Begoña Iturrizak jantziko deutso txapela Bizkaiko txapeldunari

Bizkaie! 2023-12-08 08:03   Bertsolaritzea

Bizkaiko Bertsozale Elkartearen sorrerako kide izan zan Iturriza, 1980ko hamarkadan. 

Begoña Iturriza Zabala. | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurten, alkartearen 40. urteurrenaren barruan, sorrerako kideen beharrari autortzea egin gura deutsegu, 40 urteko ibilbideari hasierea emon eutsenei eskerrak emon eta beren beharra ikusarazoteko erabagia hartu dogu eta, horren erakusle, Begoña Iturriza Zabala aurtengo txapelketako txapel emoile izatea.

1983an sortu zan egun Bizkaiko Bertsozale Elkarte legez ezagutzen doguna, Bizkaiko bertso-eskolek euren artean batzeko hartutako erabagiaren ondorioz. Haren lan eskergak bultzada handia emon eutson Bizkaiko bertso eta euskaltzaletasunari eta oso eskertuta gagoz eurek egindako bideari.

Horreen artean egon zan Iturriza bera be. Euskerea etxean jaso baeban be, gazte zala kasik galdu egin eban eta berau berreskuratzeko lagun izan eban bertsolaritzea. Santutxuko bertso-eskolan emon eban izena eta, ordutik, bertsoak ikasten zein irakasten ibili zan hogei urtez.

Bertso-eskolan, Bilbon eta inguruetako bertso saio eta ekitaldietan atontzaile be ibili izan da, beti be bertsoari lotuta. Urte luzez ibili izan da oholtzaren beste aldetik, gehienetan, inoiz gainean izan bada be: Gai-jartzaile zein bertso batzuk botaten be. 40 urte aurrerago, Iturrizak oso lotuta jarraitzen dau bertso munduari. Ohiko arpegia da txapelketan zein bertatik kanpo.

Bertsolaritzearen ingurumarietan bide oparoa eginda, jazoera bik markau dabe Iturrizaren ibilbidea. Batetik, 1982an, Basauriko Hamaiken kontrako epaiketea pil-pilean egoenean, kantaldi bat atondu eben Bilbon, emakume horreen alde; eta Iturriza izan zan oholtza gainean, Kristina Mardarasegz batera, eurei abesten. Bestetik, buruan dau 1987ko Araba-Bizkaia Bertsolari Txapelketan traskribatzaile lanak egin zituala: Bertso guztiak idatzi zituala, hain zuzen be. Garai haretan ez egoan bertsoen idazkerarako erispiderik eta, beraz, lan handia egin eban.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen finala abenduaren 16an izango da Bilbon. Hantxe ikusiko dogu Begoña txapeldunari txapela jazten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu