Donostia Zinemaldia, estaduko laugarren kultura-ekimen nagusia

Bizkaie! 2024-01-18 09:36   Zinemea

Guggenheim Bilbao Museoa bosgarren postuan kokatu dabe.

Estaduko kulturearen 2023ko egoerari buruz egin daben azterketearen emaitzak jakinarazo ditu Contemporánea Fundazinoaren Kulturearen Behatokiak. Halanda ze, igazko estaduko laugarren kultura-ekimena izentau dabe barriz be Donostia Zinemaldia.

Zerrenda horretako laugarrena da Donostia Zinemaldia, Prado Museoaren, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalaren eta Thyssen-Bornemisza Museoaren atzetik. Guggenheim Bilbao Museoa eta Madrilgo Errege Antzokia bosgarren eta seigarren postuetan dagoz, hurranez hurran. Era berean, Donostia Zinemaldia Euskadiko zerrendaren lehenengo postuan dago barriz.

Horrezaz gan, Euskadi da kultura-eskaintzearen kalidadeari eta barrikuntzari jagokenez balorazino handiena jaso dauen hirugarren autonomia-erkidegoa, Madrilgo Komunidadearen eta Kataluniaren atzetik. Donostia zazpigarren uri baloratuena da, kalidade eta barrikuntza kulturalari jagokenez, eta lehena, 300.000 biztanletik beherako urien artean.

Sektorearen egoera aztertzeko, joerak analizatzeko, eztabaida sustatzeko eta gabeziak zein aukerak identifikatzeko tresna da Kulturaren Behatokia. 2009. urteaz geroztik, kulturearen arloan garrantzi handiena izan daben erakundeak eta gertaerak aztertzen ditu. Azken galdetegian, 414 lagunek parte hartu dabe (% 46,5 erakunde kultural publiko bateko langileak dira; % 17,4, erakunde kultural pribatu batekoak eta % 36,1, sektoreko profesional independenteak).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu