Euskaldunok munduan  III. urtea // 54. zenbakia

Euskaldunok mendian


Udabarrian denpora ona egon arren, giroa, barriz, ez dago bare Nepalen. Gerrilla maoristearen eta armadearen arteko burrukak edonoiz eta edonon dagoz, eta tensino handia sortarazoten dabe. Egoerea holan ba, gatx egiten da bertan egoteko eta mendira igoteko baimena jasotea, baita egonaldia bera be. Aurten, Nepalgo Turismo Ministerioak 40 baimen emon dauz, munduko 19 herrialde desbardinetako jenteari. Mendizale gehien Everesten egongo da, eta mendi hau igoten hiru euskaldun saiatuko dira: Joseba Sanz bilbotarra, Jon Goikoetxea ibartarra eta Iosu Feijoo gasteiztarra. Azken bi honeek kataluiniar bategaz osotzen dabe taldea eta ipar aurpegitik igoko dabe. Sanz, barriz, bakarka joango da. Martiaren 16 eta 28 bitartean bertan ibilitakoa da, mendiaren magalean trekinga egiten. Eta ez hori bakarrik: bertako kulturearen ganean be gauza asko ikasi dauz.

Beste lau bilbotar, esloveniar espedizino bategaz, Dhaulagirira joatekotan dagoz. Mendian ibilitakoak dira Roberto Rodrigo, Iñigo Altube, Luis Basarrate eta Iñaki Fernandez, baina euren esanetan, Dhaulagirin estetikoki mendi politena da.

Mendien artean ezagunenetako bat Cho Oyu dala dudarik ez dago, eta bertan be espedizino ugari egongo dira aurten. Makaluri jagokonean, Alex Txikon lemoar gaztea nabarmendu behar dogu. Izan be, Iñaki Otxoa de Olza iruindarragaz batera bertan dabil daborduko. Gero, K-2ra be alkarregaz joango dira.

Ilusinorik ez jake falta mendizaleei. Zorteagaz eta behar asko egin ostean, proiektuak beteteko esperantzeagaz joango dira urruneko lurraldeetara.

Atxapunte

Juanito Oiarzabal, Juan Ramon Madariaga eta Alberto Zerain mendizaleak Ama Dablam (6.856 m.) tontorrera heldu dira, eskubideen aldeko deklarazino unibersala bertan ixteko asmoagaz. Eneko Pouk be eurekaz urten eban espedizinoan, baina tontorretik metro gitxira geratu behar izan eban, hotz handia egoan eta behatzak ez eukazan ondo eta ganera tripako arazoakaz ebilen. Halan da be, pozik dago egindako lanagaz, espedizinoko ganerakoen antzera. Aitatzekoa da, Juanito Oiarzabalen hurrengo erronken artean K-2 dagoala.

Baina ez dira eurak izan mendiaz gozetan ibili diran bakarrak. Euskaldun ugari dago munduan zehar gehien maite dauan kirola egiten eta natureagaz bat eginda. Nepalen topau geinkez asko, munduko beste herrialdeetako mendizaleakaz eta bertako sherpakaz batera mendian gora.