Urtarrilaren 24an hasiko da 17. Huhezinema

Bizkaie! 2024-01-19 08:29   Zinemea

Paul Urkijo, Mattin Aierbe eta Asier Renteria zinemagileen masterclassak eskainiko ditue.

2024ko Huhezinemaren lantaldea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Aretxabaletan urtarrilaren 24tik 26ra Euskal Film Laburren jaialdiaz gozauko dogu. Egitarauan, zinema-aretoko jarduerez harago, beste hainbat ekintza be izango dira, besteak beste, Jasan Taldearen eta DJ Rosamariren saioak Aretxabaletako kaleetan zehar.

Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea (Huhezi) da jaialdiaren antolatzailea. Esangura horretan, 4. mailan dagozan ikus-entzunezko komunikazino graduko 14 ikaslek atondu dabe, Iban del Campo (jaialdiaren koordinatzailea eta zuzendari artistikoa) laguntzinoari esker.



Egitaraua

Urtarrilaren 24tik 26ra izango dan Euskal Film Laburren jaialdian, 21 film labur eta 10 bideoklipen proiekzinoak, sari banaketak, kontzertuak eta hainbat masterclass ikusteko aukerea egongo da Aretxabaletako Arkupe aretoan. Horrezaz gan, Jon Elizegiren masterclass-a, ikus-entzunezko fakultateko platoan egingo da.

Urtarrilak 24an, eguaztena, hirugarren urtez Ikasle Saila egingo dabe, euskal zinema eskolatako ikasle guztiei zabaldu dabena. Eguna, Paul Urkijo eta Mattin Aierbe adituen Masterclassegaz hasiko da. Arratsaldean, ikasleen saileko film laburrak ikusi ahalko doguz. Azkenik, poteo baten bidez itxierea emongo deutsee egunari.

Urtarrilaren 25ean, eguena, Bideoklip Sailen proiekzinoak ikusi ahal izango dira. Horren ostean, Bihotza negar bideoklipa estreinauko dabe. Ondoren, Asier Renteriaren eskutik, masterclassa egongo da bertaratzen diranentzat. Eguna amaitzeko, Jasan taldearen kontzertua egongo da (Arkupen).

Urtarrilaren 26a, barriz, jaialdiaren egun garrantzitsuena izango da. Arratsaldean ekingo deutsee egitarauari, sail ofizialaren proiekzinoegaz. Sail ofizialerako hautatuak izan diran 10 film laburren emonaldiegaz hasiko dabe, hiru zatitan banatuta, tartean atsedenaldi bi eginez. Finalera iristea lortu daben filmen zuzendari gehienak bertan izango dira lanak aurkezten. Proiekzinoak amaitzean, arratsaldeko 19:30ean, sariak emongo ditue. Ondoren, Ausolanen eskutik luncha egongo da. Jaialdiari agur esateko, DJ Rosamariren zuzenekoa ikusteko aukerea izango da.

Ekintza guztiak doban izango dira, eta jaialdian zehar, Albina Sturdust, Kepa Errasti, Ane Urresti eta Iker Mateo ibiliko dira aurkezle lanetan.

Egitaraua, egunez egun

- Urtarrilak 24

  • 11:00: Paul Urkijo (Masterclassa).
  • 13:30: Mattin Aierbe (Masterclassa).
  • 16:00: Ikasle Sailaren proiekzinoa I.
  • 18:00: Ikasle Sailaren proiekzinoa II.

- Urtarrilak 25

  • 16:30: Bihotza negar Bideokliparen estreinaldia.
  • 17:00: Asier Renteria (Masterclassa).
  • 18:30: Bideoklip Sailaren proiekzinoa.
  • 20:00: Jasan Taldearen kontzertua.

- Urtarrilak 26

  • 15:00: Sail Ofizialaren proiekzinoa I.
  • 16:30: Sail Ofizialaren proiekzinoa II.
  • 18:00: Sail ofizialaren proeikzinoa III.
  • 19:30: Sari banaketea.
  • 20:30: Lunch-a.
  • 21:00: DJ Rosamari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu