Zinea  III. urtea // 53. zenbakia

Cleopatra


Cleopatra Robertogaz ezkondutako eta semea nahiz alabea Buenos Airesetik kanpo daukazan irakasle jubilatua da; gizona behar barik lotu eta urte bi egin dauz lan baten bila. Orain arte, Cleok bizitzan beti jokatzen izan dau berarengandik itxaroten zan moduan: ama ona izan da, emazte leiala eta lagun kementsu eta arduratsua.

Sandra, ostera, besteek bere ordez egin daben guztia da: ospearen eta izenaren trenean doan telebistako izarra, guratsua, bulimikoa eta apur bat zoroa..., sakonean, babes barik sentitzen dan personea.

Gauzak holan, hirurogeita hamabi ordu nahiko izango dira, andre bi honeek alkartu eta euren benetako izakerea erakusteko. Egunerokotasunagaz abrosiduta, asteburu bizi bati ekingo deutsie, helburu zehatz barik, baina etorkizuna eta bizimodua behin betiko aldatzeko gogoz. Bidean Carlos ezagutuko dabe, euskal sustraiak daukazan gazte erakargarria.

Orain arte irakurri ahal izan dozuenez, bizitzeari astindu gogor bat emotearen edo norabide aldaketa bat hartzearen ganean berba egiten deuskun pelikulea da, sentimentu, pasino eta desioen inguruan hausnartzeko aukerea emoten deuskuna; horixe da Argentinako azken urteetako zinearen arrakastea, bizitzan garrantzitsuak diran gauzen inguruan gogoeta egiteko bidea jorratzea; beharbada, herrialde honek bizi izan dauan egoera larria bizi izan ostean, argentinarrek erakutsi behar deutsie mundu osoari zeintzuk diran zoriontsua izaten ahalegintzeko benetan aintzat hartu behar doguzan balioak, zeintzuk guztiok behar doguzan babeslekuak. Film polita, bizia eta entretenigarria.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Eduardo Mignogna
- Herrialdeak: Argentina eta Espainia.
- Iraupena: 105 minutu.
- Antzezleak: Norma Aleandro (Cleopatra), Natalia Oreiro (Sandra), Leonardo Sbaraglia (Carlos), Héctor Alterio (Roberto), Alberto de Mendoza (Víctor), Boy Olmi (Francis).
- Gidoia: Silvina Chague.