Kulturea  III. urtea // 53. zenbakia

Tonetti, Bilboko Casilda Iturrizar parkean eskulturea daukan pailazoa


Jose Villak ezin izango eban jazoera hori ahaztu, baina zoriontasuna eta irribarrea erregaletan segidu eban urte bat gehiago. 1983ko uriolen ostean, Bilbon, bere ikuskizunaren erdian, pailazoa konturatu zan ikusleak apur bat motel egozala, amatauta legez. Nolo anaiaren heriotzea be hur egoan, eta beharbada horregaitik izango zan. Tonettik, baina, oihu egin eutsien: “Egin barre danok, egizue burruka orain arte legez, herri berezi baten parte zarie-eta, neurea legez sentiduten dodan herria”. Jentea aulkietatik altzau eta txaloka hasi jakon, zoratzeko puntuan. Tonettik omenaldi hori egin eutsan Bilbori, eta Bilboko jenteak txalozko omenaldiagaz erantzun eutsan.

Handik urtebetera, bizitzak beste golpe bat emon eutsan Tonettiri: semea hil jakon, moto istripuan. Jose Villa etxean sartu zan eta, han, poemak idazten eta koadroak pintetan pasetan eban denporea. Gero, 1985an, Bilboko Arte Eder Museoaren atzean ikusgai dagoan eskulturea inaugurau zan, eta omenaldia egin jakon. Ganera, urtero-urtero, laguntza humanitarioari eskaintzen jakozan sari batzuk banatzen ditue Bilbon, pailazoaren izenagaz. Bilboko eskulturea geroago jasoko zituan sarietako bat baino ez zan izan: Pailazoen Klubaren Intsignia, Zirkuaren Sari Nazionala (1972), Molino de Oro saria (1977), Benefizentziaren Kurutzea (1974), Kantabriako Dominea (1985) eta Arte Ederretako Merituaren Urrezko Dominea (1993) dira sari horreetako batzuk. 1998an, Zirkuaren Sari Nazionala jaso eban bigarrenez.

Tonettiren osasuna okerrera joan zan azken urte biotan, 2002ko zemendiaren 26an Bilbon egoala buruko isuria izan ebanetik. Bere izena daukien sariak banatzera joan behar eban, baina Basurtura eroan behar izan eben arineketan. Geroztik, makal egoan, eta askotan eroan behar izan eben ospitalera. Bere anaia Victorrek esan ebanez, “ez zan barriro bera izan buruko isuria euki eban egunetik aurrera, ospitalean sartu eta urten ibilten zan, baina azken hilabetean oso txarrera egin ebala argi egoan. Izandakoaren hamarrena be ez zan”. Azken pailazoa joan da, baina Casilda Iturrizar parkeko eskultureak barreka segiduten dau.

Julen Gabiria

Zezeilaren 20ko arrastian hil zan, Madrilen, Jose Villa del Rio, Tonetti pailazo eta zirkuko enpresa gizona, 84 urte eukazala. Santanderren jaio zan 1920an, eta gazterik erakutsi eban pailazoarena egiteko zaletasuna, txikitan arpegia margoztu eta lagunei istorioak kontetan eutsezanean, Kantabriako uriburuko Zapatero kalean.

Hamabi urtegaz, eta gurasoak kontra euki arren, Rondalla Katiuska izeneko taldean sartu zan, eta orduan erabagi eban zirkuan modu profesionalean behar egitea. Izan be, Jose Villa gizon heldua zan 12 urtegaz, ordura arte Viesgoko Electra elektrizidade konpainian ibili zan-eta beharrean, aitagaz. Etxeko egoera ekonomiko eskasak be heldu egin eban mutikoa.

Berrogeita hamarreko hamarkadearen hasieran, artista batzukaz batu eta Hermanos Tonetti taldea sortu eben (ez ziran anaiak), izena Italiako Antonet clown ezagunaren omenez ipinita. Artista talde hori han eta hemen hasi zan, eszenatokiz-eszenatoki, eurek sortutako Radio Circo-n. Gero, Circo Hervás izena ipiniko eutsien proiektu horri.

Baina Villak ikuskizuna modu osoagoan gura eban kontrolau, ez bakarrik pailazoen atala. Eta enpresa gizon petoa ez bazan be, Manolo Villa “Nolo” anaiagaz Circo Atlas sortu eban. Espainian, sinisteko ez moduko arrakastea eukien zirkuek sasoi haretan, eta lehendik be baegoan beste zirku handi eta ezagun bat: Circo Americano, Arturo Castilla bilbotarrak sortutakoa. Halanda ze, lehia handia sortu zan zirku bien artean, lehiatik kanpora itxiz herriz herri ebiltzan beste hamaika zirku txikiagoak. Atlas-en mundu mailako artista asko egozan: Bela-Kremo, Tangarika, Belli, Pinito del Oro, Los Feller edo Cesare Togni, besteak beste.

Apurka-apurka, Bilbon, Circo Americano jaun eta jaube zan lekuan, Circo Atlas etorteko be hasi zan jentea eskatzen, eta hango izar guztien ganetik, jenteak Tonetti anaiak ikusi gura ebezan, batez be oraintsu hil dan Jose Villak egiten eban numero bategaitik: sardina-saltzailearena. Tonetti ikuskizun horregaitik pasau da, hain zuzen be, zirkuaren historiara: Santurtziko sardina-saltzailez jantzita agertzen zan pistaren erdian, eta merkantziaren propagandea egiten eban zarataka, erosleak zirikatzen ebazan, kritikak egiten eutsezan ingurukoei... eta horrek guztiak jentearen algarak sortarazoten ebazan. Ikusleen erantzuna itzela izaten zan. Holantxe sortu zan Jose eta Nolok osotutako taldea, Hermanos Tonetti, oraingoan bai, anaia bik osotutakoa. Jose, pailazo zuztarbako eta trauskila; eta Nolo, arpegi zuriko clowna. Bien artean, Charlie Rivel, Pamplinas edo Antonet italiarraren mailara heltzea lortu eben.

Halanda be, 70eko hamarkadan, zirkuaren egiturak ez ziran lehengo moduko sendoak. Telebistearen lehia handiegiak eta, batez be, telebistea doban izateak, bazterrean itxi eban karpapeko ikuskizun handia. Tonetti anaiek 1982ra arte iraun ahal izan eben pistan. Urte horretan hasi zan amaierea, Nolo hil zanean: zirkuaren negozioaren gainbeherea zala-eta depresino handi baten sartuta, eta tratamentu psikologikoa jasoten eban arren, bere buruaz beste egin eban, handia izandako Circo Atlas haren arazo ekonomikoei aurre egin ezinik.