Sekulako arrakastea izan dau NABOren mus txapelketeak
AEBetan sakabanatuta dagozan euskaldunak batzeko, alkarrengana hurreratzeko eta hartu-emonetan jarteko helburua dauen ipar ameriketako euskal etxeen federazinoak ekitaldi ugari antolatu ditu aurten be, ekitaldi nagusia abuztuaren 23tik 25era bitartean Kaliforniako San Franciscon egingo dan urteroko biltzarra izango bada be. Aitatutako biltzarraren harian, urteroko mus txapelketeak indar handia hartu dau eta horren erakusgarri aurten 36 taldek hartu dabe parte. Ventura Basque Clubeko kideek irabazi eben igaz, eta ohitureari jarraituz, eurek antolatu dabe aurtengo txapelketea Kern Countyko Eusko Etxean; txapeldunak San Franciscoko Anaitasuna Euskal Etxeko Cecilio Echamendi eta Tony Espinal izan dira, eta bigarren, barriz, Los Angeleseko Oberena Eusko Etxeko Abel Martinez eta Fernando Perez. Irabazleak NABOren ordezkari izango dira urriaren 5etik 12ra Miarritzen egingo dan nazinoarteko mus txapelketan. Aitatzeko modukoa da lehenago be ordezkatu ebela NABO eta, beraz, ez dira mus kontuetan atzo goizean hasitakoak, eskarmentu handikoak baino: Cecilio eta Tony 1997ko Venezuelako Txapelketan egon ziran, eta Abel eta Fernando Mexikoko Akapulkokoan, 1999an.
eitb.com