Kulturea  III. urtea // 54. zenbakia

A ze parea!

Katiluak harrian...


Manuel Hidalgoren nobela batean oinarrituta, Karlos Paneraren eskutik 'A ze parea!' antzezlana estreinauko da apirilaren 19an eta 20an Bilboko Bilborock aretoan. Patxi Ugalderen laguntzinoagaz euskeratutako bersino honetan Maria Dondiz, Andoni Agirregomezkorta, Katrin Schlegel eta Asier Ormaza aktoreak ibiliko dira antzezpen lanetan, Maskarada Taldekoak danak be.

Umorea dago obrearen oinarrian, batez be bikotearen artean egoten diren tirabiren ganean sortzen diran egoerak daukazalako kontagai. Komuneko papela nork kanbiau, oporretan nora joan, gauean parrandan urten edo etxean geratu...; horreek dira antzezlanean jorratzen diran gaietariko batzuk. Halan da be, aretora joan beharrik be ez dago, zer esango deuskuen badakigu eta. Baina sarritan esaten da gure arazoak beste persona batzuek be badaukiezala ikusteak gureei garrantzia kentzea dakarrela. Hau da, beste persona batek bere komeriak umorez kontetan dauazanean barre egiten dogu, askotan gure ateen barruko aldean gauza bera pasetan dala konturatu be egin barik. Horretan oinarrituta, Maskarada Taldeak publikoari zer edo zer erakusteagaz batera mezu bat bialdu gura deutso, besteak beste, pentsakerea adierazoteko aukerea emoten dabe eta.

Etxe danatan, bikote danen artean dagozan arazotxuak erakusteko ez da eszenografia ikusgarririk behar. Holan ba, etxeko sofan, bainugelan eta ohean jazoten dira bikoteen arteko gorabeherak. Izan be, matrakek daukie garrantzia antzezlan honetan, eta antzezlekua altzariz bete ezkero, publikoaren atentzinoa desbideratuko leuke.

Maskarada Taldeari esker, egunero etxean daukaguzan istoriotxu horreek taula ganean ikusi ahal doguz. Askotan, baina, ez da kalera urten behar obrearen bigarren atala egiteko beste emoten dabezan hainbat eta hainbat pasarte bizitzeko.

Saioa Torre Gereketa


Oporrak akabau dira. Behargin askok daborduko egun batzuk daroez lanean eta ikasleek barriro hartu dabez liburuak eskuartean. Goizean goiz erlojuaren zarateagaz ohetik altxau, dutxea hartu eta etxetik urtetan dogu. Askotan taberna ilunen baten zeozer jan eta barriro be beharrari ekin behar izaten jako, arratsaldeko ordu horreek noiz akabauko itxaroten. Etxerako bueltea ailegau orduko hankak sentidu be ez doguz egiten, garriko minagaz gagoz eta sofako mantea ganean ipinteko gogo itzela daukagu. Baina... afaria egiteko dago, armozuan lohitu dogun katilua itxi dogun leku berean dago, bustita eskegi doguzan erropak oraindino be bustita dagoz egunean zehar bota dauzan zaparradak dirala eta...; arnasa sakon hartzea besterik ez jaku geratzen lasaitzeko. Hau guzti hau bikoiztu egiten da etxe berean bizi diranak bi badira. Orduan, bi dira kantsauta dagozanak, bi garriko minagaz eta katilu bi harrian.