Txutxu-mutxuan  III. urtea // 53. zenbakia

Zisjordaniako hormatzarraren aurretik, hiru urteko alanbradak


Presondegi geografikoak

Azkenenengo hiru urteetan jazotakoaren ikurrik gogorrena aukeratu behar izango balitz, palestinarrek, duda barik, kontrol militarren ezarpen eta hormatzarraren eraikuntzea aukeratuko leukie. Garagarrileko txosten baten, OCHAk (Nazino Batuen larrialdietarako laguntzearen erakunde koordinatzaileari jagokozan sigla ingelesak), personen mobimentu libreak galazoten dauzan 396 kontrol zenbatu ebazan Zisjordaniako iparraldean baino ez.

Israelgo ejerzitoak erabilitako terminologiari segiduz, ideia eta asmoa da palestinarrak “kartzela geografikoetan” bizitzea. Kokaleku zehatz horreetan bizi behar izateak gizartearen goitik beherako eraldaketea ekarri dabe; astoak eta gurdiak ostera be agertu dira, erregairik ezin erosi daitekelako eta mobiduteko aukerarik be ez dagoalako. Autarkia moduko bat sortzen dago, hornigaien joan-etorria sarri askotan eteten dalako. Halanda ze, ogibide barriak be sortu dira, berbarako euren burua hesien arteko salgaiak aldean eroateko alokatzen dabezan umeak, eta barruti bakotxaren ondoko inguru libreetan sortu eta palestinarrek umore eta trufa handiz “duty-free” esaten deutseen merkataritza guneak.

Horrezaz ganera, kontroletan sufridu beharreko irain, tratu txar eta eraso justifikaezinak dagoz. Eta hori guztiori euren herrialdearen barruko lur eremu batetik bestera askatasunez mobidu ahal izateko. Bien bitartean, Israelek lotsearen hormatzarra eregiten jarraitzen dau, Israelen barruan Palestinako lur gehiago hartuz, bakea gorrotoan topetako modurik balego legez.

Begiluzea

Israelek 2002an 720 kilometroko hormatzarra eregiteari ekin eutson Zisjordanian, horrek suiziden erasoak ebitauko ebazalako atxakia ipinita. Hormatzarraren eraikuntzea mundu osoan izan da kritikatua eta, izen bi aitatzearren, Aita Santuak eta Europako Batasunak berak gaitzetsi dabela esan geinke. Bien bitartean, Estadu Batuek bakerako traba bat izan daitekela adierazo arren, NBEren ebazpen bati betoa ipini deutsie, europarrik gehienek Berlingo “lotsearen hormatzarra” izanikoagaz konparetan daben horma erraldoi horren eraikuntzea kondenatua izan ez daiten.

Etenbako kontrolak

Lurralde okupatuetan ezarritako kontroletan, palestinarrek ezkontzea ospatu, torturak sufridu eta erditzeak ikusi leikiez. Nazinoarteko begirale askok nazien kontzentrazino zelaien alanbradakaz konparetan dabez. Kontrol horreek ezarri ziranetik hiru urte eta erdi inguru pasau diranean, Israeleko soldaduek palestinarrak “gela geografikoetan” kontrolau gura dabez, eremu handiko kartzela baten balegoz legez.

Orain dala gitxi argitaratutako informazino batzuen arabera, jakin ahal izan da Israelgo soldaduek, hainbat kasutan, kontrolak ebitetan eta Nablus-era oinez ailegetan ahalegintzen dan palestinarrik topetan badabe, jagoletza puntu horreetariko baten zutunik egoten behartzen dabela, harik eta insolazino batek jota hil arte.

Israelek Zisjordanian eta Gazan 2000ko irailaren 28an ezarritako errepide blokeoak egoera tragikoa eta gorria ekarri deutse bertako biztanleei, gorrotoaren gurpil-zoroari eutsiz. Palestinarrak, une honetan, ezin dira eskolara edo medikuarenera joan, ez daukie behar egiteko eskubiderik, “gela geografiko” horretariko baten bizi dira presoen pare. Kasualidadea balitz legez, zerbitzurik gehienak, ikastetxeak, behar-lekuak, ospitaleak... alanbradez bestaldean daukiez.