Eretxia  III. urtea // 53. zenbakia

Oporraldia, hori berba majikoa...


Mendebaldeko gizarteak bidaia maite dau. Bigarren mailan geratu da lana. Kanpoko lekuak, uriak, ganerako kulturak gura doguz gure begiakaz ikusi. "Aireak aldatu" gura doguz, gure eguneroko bizitza aspergarria atzean itxi eta bestelako esperientziak izan hemetik kanpo. 'Ebasinoa' da gure helbururik nagusiena. Beste nonbaiten gagozala egiten dogu ames. Eta ames hau oporretan bete beharko geunke. Ala ez. Gura genduana lortu dogu? Ez? Ez dau ardura, buruan euki doguzan asmo eta ideia guztiak baietz bete hurrengo oporraldian..., udan edo. Pazko astean oporretan egongo zarien guztioi disfrutetako baina bueltan etorteko dinotsuet. Aireportuan edo tren geltokian ikusiko gara.

IƱaki Atxutegi

Aste Santuko 'superzubi' edo dana dalako hori joan jaku konturatu be egin barik. Ez jaku bape txarto etorri holako jai mordoa lan kontuak alde batera laga eta eguneroko kontuak ahazteko. Gure nagusia ahaztu gura dogu, gure soldateari txinpartak atarako dautsaguz, oporrak hor dagoz eta disfrutau egin behar doguzalako. Gure gurasoen sasoian ez egoan holakorik edo behintza ez egoan horrenbeste amorru eta pasinorik opor egunak hartzeko, eurentzako lana (edo beharra) bizitzearen zatirik garrantzitsuenetariko bat zan eta.

Deskantsua, guretzako daukagun denporea da berba majikoa. Lan egitea gure eskubidea da, jakina, baina lanak badauka bere ordaina, bai dirutan zein denpora librean. Denporea ahalik eta ondoen aprobetxetako marabilak egiten doguz.
Orain urte gitxira arte aisialdirako aukerak ez ziran asko, egia esanda. Ospakizun erlijiosoak, kirol emonaldiren bat eta bueltatxu bat emoteko aukereagaz konformetan ziran gure aurrekoak. Gaur egun, ostera, zubiak akuedukto bihurtu dira eta akueduktuak astebeteko oporralditxuak. Beharra helburua bazan, orain lana oporraldi biren artean pasa beharreko tarte nekagarria da.

Aste Santuan fededun kristinauek euren sinismena sendotzeko eta azaltzeko aukerea daukie. Horrezaz ganera, euskal abertzaleek euskal aberriaren ganeko agerpen publikoa egiteko ohiturea daukie. Ez dira egunik onenak gaur egun herritarrei dei egiteko. Oporraldiaen tentazinoa lar indartsua da.

Gogoratu daiguzan uriak joan dan astean zehar. Kaleak erdi hutsik topau genduzan Aste Santuko jai egunetan. Guggenheim museoak erakarritako turistak eta bertoko lagun gitxi. Ez dau emoten orain gitxi garraio publikoetan izan diran sarraskiek eragin handirik izan dabenik kanpora joateko gure borondatean.