Argazkiak buruan eta ordenagailuan
Bizitzan zehar pasetan jakuzan gauza garrantzitsuak buruan gordeta eukitea izaten da onena, baina denporeak aurrera egiteagaz batera, memoriak txarrera egiten dauala garbi dago. Horregaitik ba, gogoratu beharreko momentu horreetan argazkiak ataratea izaten da normalena. Ganera, badagoz inok aginduta egongo balira legez, derrigorrezkoak diran ohitura batzuk be: Parisen, Eiffel Torrea atzean daukagula...klik!; New York-en, Askatasunaren Estatuagaz...klik!; umea, lehen urtebetetze egunean kandeleari putz egiten dagoala...klik!; Nork ez daukaz etxeko albumean holako argazkiak? Ba, gero eta jente gehiagok. Izan be, azken datu-bilketen arabera, euskaldunon % 24k kamara digitala daukagu etxean. Datu hau bideojokuen datuagaz burrukan dabil, % 20ak telebistan edo ordenadorean jolasten ibilteko tramankulua dauka eta. Halan da be, igoera nabarmena DVD erreproduktoreena izan da, azken aldian % 25etik % 45era igo da kopurua eta. Ordenadoreak, daborduko, hamar etxetatik zazpitan dagoz.
Karreterik behar ez izanak eta errebeletan txanponak ez gasteteak onura asko egin deutsoz argazki-kamara digitalen merkatuari. Egunetik egunera prezioak merkeagoak dira eta japoniarren antzera, geu be edonora joaten gara kamaratxua boltsikoan sartuta, momentu berezia noiz gure memorian eta ordenagailuan gordeko itxaroten.
Saioa Torre Gereketa
Txikia. Hori da batez be gaur egungo argazki-kamara digitalen berezitasun nagusia. Azken aldian daukien prezioen ganean be asko egin da berba. Izan be, egun, edozeri deitzen deutsagu guk ‘merke’. Produktu baten prezioa, daukan kalidadearen eta tamainuaren araberakoa izango da beti. Halan da be, handiak ez dau zertan ona eta merkea izan behar, eta txikia askotan karua izaten da. Argazki-kamara digitalen kasuan, zenbat eta txikiago, hobeto; kalidadeari jagokonez, danetarik dago, bakotxaren gustoen eta boltsiloen arabera aukeratu geinke bat ala bestea.