Hobeto ez ete dagon solteru...
Gaia: “Gizonari komeni jakon ezkontzea”
Arlo honetan ez da erreza
gogakizun zuzenduten;
ez dakit konbeni jakun baina
asko dira ezkonduten.
Adan ta Eba Jaunak jarriak
lehenengo ziran buztarten,
ona izango da, ba Jaungoikoa
ez da inoz erratuten.
Gizonak beti eukiten oi dau
on-txarrerako argia:
Adan ta Eba solteru ziran,
esan behar da egia.
Bien artian betetu eben
mundu hontako legia,
neri ez zait orain esan toketan
bazan txarto egitia.
Haien ondoren asko dabiltzaz
litzatekezela ezkonduko,
ezetz esanda nesken atzian
berandu egin orduko.
Hau bere egia esango dot, ta
etxat inoz damutuko:
asko ezkonduko litzake, ez balitz
euren buruk galduteko.
Izan leiteke egia, baina
neu ez nago ba seguru,
ezkonduek ondo bizi dira,
zaintzen dabe euren buru.
Badaezpadan itxi pasetan
urteak bi edo hiru...
ezkonduik onena baino hobeto
ez ete dagon solteru.
Puntuak: esana / afana / nigana / lana
Anai maiteak ez txartzat hartu
Deunorok orain esana:
bertsolariei emon deutsie
larregitxuan afana;
bata txapeldun, bestia neusi,
ez etorri ba nigana,
hori igarten emon deutse ta
neusiei nahikoa lana.
Deunoro Sardui
1961eko abuztuaren 27a. Bilboko Coliseo Albia. Oholtza ganean zortzi bertsolari Bizkaiko txapelaren bila. Tartean zan Deunoro Sardui muxikarra, eta gaurko alera dakarguzan bertsoak orduan bota ebazan Deunorok. Gaurko txapelketez eta lehiaketez luzaro idazten gabizen honetan, orduko testigantza bat ekarri gura izan dogu.
Bizkaiko Txapelketearen historia 1958 hasi zan. Balendin Enbeitak irabazi ebazan lehenengo bi txapelak, 58koa eta 59koa. Hirurogeian Mugartegi nagusitu zan eta 61ean Azpillaga, Sarduiren aurretik. Bolada aberats horren barri zehatzago eta orduko testigantza harrigarri zenbait izango dogu Bizkaiko Bertsozale Elkartea atontzen ari dan “Bizkaiko Bertsogintza III” liburuan, gerra ostetik 90 hamarkadara bitarteko boladea jasoaz, edozelan be, apur bat itxaron beharko da ze datorren urtera arte ez dau argia ikusiko. Hemen bertso batzuk erakutsiko doguz, sasoi haretako bertsogintzearen lekuko.
Deunoro Sardui Enbeita, “Alper” ezizenez, 1934an jaio zan Muxikan, eta Garriko Bertso-Eskolearen urrezko sasoia ezagutu eban, 50. hamarkadearen amaieran, izen ezagun askoren alboan: Balendin eta Jon Enbeita, Jon Lopategi, Ireneo Ajuria...; bertsolarien habia da Muxika. Bertsolari ez eze olerkari legez be ezagun egin zan Deunoro eta, besteak beste, Karmel, Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan argitaratu ebazan bere lanak. Behinola semeak hartu eutson famearen lekukoa eta gaur egun nork ez dau ezagutzen Alex Sardui, Gatibu taldeko kantaria. Aita bera be ez dabil geldi, kontu kontari aparta da eta makina bat afaloste alaitu dauz kontu eta txisteakaz. Bertsotan urte onenetakoa izan eban 61ekoa Deunorok. Berrogeita hemeretzian Busturialdeko txapela jantzi eban eta 61ean Gernikan Bizkaiko finalaurrekoa irabazi ostean, finalean kantau eban Bilbon. Bigarren egin eban Azpillagaren atzetik. Orduko bakarkako laneko bertsoak aukeratu doguz, intentzino bategaz: orduan ze bizkaiera kantetan zan ikustea, kontuan hartuta euskera batua jaiotzear egoala eta bertsolarien tradizinoan gipuzkerea nagusi zala. Gaiari lau bertso bota behar eutsozan, ostean emondako puntuekaz (gaur egun lau oinak) bertsoa osotzeko.
IƱaki Aurrekoetxea