Zinea  III. urtea // 54. zenbakia

Taking Lives


FBIko ikertzaile bikain batek, Illeana Scott (Angelina Jolie) agente bereziak, ez dauka aparteko konfiantzarik hiletak argitzeko ohiko tekniketan. Beraren metodoak psikologiaren eta jokabideen azterketa zehatzetan oinarritzen dira, ez dira bape konbentzionalak, baina bai guztiz eraginkorrak. Agente honen gaitasunaren jakitun egonda, Quebec-eko Montrealeko polizia buruak deitu behar izango deutso, serieko hiltzaile bati arrastoa jarraitzeko.

Irakurri dozuenez, argumentua ez da lar originala, baina bai guztiz egokia protagonisteak kamerearen arretea eten barik bereganatzeko. Estadu Batuetan produzidu ohi diran ekintza film horreetariko bat da, entretenimentu hutsaren bila abiatzen dana, bestelako asmo barik. Mito erotiko bihurtu daben arrakasta handiko antzezle batek gorpuztu dau ikertzaile ezin profesionalago honen papera, baina, protagonista honen jaseko ezaugarri fisikoak gorabehera, pelikuleak ez dauka trentin larregirik.

Filmak hasikera-hasikeratik erakusten deusku nor dan hiltzailea; ganera, Illeanaren maitasun istorioa ez dator bat bere nortasun zorrotz eta profesionalagaz eta traumadun umearen atxakiari ezin jako inondik be oratu.

Bestalde, ekintza eszenak eta erritmoak ez dira apartekoak, ez dira behinik behin beste mila lekutan ikusi ez doguzanak. Batzuetan “Seven” filmean erabilitako estetikearen bidetik jo gura izan dabela emoten dau, baina konparazinoak batzuetan mingarriak izaten dira eta kasu honetan ez dago ezelan be film honeek biak alderatzerik.

Eta ezin da askoz be gauza gehiago esan; gaztetxuei zuzendutako produktu hutsal horreetariko bat da, aktore erakargarri batek ñir-ñir egiteko beren beregi antzeztua. Palomita asko jateko eta Koka-kolea edateko, sano gomendagarria.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: D.J. Caruso.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 140 minutu.
- Urtea: 2004.
- Antzezleak: Angelina Jolie (Illeana Scott), Ethan Hawke (James Costa), Kiefer Sutherland (Martin Asher), Olivier Martinez (Paquette detektibea), Tchéky Karyo (Le Claire kapitaina), Jean-Hughes Anglade (Duval detektibea), Gena Rowlands (Asher andrea) eta Justin Chatwin (Matt Soulsby).
- Gidoia: Jon Bokenkamp; Joseph Pye-ren elaberri batean oinarrituta.