Euskal Zinemea indartu egin da 2023an

Bizkaie! 2024-01-10 13:05   Zinemea

Euskal film ikusiena Irati izan zan.

2022 urteagaz alderatuz, 2023an, EAEko zinemen diru-bilketea %40 hazi da, eta ikusleen kopurua, barriz, %34. Beraz, aretoak sendotu egin dira pandemiaren urte gogorren ostean. 2019ko zifra bikainegaz konparatuz, euskal zinemak 28,1 milioi euro batzetik 23,7 milioi euro batzera pasatu dira, eta 4,7 milioi ikusle izatetik 3,6 milioi ikusle izatera.

Comscore-k emondako datuetatik abiatuz, 2019a batez besteko urtetzat hartzen badogu, 2020an 3,3 milioi ikusle galdu ziran pandemia baino lehen aretoetara joaten ziranegaz alderatuta. 2021ean 2,7 milioi ikusle gehiago galdu ziran, eta 2022an beste 2 milioi. Guztira, 2019tik 2022ra metatutako zifraren arabera, 8 milioi ikusleren galera izan da Euskadin.

Zorionez, 2023an joera hori lehengoratzen hasi da. Berreskuratze horretan berebiziko garrantzia izan dabe Irati eta 20.000 especies de abejas lako euskal filmen estreinaldiek, eta Upon Entry eta Las buenas compañías lako beste batzuen emaitza onek, aurreikuspenak gaindituz.

Film arrakastatsuenak Euskadin

2023an Euskadin arrakasta gehien izan daben 10 filmak ondoko honeek dira, hurrenkera honetan: Barbie; Avatar: El Sentido del Agua; Super Mario Bros. La película; Oppenheimer; Campeonex; Ocho Apellidos Marroquís; Irati; Elemental; Napoleon eta Fast & Furious X.

Hain zuzen be, garagarrilean estreinautako Barbie filmak 1,3 milioi euro eta 210.000 ikusle batu zituan euskal aretoetan; eta 2022aren amaierean estreinautako Avatar: El Sentido del Agua lanak 1,14 milioi euro eta 157.000 ikusle lortu zituan. Hirugarren ikusiena, Super Mario Bros. La película, apirilean estreinau zan eta 1,11 milioi euro eta 176.000 ikuslegaz.

Euskal film ikusiena Irati izan zan. Zezeilean egin eben estreinaldia, eta zerrenda orokorreko zazpigarren postuan dago, 549.000 euro eta 90.000 ikusleegaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu