Euskerea berbagai  III. urtea // 53. zenbakia

Ume eta nerabeen artean ahozkotasuna indartzeaz (I)


Eta orain irakurle batek baino gehiagok esango deust, besteren artean, ikasleeakaz debateak egiten dituala edota antzerki saioak antolatzen dituala, askotariko gaiak hartuta ikasgelan azalpenak ahoz emoteko eskatzen deutsela ikasleei, galdera eta erantzunetarako tartea egoten dala eta abar. Halanda be, holakoak egin arren, mailen arabera ahozko testu mota desbardinak egituratuta, sailkatuta eta sistematikoki lantzeko preparauta ete daukaguzan da kontua, eta ez egiten doguzan ala ez. Era berean, askotariko ahozko testuak zelan produzidu ahal dabezan erakusten ete deutsegu ikasleei? Ze, heldulekurik eskaini ezean, ezin izango dabe testurik eregi, eta egiazko komunikazino egokia, jatorra eta zuzena nongura eta noizgura garatzea ezinezko suertauko jako.

Azterketa batzuetan eta etxerako ikasleei agindutako lanetan, behin baino gehiagotan, “Zeintzuk dira azalpen testu baten ezaugarriak?” eta holakoak irakurrita nago eta gogoa bera be ilundu egiten jat, neure buruari dinotsat: hezkuntzearen barrikuntza sasoian azalpen testuak eta holakoen sailkapenak egin ziranean, helburua ez zan gramatika arauak irakasten diran eran hareek be lantzea, ezpada, ikasleek produzidu ahal izateko irakasleari lagungarri suertauko jakozan orientabideak eskaintzea; azalpen testuak deskribidutea ez da kontua, behar diranean, produziduteko gaitasuna lortzea baino.

Hara! Ikastola batzuetan egindako ikerketa baten emoitzak eta bestelako ikastetxeetan egindako azterketak eskuartean daukaguzala, mailek aurrera egin ahala ikaslearen esku hartzea gitxitu eta irakaslearen esku hartzea indartzen joan ohi dala ikusi dogu. Ez hori bakarrik. Maila batzuetan ikasle eta irakaslearen arteko alkarrekintzea irakasleak egindako galderei ikasleek erantzutera mugatzen dala igarri ahal izan dogu. Baina, holakoetan be, bakarrizketea da benetan irakasleak lantzen dauana, galderearen erantzunak bilatze horregaz ez ditualako ikaslearen jakinmina eta arreta bilatu gura, ez dau ikasleak ikasprozesuan eragile eta subjektu izatea bilatzen, irakasleak existiduten ez dan ikasle ideal baten bidez, bere ustez zuzenak diran erantzunak bilatzen ditu, hori baino ez. Ez dago, beraz, egiazko alkarreraginik ez ikasle eta irakaslearen artean, ez eta ikasleen artean be.

Oharra: gai honen ganeko II. atala, hamabost egun barru.

Erramun Osa

Hizkuntza idatzia garatu dan giroan, personak gizartean txertatu dirala jakiteko adierazle bihurtu dira idazketea eta irakurketea menperatzea; ondorioz, irakurtea eta idaztea ikastetxeetako komunikazinoaren jaun eta jabe bihurtu jakuz, harik eta Mendebaldeko hezkuntza sistema askori buruzko txostenetan egungo gazteen ahozko hizkuntz gaitasun eskasa jaso dan arte. Izan be, umeek eta nerabeek pentsamentuak eta ezagutzak eregiteko eta transmititzeko orduan arazoak daukiez. Zergaitik?

Arrazoiak asko dira, besteak beste, sasoi baten, eskolatze prozesua sei urtetik aurrera hasten zala. Halanda ze, sei urtera arte etxean egon eta etxekoakaz berba egiten ebenez, berba egiten baekiela eta eskolearen ardurea idazten eta irakurten irakastea zala –batez be– pentsetan zan, baina, hori ez da holan. Batetik, sasoi baten, familiako kideen artean egoan alkarrekintzea egungoa baino askoz indartsuagoa zan; egun, ez da holan izaten. Bestetik, sasoi bateko 3-6 urte bitarteko aukerako eskolatzea, egun orokorra ez eze, 0-3 artekoa izatera be heltzen ari da. Azkenengoz, eskolan garatu beharreko jardueretarako etxeko giroan ikasitakoa ez da nahikoa, izan be, jarduerak konplexuagoak dira. Halanda ze, holakoak arrakastaz burutu ahal izateko prestakuntzea beren beregi ahalbidetu behar dau eskoleak.

Era berean, irakaslearen ardurea edukinak transmititzea zanez eta danez (besteak beste, holan ikasten ibilitakoak dira egun hezkuntza munduan diharduenak), edukin horreek eskuratzeko ikasleak ikas prozesuaren objektu ziran eta, egun, holan izaten segitzen dabe. 'Irakasleak daki eta ikasleak ez', beraz, irakasleak dakian hori ikasleari transmititzeko urratsak egin behar ditu. Testuinguru horretan sakonduz, aztertu daigun gure ikasgelen antolaketeak ahozkotasuna lantzeko aukerarik eskaintzen dauan: ikasleak irakasleari begira jarten dira eta, mailearen arabera, irakasleak ikasgelan hartzen dauan jarrerea geroz eta indartsuagoa, zentralagoa da, harik eta unibersidadean aurrealdean ez eze, behearen gainetik metro erdiko oholtza gainean egotera be heltzen da eta, holan, ikaskidearen bekokia da aurrealdean ikusten dabena. Horrek, duda barik, ez dau ahozko ekoizpena errezten.