddy zeure bila dator. 3, 4 itxi atea. 5, 6 kurutzea hartu. 7, 8 izartuta egon. 9, 10 ez dozu lo gehiago egingo, abesten eben Wes Cravenen pelikulan zinemako neskarik tetrikoenek, David Cronenberg eta John Carpenter zuzendariakaz batera, egungo bildurrezko zinema ulertzeko oinarrizko zinemagileetako bat dan filman.

Elm Street kaleko nerabeen amesgaiztoetan sortzen zan pertsonaia beldurgarria (1963an John Kennedy presidentea hil eben bidearen izena), Freddy Krueger, amesen munduan sartzen zan gazteak hiltzeko.

Aurten, filmaren estreinaldiaren 40. urteurrenagaz bat eginez, Trick Or Treat Studios-en (atrezzo zinematografikoan eta efektu berezietan aditua dan estadubatuar etxea) maskarearen, eskularruaren eta kapelaren erreplikak erabili dira.

Pre-Fant proiekzinoa

Kartela inspiretan dauen filma gaztelaniazko azpitituluakaz ikusi ahal izango da, jatorrizko bersinoan, aurtengo PreFANT zikloaren lehen proiekzino bezela, datorren eguenean, hilak 15, arratsaldeko 19:30ean, Golem-Alhóndiga zinema-aretoetako 1. aretoan. Sartzea doban izango da, eta aldez aurretik jaso beharko da leihatilan, egun berean, 16:30etik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu