Didjeridua, munduko musika tresna zaharrenetakoa Euskal Herrian
Iban Nikolairen ibilbidea
Iban Nikolaik Londresera egindako bidaia batean ezagutu eban didjeridua orain zazpi bat urte eta, hortik aurrera, lehenengo autodidakta legez ikasi arren, maisu ugari izan ditu Europan eta Australian. Izen batzuk aitatzearren William (Londresen); Lies Beijerinck (Holandan eta Gironan) ; Nello Chiuminatto (Madril); Raul Orte (Madril); Mattias Muller (Italia); Michael Jackson, Gary Thomas, Charlie McMahon, Mark Atkins (Belgikan); Ansgar Stain (Gironan); Djalu Gurruwiwi, munduko didjeridu jotzaile ezagunena (Australian) edota Milkey (Australian).
Orain lau urte didjeridu eskolak emoten hasi zan Donostia, Bilbo, Iruñea eta Holandan eta 2002an, 'Yurlunggur' izeneko maketea grabau eban soinu elktronikoen bidetik. Bakarlari legez hiru disko egin ditu: 'Yurlunggur', 'Didgeridoo Live' eta, azkena, 'Didjeridu Hotsak'.
Jentaurrean be sarritan ibilitakoa dogu Nikolai oiartzuarra: ondoko Didjeridu festibaletan parte hartu dau: Arbucies (Girona) 2002 eta 2003an; Texel (Holandan) 2002an; Berlin (Alemanian) 2002an; Cavour (Italia) 2002-2003an; Airvault (Frantzia) 2002-2003an. Ganera, Australiako aborigenek sortutako Garma festibalean be parte hartu dau eta kontzertu bat eskaini eban bertan igaz.
Kolaborazinoak eta proiektuak
Banja Lukaren 'The scandal is inside your head' diskoan parte hartu eban 2001ean eta eurekaz kontzertuak emon ditu Euskal Herrian zehar.
Luis Caminoren 'Abya Yala' (2003) diskoaren aurkezpenean parte hartu eban Jabi Area, Iñaki Salbador, Pascal Gaigne, Ritxi Salaberria, Juan Carlos Jimenez eta Jose Ramon de la Morenagaz batera.
Aurten, aitagarria Xavier Sansebastianen bakarkako diskoan be parte hartu dauala.
Beste alde batetik, ezin ahaztu 'Didjeridu hotsak' diskoaz gan, Samar izeneko proiektuan bete-betean dabilela Jabi Area (bateria), Ritxi Salaberria (bajoa) eta Iker (perkusinoa) musikariakaz batera. Badakigu jakin aurkezpena bagilaren 5ean egingo dabela Irungo Tunk Aretoan.
Bizkaie!
Iban Nikolai oiartzuarrak 'Didjeridu hotsak' diskoa plazaratu barri dau (Gaztelupeko Hotsak) eta munduko haize musika tresna zaharrenetakoa ezagutarazo deusku. Australiako aborigenen didjeriduak 20.000 urte baino gehiago ei daukaz, eta jatorriaren bila joan gura izan ezkero, termitek barrutik jandako eukaliptozko enbor huts luzea da eta ezpanen bibrazinoagaz ataraten jako soinua. Antxina, aborigenek euren errito eta ospakizunetan erabilten eben eta gaur egun, batez be, musika elektronikoan entzuten da.
'Didjeridu hotsak' hamar doinuz osotutako disko berezia da, gurean parekorik ez daukana eta entzuten dan musikeagaz zerikusirik bakoa. Hori bai, deskantsurako oso egokia da nahiz eta doinu batzuetan erritmo biziagoen eta flamenkoaren ukutuak be igarten diran, akaso ganerako taldekideen eraginez: Gogui (kitarrea eta kajoia), Maria Simonson (ahotsa), Iban Calvo (sinteak) eta Javi Area (shakerra eta beste tresna batzuk). Iban Nikolairen esanetan, barru-barruraino sartzen dan soinua ataraten da didjeriduagaz eta Australiako aborigenen arabera, musika tresna honek naturako soinu guztiak aireratzen ditu.