Loraldiak 30 ekitaldigaz egingo deutso ondoetorria udabarriari
2017-02-13 12:51 KultureaMartiaren 7tik apirilaren 8ra bitartean, euskal kultureak hartuko ditu Bilboko hainbat gune, Loraldiaren 3. edizinoari esker.
Sortu zanetik hazten eta finkatzen dabilen jaialdia da Loraldia. Aurtengo edizinoak hilabete hartuko dau eta 30 ekitaldi programauko dira. Besteak beste, Loraldiak berak produzidutako lan bi aurkeztuko dira eta estreinaldiak be ez dira faltauko. Euskal sorkuntzearen disziplina guztietako eragileek bat egin dabe egitaraua atontzeko.
Bilboko Azkuna Zentroan egin da Loraldiaren 3. edizinoaren aurkezpena. Gune hori izango da jaialdiaren egoitzetako bat, baina ez bakarra: Arriaga antzokia, Guggenhiem Museoa, Itsas Museoa, Pabilioi 6 aretoa, Biba gunea eta abar dagoz zerrendan.
Jaialdi zabal eta askotarikoa izango da Loraldia, Goizalde Landabaso antolatzailearen esanetan. Euskal kulturearen inguruko horrenbeste artista eta eragile batzea ez da egunero ikusten dan zeozer, ganeratu dau. Izan be, egitarauko 30 ekitaldiak aurrera eroateko, 150 bat artistak parte hartuko dabe. Festibal handia plazaratzen gabizala uste dogu, adierazo dau Imanol Agirre Loraldiko zuzendari artistikoak.
Euskal unibersoko disziplina artistiko guztiak izango dira Loraldian, antolatzaileen esanetan. Martiaren 7an ekingo deutsie egitarauari, Ez Dok Hiru, euskal musikaren benetako istorioa antzezlanagaz. Umorea lagun, euskal musikearen errepaso berezia egingo dabe Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreek.
Loraldiak aurten dakarzan produkzino propio bietako bat, hain zuzen, antzerki arlokoa da: Fernando Bernuesek, Mireia Gabilondok, Jokin Oregik eta Garbi Losadak sortutako lau pieza labur dira Strip-tease lanaren oinarria. Martiaren 24an eta 25ean estreinauko dabe Arriaga antzokian. Bestetik, Pabilioi 6ko gazteen eskutik dator Lorca, Dalí, Buñuel, aborigenak antzezlana, Julio Vilarren bidaietan oinarritu da E, Petrel eta Logela Multimediak sortu dau Drag.e.
Jantzearen atalean, Mikel Laboaren ekarpena gogoan hartuko dau Dantzaz konpainiak Guggenheimen, martiaren 12an, eta Kukai jantza taldearen 15. urteurrena ospatzeko galea be Loraldiaren barruan dago.
Musikearen atalean, Loraldiak produzidutako beste obrea dago: Pete Seeger abeslariaren omenezko kontzertua. Martiaren 26an izango da, Arriaga antzokian, Lou Topet, Anje Duhalde, Aiora Renteria, Joseba Irazoki eta beste asko oholtzan dirala. Donostiako Musika Eskolako Orkestreak, Xabi Aburruzagak, Mikel Urdangairnek eta abarrek be lekua izango dabe egitarauan.
Beste alde batetik, Kirmen Uribek testu batzuk irakurriko ditu apirilaren 2an Guggenheimen eta Angel Unzuk musikea jarriko deutse. Ganera, ekitaldi horretan, Oihana Bartrak eta Alaia Martinek bertsoak botako ditue. Lutxo Egiaren gogoetak eta Iban Zalduaren azken liburua be berbagai izango dira Loraldian, Miren Amurizaren eta Kattalin Minerren azken lanak ahaztu barik.
Amaitzeko, zinemeak be tartetxua izango dau Loraldian. Batetik, Rene Le Hennaff frantziarrak errodautako Euskadi film laburra lehenengo aldiz erakutsiko da jente aurrean, martiaren 14an. 80 urtez galduta egon eta gero, Josu Martinezek berreskuratu dau zintea. Bestetik, Iratxe Fresnedak Mirentxu Loyarteren inguruan egin dauen dokumentala be ikusi ahal izango da, hil horren 30ean.
Euskal kultura moderno eta barritzailea batuko dau, hortaz, Loraldiak, Imanol Agirrek azpimarratu dauenez. Euskal kulturearen loraldia aldarrikatu eta udabarriari ondoetorria egiteko aukera aproposa dala esan dau Goizalde Landabasok, kulturearen kolpeakaz izartuko dogu udabarria. Kulturea maite dauen edonork bere neurriko zeozer topauko dauela dinoe antolatzaileek.
Ikuskizunetarako sarrerak salgai dagoz Loraldiaren webgunean (hemen), baita ekitaldiak hartuko dituen areto eta antzokietan be. Ganera, aurten Lorazainaren figurea martxan jarri dabe antolatzaileek, jaialdiaren inguruko komunidadea sortzeko asmoz. Lorazainek Loraldiari lagunduko deutsie eta, trukean, deskontuak izango ditue sarrerak erosteko orduan.
Egitaraua, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!