Laura Mintegi:' berbea da oinarria, berbearen bitartez arazoak konpondu daitekezalako'
Literaturea, alkarganatzea eta alkartasuna ardatz, gai sozialakaz lotutako arduren bilgune izateko asmoagaz, 1921ean sortu eben Inglaterran Pen Kluba, ideologiaren, erlijinoaren eta ganerako desbardintasunen ganetik, literaturea alkar aitzeko gune legez eta gaur egun 130 Pen Klub dagoz munduan.
Donostian, hilaren 23an egingo dau Euskal Idazleen Pen Klubak sortze batzarra eta irailerako edo, Nazinoarteko Pen Klubaren urteko batzar nagusirako prozesua amaituta egoteko itxaropenagaz dabiz.
Euskal Pen Klubaren bultzatzaileetako bat Laura Mintegi idazle eta irakasle nafarra da eta beragaz berbaldi interesgarria euki dogu.
1. Idazleen alkartea baino zeozer gehiago da Pen Kluba? Zeintzuk dira helburuak?
Bai, idazleen alkarte bat baino zeozer gehiago da; idazleak biltzen ditu baina helburu korporatibistarik ez dago, oro har, adierazpen askatasunaren alde egitea da ideia nagusia, gobernu, erregimen edo antolaketa politiko zapaltzaile guztien kontra egitea. Alkarte politikoa ez da eta zeozelan esateko gobernuz kanpoko erakundetzat hartu leiteke, UNESCOgaz hartu-emonak dituana.
Alkartearen helburuen artean, literaturea alkar ulermenerako topagune izatea da nagusia, adostasunerako gune bat eskaintzea; PEN Klubak uste dau arraza, ideologia, erlijino, sexu eta koloreen gainetik badagoala gizateriaren alkar ulermenerako esperantzea eta literaturea alkargune aproposa dala horretarako, izan be, berbea da oinarrian dagoana, berbearen bitartez arazoak konpondu daitekezala.
PEN berbearen atzean, poeta, gidoigile, saiogile, argitaratzaile eta narrazinogileen alkartea dago eta ez, ostera, pen, inglesezko idazluma. Azken urteotan, idazleak ez eze, kazetariak, itzultzaileak, historialariak edo literatureagaz zerikusia daben beste edozein testugile be sartu dira saltsa honetan.
2. Zeintzuk dira Pen Klubeko kideen jarduna eta egitekoak?
Informazino trukaketea oso garrantzitsua da eta guztien ekarpenak aintzat hartzen dira, norberaren inguruan ezagutu ezkero abiaburu edo printzipioen kontra dagoan egoeraren bat, horren barri emoten da eta, jakina, ganerako kideen laguntzinoa bereganatzen dau alkarteak bidebako egoerei aurre egiteko. Guztion ekarpenakaz beharra bost batzordetan banatzen da: kartzelaratuta dagozan idazleen batzordea, itzulpengintzea eta hizkuntza eskubideena, bakegintzearena, emakume idazleena eta, azkenik, erbestean dagozan idazleena. Horrezaz ganera, fundazino bat eta fondo bat dagoz: Nazinoarteko Pen Fundazinoa, irakaskuntzeagaz zerikusia daukien jarduerak bultzatzeko eta, bestetik, Larrialdietarako Fondoa, idazleren batek zapalkuntza larria sufritzen dauan kasuetan laguntzinoa emoteko.
Aitatutako batzordeek jardunbide autonomoa daukie eta urtean behingo batzarrean urtean zehar egindakoaren barri emoten dabe.
3. Kataluiniako Pen Klubean, idazleak ez eze, kazetariak eta gizarteko sektore desbardinetako lagunak dagoz. Euskal Pen Kluba alkarte edegia izango da?
Bai. Kataluiniarrek hartutako bidetik ekiteko asmoa dogu eta berbeagaz, testuagaz, literatura kantatuagaz lotutako lagunek be euren lekua eukiko dabe Kataluinian legez; gure kasuan, euskerearen beraren egoerearen barri emon eta kontuan hartu gura izan dogu azken boladan euskal musikariek izan dabezan arazoak (boikota, zentsurea...) euren jardueretarako.
Kataluiniarrak esperientzia handikoak dira, izan be, Dawson Scottek 1921ean sortutako nazinoarteko PEN Klubaren ostean, Inglaterratik kanpoko lehen alkartea sortu ebelako. Dawson Scott sortzailea Kataluiniako lagun batzuekaz kontaktuan jarri eta 1922an erabagi eben Pen kataluiniarra sortzea.
Kataluiniarrak beti laguntza handia zan dira guretzako; orain 17 urte Euskal Pen Kluba sortu genduanean, euren eskutik joan ginan eta orain be kataluiniarrak izan dira akulu beharra egin dabenak.
4. Pen Klubaren ezaugarri nagusienetakoa ideologia eta ganerako desbardintasunen ganetik, jentea batzeko gaitasuna da. Politika arloan zeozelan eragitea Pen Klubaren helburuen artean dago?
Asmoa ez da hori eta, ganera, Pen Klubak badaki politika mailan ezin dauala larregi eragin, politika kulturalean, barriz, bai. Datu legez, literaturako Nobel sari ugari Pen Klubaren aholkuak jarraituz emon dira eta hor badago zeozelako politika edo irakurketa kulturala. Idazleok badakigu jakin, modu batean edo bestean politika egiten dogula; Milan Kunderak berak esaten eban literaturea ideia baten dramatizazinoa dala eta, beraz, ideiaren ganean berba egiten badogu ideologia be ezin ahaztu.
5. Historian atzera eginaz, 1951n Andima Ibiñagabeitia, Jokin Zaitegi eta beste batzuen ekinbidez, Pen Euskal Bilkura sortu zan eta geroago, 1988an 23 idazle batu eta Euskal Pen Kluba abiarazo zenduen. Kontaiguzu zeintzuk izan ziran orduko ardura eta burukomin nagusienak eta zergaitik ez eban egin aurrera proiektu harek.
Lehenego proiektuari buruz dakidan apurra Andima Ibiñagabeitiaren gutunen bidez dakit. Sasoi haretan jentea batzeko traba handiak egozan, idazleak eurak sakabanatuta, gehienak Iparralden edo Parisen. Lehen ekimen horren ibilbidea oso laburra izan zan, batez be, baliabide falteagatik. Txomin Peillenek kontau deustazanak be ez daukadaz ahazteko; nik dakidala Peillen da idazle bakarra hiru Pen klubetan egongo dana, ze bigarrenean be sortzaileetakoa izan zan eta oraingoan be lehen bilkuretan ibilitakoa da.
Bigarren ekinaldian, barriz, luzeagoa izan zan ibilbidea; 1987an sortu genduan Durangon eta 89ra arte edo ibili ginan sortzaileetakoak; gero, bilkura batzuetara joan zan Jon Kortazar baina ordurako hasikeratik gengozanak ez genbiltzan, gehienbat, gitxieneko egiturarik ez gendualako sortu eta baliabide eta laguntzino faltea be nabarmena zalako. Dana dala, pare bat, hiru urteko esperientzia sano aberasgarria izan zan maila personalean zein euskal literaturearen arloan, besteak beste, gurea literaturea 'txikia' izan arren, edozeinen parean gengozala jaubetu ginalako eta gure herriagazko jakinmin handia egoalako.
Hirugarren ekinaldian, aurreko esperientzietako hutsegiteetatik ikasi eta, besteak beste, egitura sendoa sortzea da asmoa. Esangura horretan, EIEren laguntzino osoa dogu eta Bilbon daukan egoitzea geurea be izango da, daborduko Eusko Jaurlaritzeagaz, Nafarroako Gobernuagaz eta Iparraldeko erakundeakaz be hartu-emonetan gagoz eta nahiko jarrera positiboak ikusi doguz.
6. Gaur egungo egoerea eta ardurak bestelakoak dira (Euskal kulturearen kontrako erasoaldia, zentsurea eta horren ondorioak). Aurrera egin beharrean, aztera egin dogula emoten dau...
Bai, baina gizartearen erantzuteko gaitasuna be handiagoa da, egunkari bat zarratu eta zortzi hilabeteko tartean beste barri bat sortzea..., ez dago munduan herririk holako indar edo gaitasunagaz. Orduko eta gaurko egoerei jagokenez, oraintsu, euskal herritar guztiok eta beren beregi idazleok egoera itogarria sentidu dogu, euskalgintzearen kontrako erasoak, euskerazko egunkari bakarra zarratzea, Jakin Aldizkariaren egoera gogorra Euskal Herritik kanpo eukazan laguntzino guztiak galduta, musikarien kontrako zentsurea, boikota...; euskal kulturearen kontrako eraso zuzenak izan dira eta inoiz baino argiago ikusi dogu adierazpen askatasunaren aldeko alkartea abiarazotearen beharra. Halan da be, erasoak eraso, zorionez, egoerea hobea da gaur lehen baino, euskal literaturearen gaur egungo produkzinoa historiako handiena da, urtero Durangoko Azokan titulu barri gehiago ataraten dira aurreko lau mendetan baino, literatura sendoa dogu, idazle corpus zabala, presentzia zabalagoa gizartean, EIE alkarte sendoa...
7. Zorionez, euskalgintzea eta euskal kulturea sendo dagoz. Euskal Idazleen Alkartea edo Galeusca lako ekimenakaz bateragarria izango ete da Euskal Pen Kluba?
Bai, duda barik, bateragarria ez eze, osogarria be bai. Euskal Idazleen Elkarteak bete ezin dituan arloak Euskal Pen Klubak bete leikez eta alderantziz. Kontuan hartu, Pen Kluba EIEren eskutik joango dala, daborduko alkar laguntzarako hitzarmen bat be badaukagu sortze batzarrean azaldu eta onartu beharko dana.
8. Euskal Pen Klubaren sortze prozesu luzean ze pausu emon dozue orain arte eta zer falta da?
Lehenengo bilerak egin ostean, zuzenean jarri ginan kontaktuan Londreseko zentralagaz eta harrera ezin hobea jaso genduan; horren erakusgarri, kluba sortzeko abalista bi behar doguz eta inglesak eta kataluiniarrak izango dira babestuko gaituenak; pozarren dagoz barriro abiarazoko dogulako Kluba; atara kontuak, datorren hilean Forum 2004 ekitaldietan parte hartzeko konbidau gaitue Euskal Pen Kluba oraindino sortu barik egon arren.
Estatutuak barriztu egin doguz eta orain, alkartea altan emoteko, gitxienez, 20 lagunen babesa behar dogu, izena emon eta urteko 40 euroko kuotea pageteaz gan, Nazinoarteko Pen Klubaren printzipioak onartu eta sinatuko dabezan 20 lagunen babesa. EIE eta kazetarien bidez, gidoigile eta kantautoreen kolektiboetara jo eta dei egin deutsegu hilaren 23an, Liburuaren Nazinoarteko Egunean Donostira hurreratu daitezan Euskal Pen Klubaren sortze ekitaldira.
9. EHUko irakasle, komunikabide askotan kolaboratzaile, sortzaile eta idazle saritua zaitugu. Idazteko astirik ataraten dozu? Zertan zabiz orain?
Bai, ez dagoan lekutik be ataraten dot astia, idazteari ez deutsat sekula itxi, egunero idazten dot, besterik ez bada prentsarako eta literatur aldizkarietarako artikuluak. Bestalde, nobela bategaz burrukan nabil orain eta apur bat amorratuta be banago. Ez dakit nork irabaziko dauan, oraingoz bera dago irabazten eta ez deust ixten nik gura dodana egiten. Orain egun batzuk irakurri neban batek bere epitafioan idatzi ebala: 'Bizi bat euki dot eta bi behar nebazan'. Bueno, ba epitafio horreri buelta batzuk emoten, nik pentsau neban alderantziz ipiniko nebala; egia da beste bizitza bat beharko neukela egin gura dodan guztia egiteko baina bizitza bakarra bizitzen nagoan arren, literatureari esker bizitza bi bizitzen nago.
Nobela barriaren harian, Garcia Marquezek esaten eban legez, nobelagileak liburu bakarra egiten dau bizitza osoan eta nobela bakotxa da liburuaren kapitulu bat; ni neu be konturatu naz horixe dala nire kasua. Edukien aldetik, betiko obsesinoakaz nabil orain be, hau da, gizakiak zelan erreakzionetan dauan muturreko egoeretan, gizakiaren barruko ardurak, maitasuna, maitemina...; berba bakarrean laburbiltzekotan, politika bizitzeko modu desbardinei buruz ari nazala esango deutsut, politikearen zentzu sakonenaren ganean; politikea gizakiaren egite funtsezkoena dala pentsetan dot, politikea maiuskulaz, hau da, munduagazko erreakzinoa, justizia soziala, gizartearen antolaketea...
10. UNESCOren erabagiz, apirilaren 23 a Libuaren Nazinoarteko Eguna da. Irakurzaletasuna bultzatzeko ekimen ona dala pentsetan dozu?
Bai. Nik uste dot fisikoki, liburua kalean presente egotea inportantea dala, liburua objektu legez erakargarri egin behar da. Hori bai, irakurzaletasuna bultzatzeko modu bi baino ez dagoz nire ustez, alde batetik, literatura ona egitea, ona bada, kostata baino ez bada be irakurri egiten dalako eta, bestetik, motibazinoa transmititzea, hau da, norberak leiduten disfrutetan badau albokoek be igarriko dabe hori, esan gura dot irakurzaleak ez diran gurasoek nekez lortuko dabela seme-alabek leidutea.
11. Telebista, Internet eta multimedia produktuen sasoian bizi gara eta ez dakit, gazteen artean batez be, liburuak ez ete dagozan euren magia galtzen?
Ez dot pentsetan. Iraultza teknologikoan ez dot kalterik ikusten. Literaturarako Internet oso mesedegarria da, bilaketak egiteko edo idazleen erreferentziak topetako. Esaten danaren kontra, Interneti esker, askosaz gehiago irakurten da; gazteek liburu askoren barri daukie Sarean, izan be, Internetek liburutegi handi baten funtzinoa egiten dau.
12. Bizitzan zehar leidu dozuzan liburuen artean bateren bat nabarmentzekotan...
Duda barik, ni idazle egin ninduana aitatuko deutsut, Gustave Flauberten 'Madame Bovary'. Nire mesanotxeko liburua izan da urteetan. Hortik aurrrera, idazten jarraitzeko behar dan zoramen puntuari eusteko Nietzsche asko gustetan jat. Egia esan, literaturea baino gehiago filosofia leidu izan dot eta gehien markau nabenak filosofoak izan dira, besteak beste, pentsarazoteko oso lagungarri egiten jatazalako.
Koldo Isusi Zuazo