Euskaldunok munduan  III. urtea // 54. zenbakia

Bizikletan andrazko zapalduen alde


Joan dan urteko urriaren 19an ospatu zan "Emakumeei jarraitu", andrazkoei bakarrik zuzendutako lehenengo txirrindularitza ibilaldia, orokorrean andrazko arabiarren eta gehien bat palestinarren egoerea zabaldu eta salatzeko.

Ibilaldi hau ‘Follow the Women’ proiektu globalaren atal bat izan zan. Ideia, gazte mugikortasun proiektuen garapenari esker alkar ezagutu eben andrazko talde batetik sortu zan. Bakea herri honetan bideragarria dala eretxi eutsen andrazko normalak dira, ideia eta helburu baten alde lan egiten daben 20 herrialde desbardinetako andrazkoak.

Milaka andrak batera hankak mobitzea da helburu nagusia. Ahalik eta jente gehiagoren kontzientziak eta bihotzak alkartu gura dabez, eta herritarrei arazoak dagozan lekuetan bizi diran andrazkoen egoerea emongo deutse ezagutzera.

Bizkaie!

Libano, Siria eta Jordaniatik bizikletaz ibilbidea egiten dabilz Euskal Herriko 13 emakume, Kataluniako beste 13 eta mundu osoko 220 emakume. Apirilaren 16an hasi eben ibilbidea eta 23ra arte pedalei gogor emoten ibili ostean, hiru egunetan berbaldiak eskainiko dabez Ammanen, eta apirilaren 26an bueltauko dira.

Ibilbide honen helburu nagusiak honeek dira: arabiar eta ekialdeko andrazkoei alkartasuna erakustea; nazinoarteko ikuspuntua aldatu eta herrialde honen benetazko irudia erakustea komunikabideetan, andrazkoena be bai; bakea, justizia eta alkar ulermen handiagoaren bidean laguntzinoa lortzea; Ramallah-n (Palestina) zentro bat eregiteko dirua lortzea, Palestinar Gazteen Alkartearen kooperazinoagaz, okupazioaren ondorioz kaltetuta dagozan andrazko eta gazteak laguntzeko.