Bidaide  III. urtea // 54. zenbakia

2003: Asiako Hego-ekialdeko ugarteak (II)


Mendebaldeko Timor

Mendebaldeko Timorreko esperientzia ederragaz gozau ostean, gure planetako herrialderik gazteenera egin genduan salto, Ekialdeko Timorrera hain zuzen be. Informazino larregi ez geunkan herrialdeak bizi eban egoeraren ganean baina bagenkian azken aldian sekulako saltsea izan dala bertan: portugaldar koloninazinoa, japoniar eta indonesiarrek egindako hilketak edota estadu barriaren eraketa ekarri eban 1999an hasi eta 2002an amaitutako independentziarako prozesua.

Herialdea ia-ia hondamendi egoeran topau genduan, pobrezia gorria eta herritar gehienen artean bizirauteko benetako arazoak ikusi genduzan. Ekialdeko Timor basamortu baten erdian dagoala esan leiteke eta, gaur egun 800.000 mila biztanle inguru dituala. Denporaldi baterako Nazino Batuen erakundeak administretan dau lurraldea UNMISET programearen bitartez, sasoi bateko odol isuriaren boladea ahaztu guran.

Taxista beharra egin euskun polizia batek gidatuta, herrialdearen iparreko kostalde osoa bisitau genduan, mendebaldeko muturretik Baucau, erdi-ekialdera bitartean. Indonesiakoa dan atalean ikusitako pobrezia ikusi genduan hor be baina, kasu honetan, kasku urdinak eta Nazino Batuen erakundeko ordezkariak lan handia egiten dagoz; esan behar deutsuet Dili uriburuko herritar gehienak, era batera edo bestera aitatutako erakundeagaz lotuta dagozala eta horren ondorioz, prezioen neurriz kanpoko gorakadea izan dala. Halan da be, eregiten dagozan herrialdea bisitetea esperientzia ederra izan da, luzaroan errepetidu ezina.

Hurrengo atalean, Timor Ekialdean iparamerikar marineakaz bizitakoak eta Indonesiako Sulawesi ugarteko Toraja kulturearen berezitasunak kontauko deutsueguz.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama

Bideoa (Bali): Demelsa Gonzalez

Hego-ekialdeko ugarteetan zehar egindako bidaiaren bigarren zatian, Bali, sumendiak eta denporan eta historian atzera egitea otu jakun Timorreko esperientziaren ganekoak kontauko deutsueguz.

Naturea bizi-bizi

Jakartako kaleko giroaren esperientzia bizi ostean, naturearen deia sentidu genduan, labur esateko baso giroan lasai egoteko gogoagaz gengozan. Gauzak holan, Jogjakarta eta inguruak, batez be, Borobudur eta Prambananeko tenplu ikusgarriak bisitau ostean, Java ekialderantz jo genduan Bromo sumendiaren bila. Sumendiaren edertasun basatia ikusteko goizaldeko hiruretan jagi ginan; lehenengo eta behin jeep bat alogeran hartzea derrigorra zan itsasoaren mailatik hiru mila metro inguruan eta aktibo dagozan lau sumendietara heltzeko; lau horreetatik Bromo da nabarmentzen dana, besteak beste, sekulako kraterra daukalako baina Semeru, ugarteko tontorrik altuena eta arriskutsuena be ez da makala. Hogei minutuero izaten dira erupzinoak eta naturearen erraldoi honek zur eta lur ixten ditu bidaiari eta abenturazale guztiak; argi-urratzearen hotzagaz eta goizaldeko laranja koloreak behelainoa zelan tintetan eban ikusita hipnotizauta legez geratu ginan lau kraterren aurrean. Ikuspegia osotzeko, argiak misterioa galdu ebanean, jeepa geldi geunkan lekuraino arin joan ginan Bromo sumendiaren magalera hurreratzeko; hortik, igoera gogorraren ostean, kraterraren ertzera heldu ginan eta momentu hori be ez daukat ahaztuteko: lurraren barrualdea egosten egoala emoten eban eta kea etorren guganaino; orduan konturatu ginan gure planetea ez dala estatikoa eta edozein momentutan egin leikela eztanda. Ikuspegia grabauta geratzen jatzun horreetakoa izan zan eta goizean goizetik jagi behar izatea, nekea, igoera gogorra eta sumendiaren barrualdetik etorren gasa arin ahaztu genduzan.

Turismoaren paradisua (Bideoa-BALI)

Java ekialdeko sumendien ezustekoaren ondoren, desengainu handia hartu genduan mundu osoan ezaguna dan Bali ugartean. Bagenkian turistez josita egongo zala eta bertako herritarrak be turismoari begira eta horri esker bizi dirala baina, naturearen aldetik, zeozer gehiago eta nekazaritzearen indar handiagoa espero genduzan. Edozelan be, bete-betean turismoaz bizi dan ugartea topau genduan eta Baliko hondartzak be ez jakuzan larregi gustau eta gure inguruko batzuk ederragoak zirala pentsau genduan. Jakina, kontenplazino hutsaren eta patxadearen bila doazenentzat Bali paradisua da. Gu, ostera, beste kultura eta jente batzuk ezagutzera ginoiazan eta, benetan, desengainu handia izan zan; hori bai, Baliko egonaldia pilak kargetako eta trankil egoteko erabili genduan.

Erdi Arora salto

Txinara lau ostera, Asiako hego-ekialdera hiru, Marokora bat eta Indiako azpikontinentera beste bat egin ostean, Timor Ugartea, Ekialdeko Timor, planetako herrialde barriena azpigaratuena otu jat. Egia da Balitik Timor Ekialdeko uriburura, Kupangera alde handia dagoala eta, akaso, erabagiorra izango zan ideia hori hartzeko. Dana dala, Timor Ugartera joatea historian eta denporan atzera egitea da, gizaldi batzuk atzera egitea hain zuzen. Datu legez baino ez bada be, han lastozko etxe-igluetan bizi dira herritar gehienak eta erremintak egiteko zein behar egiteko moduak Arturo erregearen sasoikoak emoten dabe.

Halan da guztiz be, herritarrek erakutsi euskuen eskuzabaltasuna eta jarrera abegitsua oso deigarria egin jakun. Munduko per capita errentarik bajuenetakoa dago hemen eta miseria gorria espero genduan baina, esandako moduan, maitagarria da hango jentea, emon egiten dabe eurek daukien guztia trukean zer espero barik; hori bai pobrezia sekulakoa da han. Soe, Ekialdeko Timorreko probintzian bisitau genduzan herritxuetako baten herri osoa mobilizau zan guri koko bi erregaletako; gazte batek beren beregi hartu ebazan koko horreek hogei metro baino altuagoa zan palmondo batetik. Ezelako tramankulu barik, eskuak eta oinak erabiliz igon eban goraino herri horretako produkturik preziatuena guri eskaintzeko; pagetako ustea azaldu geuntsenean, ia-ia hasarratu be egin ziran.