Ezin dana agindu, ezin dana bete
Begibistan dago ez daukadala konfiantza gehiegirik Zapaterok ekarriko dauan aldaketa horretan. Dana dala, zentzuzkoa da epe bat lagatea gobernuei euren lehenengo urratsak emon daiezan kritiketan hasi aurretik, baina lehenago ikusitakoak ikusita eta emon dabezan lehenengo pausuak ikusita ez dago arrazoi larregi itxaropentsu egoteko.
IƱaki Atxutegi
Hara, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko burua dogu. Galduko ebala seguru egoan eta, gero agindutakoak beteteko arriskurik ez zala izango pentsaurik, kanpainan zehar era guztietako promesak egin ebazan hau, hori eta ha konponduko ebazala presidente izan ezkero. Arazo guztietarako konponbidea, gatx guztien kontrako botikea dira sozialistak. "Progresismo" berbearen barruan dana sartzen da. Gauza lar agindu eben sozialistek gero danak bete ahal izateko. Baina, irabazi egin eben. Zeozelan baldintzatuta doaz boterera, Aznarren itzala nabaria dalako eta euren agintaldian zer egin eben gomutan daukagulako oraindino.
Orain ikusiko dogu sozialistek berba egiteko daukien gaitasuna. Danokaz eta danaren ganean egingo dabe (Moncloako sindromerik ez dau eukiko Zapaterok, ez horixe). Konstituzinoa be aldatu egingo ei dabe (bueno, apurtxu bat baino ez). Justizia sistemea goitik behera aldatuko da (sozialistak gora, ganerakoak behera). Espainiako Telebista neutrala izango da orain arte ez bezela (Feliperen sasoian neutrala eta askotarikoa ete zan?). Eskoletan perretxikoen modura ugalduko ei dira ordenagailuak (kostauta sinistu be...). Emakumeen kontrako indarkeriari zorrotz egingo jako aurre (kontu serioegia hau bromatan ibilteko).
Ekonomian miraria sekulakoa izango ei da. Danok pagetako moduko etxeak 180.000 edo egingo ei dabez (sozialisten sasoian merketu ta ugaldu egin ziran etxeak, ez da?). Aldi baterako lanak errotik desagertuko dira (euren sasoiko lan "erreformea" bertan behera laga barik, jakina). Hobakuntza ekonomikoa harritzekoa izango ei da (nor harrituko da eta zergaitik?).
Eta nazinoartean, kanpaikadea: Iraketik joan egingo dira soldadu espainiarrak (OTANeko ditxosozko erreferenduma ez dogu errez ahaztuko). Estadu Batuei aurre egiteko, Alemania eta Frantziagaz hartu-emon barri eta hobeak izango ei dabez (ikusi beharko dogu zelakoak diran hartu-emon hobeak eta zelako ondorioak dakarzan horrek).
Gurera etorrita, euskal gatazka politikoari aurre egiteko ez dabe inoiz adorerik izan sozialistek. Euren lehenengo berbak ez dira oso ausartak izan. Ez deutse ezelako buruko minik emoten azken urteotan Euskadin sufridu dogun askatasun murrizketeak. Ez deutse buruko minik emoten alderdiak galazota eta ilegalizauta ikusteak, egunkariak zarratuta ikusteak, tratu txarren susmoak susmo baino gehiago izateak...; hori bai, sikeran Lehendakariagaz berba egiteko asmoa adierazo dau Zapaterok. Ikusi eta ikasiko dogu noiz eta zertarako.