'Euskal musikaren benetako istorioa' estreinauko dau Ez Dok Hiru bikoteak Arriagan
2017-02-28 13:54 KultureaPatxo Telleriak idatzitako testuan oinarrituta dago antzezlana. Martiaren 7an eta 8an emongo dabe Bilboko Arriaga antzokian, Loraldiaren barruan.
Ez Dok Hiru aktore bikotea bueltan da eta, oraingoan, euskal musikearen historiari errepaso umoretsua egingo deutso, Euskal musikaren benetako istorioa antzezlanean. Mikel Martinezen eta Patxo Telleriaren alboan, hiru musikari egongo dira oholtzan. Izan be, euskal kantugintzako doinu ezagunenek tarte zabala daukie lan barrian.
Loraldiaren barruko nobedade nagusietako bat da Euskal musikaren benetako istorioa. Arriaga antzokiko emonaldiak erabateko estreinaldia izango dira. Martiaren 7an eta 8an antzeztuko dabe Ez Dok Hirukoek lan barria. Goizez, 11:00etan, taldeentzako pase bereziak egongo dira. Arratsaldeetan, 20:00etan, publiko guztiarentzako saioak.
Musikea altxor bat da, euskal musikea gure memoria emozionalean gordeta dago, azaldu dau Patxo Telleria aktore eta gidoiaren idazleak. Umorea eta emozinoak buztartu ditue antzezlanean eta, horregaitik, Telleriak uste dau publikoaren gustukoa izango dala euren produkzino barria. Musikearen historiari begiratzen deutsagu, baina geure modura, ganeratu dau, eta bide batez, omenaldi txiki bat egin nahi deutsagu gure musikeari.
Neolitikotik gaur egunera arte, euskal musikearen errepaso umoretsua da Euskal musikaren benetako istorioa. Patxo Telleriak azaldu dauenez, gidoia idazteko 200 euskal abesti ezagun erabili ditu. Antzezlanean ez dira danak osorik abesten, modu ugaritan agiri dira: Batzuetan aitamenen bidez, beste batzuetan zati bat kantauta...
Mikel Martinez aktoreak ganeratu dauenez, ironiagaz be jokatu dabe. Euskal musikeari umorearen bidez egingo deutsie omenaldia, Ez Dok Hiruren beti-betiko estiloan. Ikusleak adi egon beharko dira ironiagaz, publiko inteligentea behar dogu, baina badakigu gurea halakoa dana, aitatu dau Martinezek.
Ez Dok Hiruren ohiko eszenografian aldaketak dakarz antzezlan barriak. Nobedade nagusia, hiru musikariak dira: Adrián García de los Ojos, María Arriaga Telleria eta Iván Allue. Musikari-aktore izango dirala dino Patxo Telleriak eta eszenan integrauta egongo dirala.
Jokin Oregi antzezlaneko zuzendariak dino erronkea izan dala antolaketa barria atontzea, aktore bi eta hiru musikarigaz. Ez Dok Hiruren ohiko antzezlanetan baino eszenografia landuagoa dago honetan. Karakterizazinoa be aldatu dabe oraingoan, Oregiren esanetan: Martinez eta Telleria doktore bi izango dira.
Elkar argitaletxearen eskutik, ganera, Euskal musikaren benetako istorioa liburua be eskuragarri dago. Patxo Telleriak idatzitako gidoia da liburuaren ardatza. Halandabe, Elkarreko arduradun Antxiñe Mendizabalek azaldu dauenez, eduki gehigarria be badakar liburuak. Izan be, antzezlanean agertzen diran kanta guztiak playlist-etan batu ditue (Spotify webgunean), eta liburuan zerrenda horreetarako loturak dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!