Euskaldunok munduan  III. urtea // 53. zenbakia

Iguazuko ur-jauzietan (I)


Iguazuko ur-jauziak dagozan parkera joan gara. Iguazu ez da Amazonia, baina landaredia ugaria da, emonkorra, berde-berdea. Lurra landarez estalita dago. Brasiletik datozen Parana eta Iguazu errekek bat egiten dabe ur-jauzietan, eta batera doaz Rio de la Plataraino. Errekak zabal-zabalak dira eta hainbat ur-jauzi dagoz. Tupi-guaraniz, Iguazuk ur handiak esan gura dau, eta halan da. Ur-jauziak ikusteko hiru ibilbide egin dabez. Guk, goiko ibilbidea hartu dogu lehenago. Balkoiak eregi dabez ur-jauzien ganean eta ez dago metro bat baino gehiago gure hanketatik uretaraino: bildurgarria da. Bildurgarria eta erakargarria. Urak liluratu egiten zaitu, hipnotizau. Beragaz batera eroango zaitula emoten dau, eta bildurtu eta erakarri egiten zaitu horrek guztiorrek.

Beheko ibilbidean ur-jauziak behetik ikusten dozuz. Ur-jauziaren ondoan balkoi bat eregi dabe eta jausten dan uragaz busti egiten zara. Sortzen dauan sensazinoa itzela da, euri berezia da eta doinu ikaragarria dauka. Mela-mela eginda, aurrera segidu dogu. Bidean tximeleta handi piloa ikusi dogu eta barruan kili-kiliak sortu deuskuez.

Oinez pare bat kilometro egin ostean, hirugarren ibilbidera joan gara. Kilometro eta erdi dago errekearen ertzetik Deabruaren Eztarria deitzen dan ur-jauziraino. Ugarterik ugarte, zubirik zubi joan gara, ur haren guztiaren ganetik. Ailegetean, itzela izan da ikusi doguna: ha da ur-jauzirik handiena! Urak zarata handia sortzen dau. Ganera, eguzkia dago eta uragaz batzean etenbako ostarkua sortzen dau. Uraren indarra handia dala emoten dauan arren, harrituta ikusi dogu txoriek ur-jauzietako arroketan habiak daukiezala. Ura eten barik doa beherantza, eta beheko ura jotean lurrina sortzen dau: hodei txiki bat uragaz batera. Lurrinak, urak eta zarateak hartu eta inguratu egiten gaitu, eta beste mundu batean zagozala emoten dau. Benetakoa ez dan mundu batean. Ikuspegia berezia da, eta beragaz maitemindu be egin zaitekez. Hemengo ipuin baten arabera, tupi-guaraniak urtero neska gazte bat eskaintzen eutsien uraren jainkoari. Behin, beste tribu bateko mutil bat etorri zan eta urte haretako neskeagaz maitemindu zan. Neskearen zorigaiztoko etorkizuna zein zan jakitun izanda, neskea bahitu egin eban. Uraren jainkoa haserretu eta biak atrapau ebazan. Neskea eta mutila alkarrengandik banandu eta ur-jauziak sortu ebazan, bata goian eta bestea behean ipinita. Uraren jainkoa, barriz, Deabruaren Eztarrian bizi zan. Neskea eta mutila betiko bananduta eukiteko asmoa eban baina ostarkua sortzen danean, ostera, neskea eta mutila batu egiten dira.

Deabruaren eztarriaren ahoan egon eta gero txalupatxu bat hartu eta errekan behera joan gara. Albo bietan landareak uretaraino ailegetan dira, ura marroi-marroia da, eta benetan baino, pelikula batean egon garala otu jaku...

Iratxe Ormatza

Boliviatik urten eta Argentinan sartu gara. Boliviara sartzeko egin gendun moduan, oinez sartu gara. Ostean, gose izan gara eta egin dogun lehenengo gauzea jatea izan da. Eta igarri dogu, bai, Argentinan gagozala: okela gehiago eta zati lodiagoa emon deuskue. Gero autobusa hartu eta Saltara joan gara. Saltan Argentinako bizimoduaz gozau dogu: pizzak, izozkiak, pastak, okelea eta zinea.

Saltako aterpetxeko giroa sano ona izan da. Bigarren gauean okela-errea jan dogu: saiheskia, txorizoa, buzkentzea… eta dana ardau onagaz. Izan be, hemen okela asko jaten dabe eta errea da preparetako erarik ohikoena. Afarian nahikotxu jan dogu, ardaoa be gozo egon da, eta errez alkartu da okeleagaz.

Autobusa hartu eta Cafayatera joan gara, hango upeltegiak ikustera. Bentanatik ikusi dogun parajea polita izan da, lurra gorri-gorria da eta erosinoak forma bereziak sortu dauz. Hiru egon gara: AEBn bizi dan mutil ingles bat, nebea eta hirurok. Cafayaten egun osorako bizikletak hartu doguz. Eguna ondo hasteko ardaoz egindako izozkia jan dogu. Ardao baltzagaz eta zuriagaz egindakoak dira, eta izozkiaren alkohola igarri dogu egin dauan bero itzelagaz pedalei eragin deutsiegunean. Eguzkiak bere izpi guztiak gugan ipini dauz eta haizearen laztanak be igarri doguz, baina gu kementsu egon gara eta upeltegietara joan gara. Lehenengoak Echart dauka izena; antza, iparraldetik hona etorritako batek zabaldu eban, bertoko indioei lurrak kendu ostean. Hiru klasetako ardaoak emon deuskuez, onak danak be.

Barriro be bizikletan, eguzkiak ez dau kupidarik euki. Munduko hodei bako zeru bakarra Cafayaten egon dala esan geinke. Dana dala, guk eutsi egin deutsagu eta summelier izateko lehen pausuak emon doguz herri inguruan dagozan upeltegietan.

Saltatik Puerto Iguazura joan gara. Ailegau baino lehenago ingurua zelan aldatzen dan ikusi dogu: lurra gero eta gorriagoa eta landareak gero eta berdeagoak. Ederra.