Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala zapatuan jokatu da

Bizkaie! 2023-12-12 13:37   Bertsolaritzea

Bilbao Arenan izango da, 17:00etatik aurrera.

Abenduaren 16an, zapatuan, jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen finala. 17:00etan hasiko da, Bilbao Arenan, Bilbon. Ondoko honeek dira  finalera heldu diran zortzi bertsolariak:

  • Aissa Intxausti Aburruza.
  • Aitor Etxebarriazarraga Gabiola.
  • Gorka Pagonabarraga Agorria.
  • Jone Uria Albizuri.
  • Nerea Ibarzabal Salegi.
  • Oihana Bartra Arenas.
  • Onintza Enbeita Maguregi.
  • Xabat Galletebeitia Abaroa.

Finalera heldu aurretik ibilbide luzea egin dau Bizkaiko Txapelketeak. 2023ko maiatzean jokatu zan Udabarria Bertsotan, Txapelketako sailkapen fasea, eta urriaren 1ean hasi zan txapelketea.

Udagoienean 6 kanporaketa jokatu dira eta 36 bertsolarik parte hartu dabe horreetan. Finalaurrekoetan 7 bertsolari egon dira zan, 2021eko finaletik zuzenean sailkatutakoak hain zuzen be, eta kanporaketetatik sailkatutako 11ekin batuta, guztira 18 bertsolarik abestu dabe finalaurrekoetan. Horietatik, zortzi heldu dira finalera.

Talde teknikoari jagokenez, zapatuko finalean Zihara Enbeita Gardoki eta Beñat Vidal Gurrutxaga ibiliko dira gai-jartzaile beharretan. Epaileak, barriz, hurrengoak izango dira: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Ander Txakartegi Basterretxea, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari lanetan, Itziar Basterretxea Olarreaga ibiliko da.

Egin beharrekoak

Finalak atal bi izango ditu. A atala zortzi bertsolarik jokatuko dabe. B atala, barriz, puntuazino altuena daben bertsolari biak jokatu dabe. Atal biak batuta, puntuazino altuena lortzen dauen bertsolariak jantziko dau txapela.

- A atalean:

  •  Zortziko nagusian, hiruna bertso ofizinotan.
  • Zortziko txikian, hiruna bertso ofizinotan.
  • Puntua emonda bertso bi zortziko txikian
  • Hamarreko txikian, hiruna bertso ofizinotan.
  • Bakarkako lana: Gaia emonda, hiru bertso doinu eta neurri librean.

- B atalean:

  • Zortziko txikian, hiruna bertso ofizinotan.
  • Seiko motzean hiruna bertso ofizinotan.
  • Ganbarako lana: gaia emonda hiru bertso doinu eta neurri librean.

Sari emoileak: 40 urteko bilakaera

Aurton, 40. urteurrenaren ospakizunaren baitan dago Bizkaiko Bertsozale Alkartea. Halanda ze, sari emote protokoloa be horren baitan joango da, eta alkartearen historiaren parte izan diran kideek emongo ditue sariak; Joserra Bilbao, Unai Iturriaga, Leire Markuerkiaga, Idoia Anzorandia, Goizalde Atxutegi eta Ander Elortegik hain zuzen be. Sari emoileek, Unai Gaztelumendik finalista bakotxari egindako marrazki bana emongo ditue. Aginte makila, barriz, Bizkaiko Bertsozale Alkartearen izenean, Belate Olabarria lehendakariak emongo deutso irabazleari.

Azken sari bat emongo dau Nerea Bruñok Euskal Herriko Bertsozale Alkartearen izenean: Eamun Mendibelandaren artelan bat.

Finalerako oharrak

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak finalera garraio publikoan joateko gomendioa luzatu nahi dau:

  • Bilbao Arenara joateko, Bilbora garraio publikoak eskaintzen dituaan ohiko bideak erabili behar dira.
  • Bilboko Metroan joanez gero, Alde Zaharreko geltokian jaitsi behar da, eta Unamunoko atetik urten. Handik Miribillara oinez hamar minutu-ordu laurden dagoz.
  • Bestalde, zeinbait udal zein bertso eskolek autobusak atondu ditue herrietatik finalera joateko. Horreek erabiltzea be aholkatzen dau antolakuntzak.

Bilbao Arenako ateak 15:30ean zabalduko dira. Bizkaiko Bertsozale Alkarteak sasoiz joateko gomendioa egin gura deutsee bertsozaleei, jende asko batuko dalako eta azken orduan trabarik ez egoteko.

Gurpildun aulkian dagozen bertsozaleek, aurretiaz antolakuntzari jakinarazoz gero, nondik sartzea komeni dan adierazoten daben oharrak jasoko ditue. Horretarako bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus helbidera idatzi.

Bestelako oharrak

  • Sarrera bakotxak bere kodea du eta, beraz, sarrera bardinagaz ezingo da persona bat baino gehiago sartu.
  • Areto barruan ezin da ez jan ez eran, beraz, ezin da areto barrura ezer sartu.
  • Emergentzia kasuren bat balego, atontzaileek emondako oharrei kasu egin.
  • Bilbao Arena aretoan ezin da erre.
  • Bertsolariek mugimendu guztiak sumatzen ditue oholtzatik. Beraz, mobidu behar izanez gero, itxaron bertsoaldia amaitu arte.

Sarreren salmentea

Finalerako sarrerak eskuratzeko bideak, ondoko horiek dira:

  • www.bertsosarrerak.eus orrian zapatu goizera arte.
  • Sarrerarik geratu ezkero, zapatuan bertan, Bilbao Arenako txarteldegian: 15:00etatik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu