Musikea  III. urtea // 54. zenbakia

'Dbkatuak'. Nok


Taldean batu diran lagunak beste talde batzuetan jardundakoak dira; lekeitiar bakarra Paul Erdozia da eta ganerakoak gipuzkoarrak, nafarrak eta kataluiniarrak dira, Podri eta Laia abeslariak, Joseba, bajua, Gusa, kitarra jolea, Juanmi, kitarra jolea eta Paul, bateria.

Paul, Etsaiak taldea desegin eta gero, Amorotoko baserri batean daukan Musikorta estudioan hasi zan beharrean, kantuak sortzen. Taldekide guztiakaz, barriz, 2003ko abuztuan hasi ziran bete-betean. Durangoko Azokarako, kantu bakarreko single bat atara eben eta ordutik gurago izan dabe taldea sendotu, gauzak behar dan moduan egiteko. Hemetik aurrera ez dago atxakiarik.

Bizkaie!

Lekeitioko Etsaiak taldeko Paul Erdozia bateria jolea da proiektuaren suspertzailea eta kantuen egilea. Nok, batuerazko 'nauk' da eta 'Ni nok neu' lako kantuan be igarten da taldeko buruaren jatorria. Talde sortu barriak bere lehenengo diskoa plazaratu du: 'Dbkatuak' (Oihuka). Nok taldearen musika gogoa muturrekoa da. Abiada handia, egurra eta golpeak dira protagonista etenik barik. Punkaren abiapuntua corearen esparrura ekarrita egiten dau lan fina Nok taldeak. Punkaren egurra, rap eta metalaren ukutuakaz, kitarra eta bateria golpe sendoakaz musika eraso gogorra dakarre.

Paul Erdoziak zehaztu dau talde barriaren filosofia diskoko azalak ondo baino hobeto adierazoten dauela, hau da, ardi batzuk ikusten dira eta euren artean, ardi baltz bat. 'Argazki hori anaia Jokinek egindakoa da eta ondo islatzen dau gizartearen egoerea; zeozelan esan gura dogu ardi baltz batzuk behintzat gelditzen garala. Beti gustau jat gizartea aldatzeko burrukan dabilen jentea'.