Imanol Agirre: 'Hasikera baten izan genduan amesetik hur dago aurtengo Loraldia'

Dabi Piedra 2017-03-06 14:05   Barriketan

Loraldiko zuzendari artistikoa

Euskal kulturearen erreferentziazko jaialdia izateko sortu zan Loraldia eta, hirugarren edizinora helduta, helburu hori lortzeko bidean da. Kultura garaikidea eta Bilbo dira jaialdiaren beste ardatzak. Asteon hasiko da Loraldia, martiaren 7an, Arriaga antzokian Ez Dok Hiru teatroak eskainiko dauen Euskal musikaren benetako istorioa lanagaz. Apirilaren 8ra arte, dozenaka ikuskizun eta topaketa antolatuko dira, Bilboko hainbat gunetan. Imanol Agirre Loraldiko zuzendari artistikoa pozik dago, proiektua sortu zanean euken asmoa gauzatzen dagoala ikusten dauelako.

 

1.- Dagoeneko hirugarren ekitaldira heldu da Loraldia. Zelako edizinoa izango da aurtengoa?

Jaialdi handia antolatzea lortu dogu. Lehenengo edizinoa asteburu bakarrean egin zan, igazkoa 16 egun izan ziran eta aurten hilabete osoa, 30 egun. Hasikera baten izan genduan amesetik hur dago aurtengo Loraldia: Hilabete osoko jaialdi handia, udabarriagaz lotua, hori zan asmoa. Egia da udabarria baino lehen hasiko garela, ze Aste Santuak marketan ditu Loraldiaren fetxak. Aurten lehentxuago hasiko gara.


2.- Ohiko moduan, aurten be eskaintzea askotarikoa izango da.

Uste dot ikusgarria izango dala, orain arte jorratu doguzan lerro artistiko guztiak erakutsiko ditu Loraldiak, hau da, arte disziplina guztiak. 150 artista baino gehiago pasauko dira oholtzetatik. Euskal kulturea ikusgarri jartea eta transmisinoa bultzatzea dira gure helburuak, hori guztia ikuspegi garaikide batetik, kultura modernoaren alde eginaz.


3.- Urterik urtera hazten joan da Loraldia, 2015etik hona asteburu batetik hilabetera pasau da. Arin hazi da ekimena, ezta?

Bai, eta hori lortu da babesle asko izan doguzalako eta erakunde publikoek gure nahian sinestu dabelako. Guk mahai ganean jarritako idea oso gustora hartu dabe erakundeek. Horri esker, Loraldia handi egin da. Horrek esan nahi dau, idea hau plazaratzean asmau egin dogula, udabarria, Bilbo eta euskal kultura garaikidea batzeko asmo hori idea ona izan dala uste dogu. Euskal Herrian hamaika jaialdi dagoz, baina gurea lakoak gitxi, formatuan asmau dogu.


4.- Loraldia heldu da neurri egokira, ala hurrengo edizinoetan hazten segiduko dau?

Egia esan, guk hilabete nahi genduan eta hirugarren edizino honetan lortu dogu. Nik uste dot hor geratuko garela, 30 egunen buelta horretan. Baina jaialdiak badauka nondik hazi. Guk esaten dogu etorkizuneko kulturea gaur eskaintzea nahi dogula eta, alde horretatik, badagoz oraindino arlo asko presentzia txikia daukienak gurean: Arte plastikoak eta disziplinen arteko fusinoak, esaterako. Fusino horretan sakondu behar dogu, adibidez bertsolaritzea eta literaturea buztartuta, edo jantzea eta zinemea. Badagoz lerro artistiko asko, esparru asko, sakontzeko. Baina iraupenean, nik uste 30 egun egokia dala. Aurten, gitxienez ikuskizun bat daukagu egunero, asteburuetan gehiago.


5.- Loraldia antolatzen dozuenok, hiru urteko bide honetan, zer ikasi dozue?

Alde batetik, ikusi dogu euskaldunen artean ikusle kopuru handia eta anitza dagoala. Aurreko edizino biak arrakastatsuak izan dira ikusleen kopuruaren aldetik. Igaz, esaterako, aretoen edukierearen % 70 bete genduan. Hor sekulako jentetzea mobilizau genduan. Aurten jente gehiago mobidutea espero dogu. Datu horreek lortu doguz danetariko eskaintzea dalako, ume, gazte zein helduentzat. Esaterako, musikan, aurten badogu musika klasikoa eta hip-hopa be bai.


6.- Bide horretan, zein erronka dozue oraindino bete barik?

Jakina, badagoz gauzak egiteko. Esaterako, esaten dogu jaialdi hau antolatzen dogula euskerea, eta euskeraz egiten dan kulturea, ikustarazoteko. Baina hori lortu behar dogu ez bakarrik euskaldunen artean, erdaldunakana be hurreratu behar dogu. Urteotan ikusi dogunez, badago publikoaren zati bat erraz mobiduten dana eskaintzea ona bada, baina zubilana egiten segidu behar dogu, eremu erdaldunetakoak erakartzeko gure kulturara.


7.- Alkarlana da Loraldiaren ezaugarrietako bat. Aurten ze kolaborazino nabarmenduko zenduke?

Askotan esaten dogu gure funtzionamendua nahiko horizontala dala, alkarlanean oinarritua. Aurten segiduko dogu aurreko urteetan hasitako alkarlan batzukaz, esaterako Azkue Fundazinoagaz, Elkarregaz edo Athletic Fundazinoagaz. Aurten, ganera, bide barriak zabaldu doguz. Hor dago Pabilioi 6, orain arte euskerearen munduagaz lotura txikia izan dau gune horrek eta Loraldiagaz alkarlanean hori aldatu egingo da. Garcia Lorcaren bizitzearen inguruko Aborigenak lana hor estreinauko dogu. Bestetik, Meatzaleak programeagaz be bat egin dogu. Azkuna Zentroaren programea da, baina alkarregaz antolatuko doguz saioak martian. Azkuna Zentroagaz hartu-emon estua dogu eta hori oso ona da, euskerea Bilboko erdigunean kokatzeko aukerea emoten deuskulako.

Beraz, hartu-emon barriak zabaldu doguz, eta aurreko urteetakoei eutsi deutsiegu. Berria egunkariaren Badok guneagaz lehenengo edizinotik izan dogu kontzerturen bat egiteko alkarlana, baina aurten Badok Eguna bihurtu dogu, egun osoan kontzertuak egongo dira. Bestetik, Guggenheim Museoak 20 urte beteko ditu aurten eta hori ospatzeko TopARTE ekimena ipini dau martxan, guk horretan parte hartuko dogu.


8.- Arriaga antzokiagaz be alkarlan oparoa dozue. Aurten Ez Dok Hiruren antzezlan barria estreinauko da han, Loraldiaren lehenengo egunean.

Bai, Arriagagaz beti izan dogu loturea. Aurten pausu txiki bat gehiago egin dogu, koprodukzinoan sartu garelako Arriagagaz. Hortik jaio da Strip-tease egitasmoa. Alkarlan hori sakontzen gabiz, Arriaga antzokiagaz zein Bilboko beste eragile askogaz.


9.- Strip-tease aitatu dozu, Loraldiaren koprodukzinoetako bat. Zelako proiektua da?

Hasikeratik jakin dogu Loraldiak motorra jarri behar ebala euskal kulturearen industrian. Motor horren ondorioa dira aurten aurkeztuko doguzan koprodukzino biak. Horreetako bat da Strip-tease. Arte eszenikoetako proiektu bat da, probokazino baten moduan aurkeztu genduan. Lau eszena zuzendariri (Jokin Oregi, Fernando Bernues, Mireia Gabilondo eta Garbi Losada) egin geuntsen enkargua, lau strip-tease egiteko. Strip-tease horreetan musikea egongo da, proiekzinoak, aktoreak... hainbat elementu batuko dira. Lau zuzendariak punta-puntakoak dira gaur egungo antzerkigintzan eta tarte bat egin deuskue euren agendan strip-tease hau sortzeko. Benetako strip-teaseen alboan, bestelako hausnarketa batzuk egongo dira, gogoeten bidez biluztuko dira.


10.- Beste koprodukzinoa Pete Seeger musikariari (1919-2014) egingo jakon omenaldia da, ezta?

Bai. Pete Seegerrek 1968an egin eban bisitaldi bakarra Euskal Herrira eta sasoi haretan Ez Dok Amairu egoan bete-betean gurean. Ba, Seegerrek sekulako eragina izan eban gure musikagintzan. Mikel Laboak, Benito Lertxundik, Xabier Letek eta abarrek hortik edan eben, Seegerren estilotik. Gero, euskal musikari askok egin ditue Seegerren kanten bersinoak eta halakoak. Horregaitik, ikusten genduan aukera polita zala omenaldi bat egitea eta Pete Seegerren musikea gurera ekartea. Harkaitz Cano ibili da Seegerren kantak moldatzen eta euskerara itzultzen. Lou Topet bandeak gidatuko dau omenaldia eta gonbidatu asko be egongo dira: Izaro Renteria Zea Maysekoa, gaur egungo ahots gazte esanguratsuenetako bat dan Izaro, Anje Duhalde historikoa... Joseba Irazokik kolaborazinoak egingo ditu bere instrumentuakaz.


11.- Lorazainak izeneko figura barria sortu dozue. Publikoak abantaila batzuk izango ditu lorazain bihurtu ezkero. Ze asmogaz sortu dozue figura barri hori?

Lorazainak dira euskal kulturea erein, jagon eta uztea jasoko dabenak. Berez, jaialdiaren lagunak dira lorazainak. Lorazain izan ezkero, hainbat abantaila lortuko ditu jenteak, esaterako sarrera merkeagoak edo zozketetan parte hartzeko modua. Komunidadea sortu nahi dogu festibalaren inguruan, eta komunidade horrek eragin daiala Loraldiak behar dauen oihartzuna.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu