Txutxu-mutxuan  III. urtea // 54. zenbakia

Hego Euskal Herria estaduaren buruan ongizatearen parametroetan


Kultur desbardintasunak

Eskolaratze tasen kasuan, alde handirik egon ez arren, oso egoera desbardinak ikusi daitekez hezkuntza eta kultur maileari jagokonez. Hego Euskal Herriaren adierazlea Espainiako batez bestekoa baino % 36 handiagoa dalako. Daturik apalenak, ostera, Gaztela-Mantxan eta Extremaduran daukiez, horreen adierazleak batez bestekotik % 24 beherago dagozalako.

Astialdi, kultur eta hezkuntza aukerarik handienak, barriz, Kataluniako herrialdeetan dagoz, bai Katalunian bertan bai Balear Irletan. Arlo honetako eskaintzarik apalenak, barriz, Andaluzian, Galizian eta Murtzian topetan dira.

Azkenik, biztanleriaren hazkundeari jagokonez, Hego Euskal Herriak modu egonkorrean eusten deutso biztanle kopuruari. Beste lurralde batzuetan, ostera, biztanle kopuruek gora egin dabe agiriko moduan, berbarako Balearretan (% 12), Kanariar Irletan (% 10,4), Murtzian (% 10,4), Madril (% 9,9) eta Valentzian (%8,5).

Hona hemen ongizatea neurtzeko erabili ohi diran hainbat parametrotan izandako sailkapena:

- Errentarik handiena: Hego Euskal Herria (EAE eta Nafarroa, hurrenez hurren), Girona, Lleida eta Madril; bien bitartean, txikiena Extremadura, Kadiz, Kordoba, Jaen eta Sevilla.

- Osasun zerbitzurik onenak: EAE, Asturias, Nafarroa, Zaragoza, Bartzelona, Madril eta Valentzia.

- Hezkuntza mailarik handiena: Hego Euskal Herria (EAE eta Nafarroa, hurrenez hurren), Kantabria eta Bartzelona.

Begiluzea

Ongizatearen eremuari jagokonez, azterlan batek Hego Euskal Herria kokatzen dau estaduaren buruan; Hego Euskal Herriak kultur mailarik handiena dauka eta errentea % 18 handiagoa da Espainiakoaren aldean.

“La Caixa” fundazinoaren azterlana

Gizarte ongizatearen parametro nagusiak kontuan hartzen badira, Hego Euskal Herria estaduaren buruan dagozan lurraldeetariko bat da. Urterik urte lurraldeen arteko aldeak murrizten badoaz be, “La Caixa” fundazinoak argitaratutako gizarte urtekariak agirian jarten dau oraindino be espainiar estaduaren ipar eta hegoaren arteko banaketea argia dala.

Holan, fundazino honen laugarren txosten honetan lurraldeen arteko sailkapen zehatzik egin ez bada be, Hego Euskal Herria, Katalunia eta Madril behin eta barriro agertzen dira estadistika horreen aurre-aurrean; Andaluzia, Extremadura, Gaztela-Mantxa eta Galizia, ostera, azken postuetan ikusi ahal izango doguz, hainbat ekipamentu eta zerbitzutan daukiezan hutsuneak dirala eta.

Aberastasunaren mapea

Azterlan honek estaduko gizartearen errealidadearen ganeko azterketa zehatza egin dau, besteak beste, errenta, enplegu, osasun, eskolaratze datu, kultur nahiz astialdi eskaintza, segurtasun eta ingurumenaren inguruko erispideak abiapuntutzat hartuta. Kontuak kontu, txosten estadistikoak ispilatzen dauan aberastasunaren mapea igazkoaren antzekoa dala esan leiteke. Hego Euskal Herria eta Madril, hurrenez hurren, errentarik gehien daukien lurraldeak dira, eta txostenaren arduradunen eretxiz, parametro hori unibersidade eta bigarren hezkuntzako ikasketa maila handiagoari lotzen jako. Hego Euskal Herriko batez bestekoa estadukoa baino 18 puntu handiagoa da. Kopururik txarrenak, barriz, Extremadura eta Andaluzian daukiez, errentea batez bestekoaren % 18 txikiagoa dalako.

Bizi itxaropenari jagokonez, Hego Euskal Herria nahiko maila egokian dago, baina gurean nafarrak dira gehien bizi diranak; osasun zerbitzu publikorik onenen artean, Osakidetza lehenengo postuan dago, Asturias, Aragoi, Katalunia eta Madrilen aurretik, eta Osasunbide hirugarrenean, Asturiasko zerbitzuaren ostean.