'Eres Tu': De Mocedades a el Consorcio'

Bizkaie! 2023-12-19 08:22   Zinemea

Dokumentalaren mundu mailako estreinaldia 2024ko urtarrilaren 1ean izango da.





Filman Victor Manuel, Leire Martínez (La Oreja de Van Gogh) eta Rosa León abeslariek parte hartzen dabe eta dokumentalaren mundu mailako estreinaldia arratsaldeko 20:00etan izango da. TVEk be emongo dau laster.

Zesatenjuenaz produkzino etxeak ETBrentzat eta TVErentzat egindako lan honek azken 50 urteetako euskal musika-talderik ikonikoenaren historia irudikatzen dau. Mundu osoan ospetsuak, Eurovisionen bigarren geratu ondoren Eres tú abestiagaz, Mocedades nahiz El Consorcio taldeetako kideek (Iñaki Uranga, Amaia Uranga eta Estibaliz Uranga, Carlos Zubiaga eta José Ipiña), mende erdi batez isilpean gordetako zehetasun eta pasadizo personalak kontetan ditue dokumentalean (pozak, desadostasunak, ondoetorriak, agurrak, talde barrien sorrerea...) eta, esangura horretan, dokumentalak taldekideak orain arte inoiz ikusi ez ditugun moduan erakusten deuskuz.

Kontakizun honetan parte hartzen dabe eurekaz lan egin daben musikari eta profesionalek, senide eta lagunek, jarraitzaile espainiar eta latinoamerikarrek, Leire Martínez, Víctor Manuel, Rosa León, Anne Igartiburu eta Mayra Gómez Kemp aurkezleek, Jon Aramendi kazetariak, Oscar Gómez eta Emilio Santamaría produktoreek eta Allende eta Maria Blanco, Sergio eta Estibalizen alabeak.

Istorio honetako protagonisten adierazpenak RTVEko eta ETBko funtsetatik eta taldeko kideen artxibo personaletatik ataratako artxiboko irudiakaz osotzen dira; holan, muntaian kontzertuak eta familia eremuko eszenak batun ditue. Dokumentala batez ere Bilbon grabau da, protagonisten jaioterrian, bai Alde Zaharreko kaleetan, bai Jazzon Aretoan be.

Dokumentala Lorea Pérez de Albenizek zuzendu dau, Laura Gonzálezen gidoiagaz. Juantxu Beloki argazki zuzendaria izan da eta Xanti Salvador soinuaren arduraduna. Goiuri Aldekoa-Otalora Produkzino zuzendaria izan da. Filmak RTVEren eta EiTBren parte-hartzea dau eta Bilboko Udalaren babesa.


Lorea Pérez de Albéniz

Informazino Zientzietan lizentziaduna da (EHU 1997). 25 urte baino gehiagoko esperientzia dau zuzendari, gidoilari eta erredaktore lanetan eta zinema eta telebistarako hainbat ikus-entzunezko proiekturen buru izan da (historikoak, dibulgazinokoak eta entretenimenduzkoak). Film Sozialak, Zinema Ikusezinaren Nazinoarteko Jaialdian zuzendari onenaren izentapena jaso eban Itsasoari Begira dokumentalagaitik. Goazen Gudari danok dokumentalean gidoilari legez egindako lanari Lauaxeta saria emon eutson Sabino Arana Fundazinoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu