Bidaide  I. urtea // 4. zenbakia - 2002ko bagilaren 15a - Hamaboskaria

Abenturak Herbehereetan

Emozinoa ez dozue urruneko leku exotikoetan bakarrik topauko


Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.

Munduan ibilteko modu asko dagoz: alde batetik, goitik behera preparautako luxuzko bidaiak egin daitekez, eta bestetik, motxilea lepoan hartuta. Oraingo honetako gure protagonistak Markel Arregi eta Oier Bilbao doguz, eta Belgika eta Holandako lurretan 19 eguneko bidaia egiteko modurik merkeena aukeratu eben. Motxiletan pisu larregi eroatea be ez da komenidu eta oinarri-oinarrizko gauzak baino ez zituen sartu; eta karteran, diru gitxi, jakina. Argi geratuko da beraz, leku exotikoetara joan barik, Europaren erdi-erdian be emozinoetarako eta arriskuetarako lekua badagoana.

- Oso oker ez banago, bidaia hau egiteko ideia antxinatik erabili dozue bueltaka buruan. Gitxi gorabehera, ze ibilbide egin zenduen?

Oier: Egia da antxina pentsau genduala Holandara barriro joatea. Bidaiaren ganeko gorabehera guztiak zehatz aztertuta geunkazan, baina dirurik ez, eta horixe zan gure arazo nagusia. Kontuak kontu, diru larregirik barik baina joatea erabagi genduan. Bilbotik Bruselara autobusez joan ginan eta gau bat emon genduan bertan; handik Amsterdamera trenez joan ginan eta lau egunetan egon ginan: hortxe hasi zan benetako abenturea. Azkenean, Rotterdam, Eindhoven, Breda eta Roshendal uriak be bisitau genduzan.

- Bilbotik 400 eurogaz urten zenduen baina bost egun beranduago, 50 euro baino ez jatzuezan geratzen; zelan konpondu zinien hain diru gitxigaz?

Markel: historia luzea eta gogorra izan zan; orain barre egiten dogu han bizitakoak gogoratzen doguzanean, baina benetan gogorra izan zan. Supermerkatuetan erosten genduzan patata prijiduakaz, moldeko ogiagaz eta markarik bako pateakaz eta era horretako jateko merkeakaz beteten genduan tripea.

Oier: halan da be, txarrena lo egitearena izan zan; abenturearen bila joan ginan, ezelako erreserbarik egin barik, eta han ostatu guztiak ganezka egozan. Orduantxe hasi zan gure kalbarioa, akordetan zara?

Markel: zelan ez naz akordauko ba! Galduta gengozan, Amsterdamera heldu eta lo egiteko leku barik!; halako baten, gizonezko baltz bat hurreratu jakun eta bere lagun batek baeukala ostatua agindu euskun; beragaz joan ginan ostatu haretara eta gaueko 11etarako gelea eukiko genduala emon euskun berbea; laguntzeagaitik 20 florin eskatu euskuzan, baina ostatuko buruagana joan ginanean, gelarik ez egoala libre eta gizon harek iruzur egin euskula esan euskun.

Oier: orduak aurrera joiazan eta hiru izarreko hotel batera joan ginan; gaua pasetea 100 euro kostau jakun, baina ondo aprobetxau genduan: 16 ordu emon genduzan lotan eta birritan dutxau ginan. Onena, barriz, gosaria izan zan, buffet erakoa eta majo janda joan ginan kalera.

Markel: hurrengo gauerako ostatu merke bat topau genduan: gau bakotxeko 14 euro; persona bakotxak pagetakoa zan hori baina biok egin genduan lo ohe berean; han nahikoa normala ei da hori...

- Bueno, diru askorik ez zenduen gastetan...

Markel: (barreka) Bueno... egia esan, lo egiteko eta jateko ez genduan diru askorik gastetan, baina bai, ostera, parrandan.

Oier: ondo pasetako asmoagaz joan ginan eta egunez uria ezagutzen bagenduan, gauez, ba, badakizu; Holandan parrandarako aukera asko dago eta harrera ona egiten deutsee kanpotarrei, nahiz eta hemengoak baino hotzagoak izan. Holandarrek be badakie gauari etekinik onena zelan atara.

Markel: kontua da bosgarren egunerako 50 euro baino ez geunkala patrikeran eta oraindino Rotterdamen gengozan. Hemetik aurrera aldatzgorea hasi zan. Rotterdamera trenez joan ginan, eta pagau barik ganera. Txartel-zulatzailea hurreratzen ikusi genduanean, hurrengo geltokian alde egin behar izan genduan. Kalean topau genduzan ezpanetako-barra bategaz eta kartoi zati bategaz kartel bat egin genduan kotxe gidariei Rotterdamera ginoiazala jakinarazoteko. Sei ordu baino gehiago bide bazterrean emon ondoren, Rotterdamera joian batek hartu ginduzan.

Oier: gaueko hamarrak ziran eta harek morroiak Rotterdameko auzorik arriskutsuenean itxi ginduzan. Bagenekian Rotterdam gauez zulo baltza eta oso arriskutsua zana. Lo egiteko lekurik ez genduan topau, eta metrotik be alde egin behar izan genduan polizien 'gomendioz'; gauzak holan dirala, 24 ordutan zabalik egoten diran gasolindegi horreetako baten egin genduan lo ezelako aterpe barik eta goitik behera euria zala.

Markel: kriston hotzagaz, gau osoa eskekoei eta drogazaleei begira emon genduan.

- Rotterdametik nora jo zenduen?

Oier: ezpanetako-barra horreetariko bategaz beste kartel bat egin eta bide bazterrean parau ginan hatzamarra atarata Eindhovenera joateko asmoagaz. Arin lotu zan kotxe bat, baina dirurik ez geunkala jakin ebenean, garraiobide barik geratu ginan. Luzaroan egon ginan zain, baina atzenean, ordu batzuk geroago heldu ginan Eindhovenera. Han ez zan gure bidaia amaitzen, baina gitxi falta zanez, patrikeran geunkazan txanpon apurrak gastau genduzan.

Markel: egunez batera eta bestera ibilten ginan eta lo, barriz, kalean. Ejerzituaren koartel baten ondoan lo egin genduanean, soldaduek urez beterik botetan euskuezan globoen eztandakaz blai-blai eginda akordau ginan.

Oier: madarikatuak!.

Markel: kalean lo egiteko toailea erabilten genduan mantatzat eta erropa zikina, ostera, burukotzat.

Oier: azkenean, Eindhovenetik Bruselara trenez joan ginan eta pagau barik jakina. Txartel-zulatzailea nondik nora ebilen neurtu beharra egoan baina.

- Estualdi batzuk kenduta nahikoa polito ibili zinien...

Markel: bai, abentura hutsa izan zan eta emozino faltarik be ez zan egon. Dana dala, edozein momentutan joango nintzateke barriro. Bizitzan noz edo noz bidaiak modu berezi honetan egitea gomendatu behar deutset gazteei, besteak beste, etxean daukazuna baloretan eta bizimodua zelan edo halan ataraten ikasten dozulako.