Euskerea berbagai  III. urtea // 52. zenbakia

Euskalkien erabilerearen ganeko Euskaltzaindiaren adierazpena

Irakaskuntzan, Komunikabideetan eta Administrazinoan


Adierazpena

‘Adierazpen honen asmoa da euskara baturako eta euskalkietarako esparru eta joko-arau zehatzagoak ezartzea edo berrezartzea; horreen bitartez euskaldun guztiok eroso eta eraz egon gaitezan egunero euskerea erabilten dogunean. Horretarako, oinarrizko lau abiaburu honeek proposatzen dira:

1.1. Begirunea izatea. Euskeraz berba egiten daben hiztunen egoera desbardinei begirunea zor jake, hiztun horreek euskalkiak erabili nahiz euskera batua erabili. Hortaz, hiztunen artean ez da bereizkeriarik egin behar euran jatorrizko hizkuntzearen ondorioz, euskalkiaren ondorioz edota zuzenean euskera batua ikasi izanaren ondorioz.

1.2. Elkarren osogarri izatea. Euskera batuko eta euskalkietako adierazpideek, idatzizkoek nahiz ahozkoek, alkarren aberasgarri izan behar dabe: zehatzago esanda, euskalkietako formek berezko bide izan behar dabe euskera batuko formetara ailegetako. Besteak beste, hiztegian, sintaxian eta esapideen arloan, euskera batua eta euskalkiak dagoz, bi errealidade horreek bizi-biziak dirala.

1.3. Forma egokiak erabiltea. Euskalkia erabiltean, egoerea eta eremua kontuan hartuta aukeratu behar dira formarik egokienak: eremu zabalerako, euskera batutik hurbil dagozan formak, eta eremu mugatuagoetan, bertakoak be bai.

1.4. Arauak eta gomendioak betetzea. Euskalkien erabilerearen ganeko Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak bete beharrekoak dira; eta batez be, lehenago aipatutako 1979ko bi baldintzak eta 1994ko zazpi proposamenak.
Bestalde, euskalkien alorrez alorreko erabileran, oso kontuan hartu behar dira ondorengo irizpideok:

Administrazinoan

Hedadurearen arabera, hiru herri-administrazino mota daukaguz Euskal Herrian: orokorra, lurraldekakoa eta lekuan lekukoa; eta bakotxaren jardun-esparruak bere hizkuntza-eremu bereziak ditu. Gauzak holan, eta Administrazinoaren eginbeharreko garrantzitsuena herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskeintzea izanda:

2.1. Euskera idatziari jagokonez, administrazino orokorrean euskera batua erabiliko da.

2.2. Lurralde mailako administrazinoek aintzat hartuko dabez bertako euskalkiak; betibe administrazinoko lexikoaren eta terminologiaren batasuna begiratuz, erabilera orokorreko berben ordeak asmatzen ibili barik.

2.3. Bidezkoa da lekuan lekuko administrazinoek bertako euskalkia erabiltea herritarrekiko hartu-emonetan, batik bat ahozkoetan.

2.4. Herritarrekaz ahozko harreman zuzena daukien administrazinoetako beharginek lekuan lekuko euskalkiaren oinarrizko ezagutza behar dute.

Komunikabideetan

Hedadurearen arabera, bi komunikabide mota daukaguz Euskal Herrian: orokorrak eta eskualde edota uri mailakoak; eta, horreetako bakotxaren jardun-esparruak bere hizkuntza-eremu bereziak daukaz. Hedabidearen arabera, barriz, badaukaguz ahozkoak, idatzizkoak eta ikus-entzunezkoak. Horreek holan, eta komunikabideen eginkizun nagusia herritarrekaz ahalik eta komunikazinorik onena lortzea izanda:

3.1. Hedadura orokorreko komunikabideek euskera batua erabiliko dabe.

3.2. Eskualde edota uri mailako komunikabideek euskera batua eta euskalkia erabili ahal dabez: biak batera; baina ez alkarregaz nahastuta, atalez atal bereizita baino. Hedadurearen eta hedabidearen arabera erabagiko dabe kazetariek-eta zein ataletan, non eta noiz erabili euskera batua eta zeinetan, non eta noiz euskalkia.

3.3. Euskalkia erabiliz jardun behar daben kazetariek-eta landuta euki behar dabe horretarako gaitasuna, ahozkoa zein idatzizkoa, euskalkiaren duintasunaren onerako. Lanean, bereziki gogoan euki behar dabe Euskaltzaindiak gaitzetsi egiten dabezala ahozkoan eta lagunarteko berbaldietan normalak diran laburdurak eta lekuan lekuko fonetismo bereziak.

3.4. Hizkuntza-erregistroa hautatzerakoan, kazetariek-eta erabagiko dabe zein ataletan, non eta noiz erabili euskera landua (batua edo euskalkia) eta zeinetan, non eta noiz lagunartekoa.

Irakaskuntzan

Hezkuntzan, gitxienez, erregistro biren erabilerak behar du lekua: lagunartekoak eta landuak (eskolari zuzen-zuzenean jagokozenak, betibe gogoan hartuta ahozkoaren eta idatziaren arteko bereizketea. Izan be, hezkuntzaren lehenengo zereginetako bat ikasleei hizkuntzearen erabileran ahalik eta trebetasunik handiena emotea da: hizkuntza aberatsa eta egoerearen araberakoa. Gauzak holan, ondorengo pausu honeek izan beharko dira kontuan:

4.1. Euskalkiek euren nortasuna daukie, eta hezkuntzan jagon egin behar dira euren osogai esanguratsuak nahiz hizkuntzan betetzen daben funtzinoa, betibe idatzizkoaren eta ahozkoaren arteko desbardintasuna kontuan hartuta eta batasunerako arauak beteta.

4.2. Lagunarteko hizkerea euskalkian edo azpieuskalkian oinarritzen dala gogoratu behar da; eta landua, ostera, euskera batuan edo euskalkiaren erabilera landuan. Holan ba, hezkuntza-komunidadeak, egoerearen arabera, hezkuntza-prozesu bakotxari jagokon erregistroa bideratu beharko dau, batez be lexikoan eta esakeretan.

4.3. Irakaslea, hezkuntzan jarduteko, hizkera landuaren eta lagunartekoaren jakitun egon beharko da. Holan, lagundu ahal izango deutso ikasleari hizkuntzearen erregistroen erabilera-esparruetan. Horretarako be, derrigorrezkoa da irakasleen trebakuntzea.

4.4. Umeei jagokenez, Euskal Herriko haurren jatorrizko hizkuntzea aintzat hartuta --betibe helburua euskaldun osoak sortzea izanda--, metodoaren aldetik, hau da, ikasgela eta ikasmultzo berean jardunda, guztiz mesedegarria da umeen hizkuntza-gaitasunaren araberako jardunbideak lantzea.

4.5. Helduei jagokenez, euskalduntzeak eta alfabetatzeak garrantzi berezia dauko. Lehenengo kasuan, euskalduntzean, zerotik hasten dalako ikasprozesua eta, bigarren kasuan, alfabetatzean, ikasleak dakienetik ez dakienera dalako ikasprozesua.

5. Adierazpen hau garatzeko, Euskaltzaindiak alorrez alorreko gomendioak eta irizpenak emongo dauz.’

OHARRA: Adierazpena jentaurrean aurkeztu eben Andres Urrutiak, euskaltzain eta Jagon sailburuak, eta Paskual Rekaldek, euskalkien lan-taldeko arduradunak.

Paskual Rekaldek Euskaltzaindiaren izenean oraintsu egindako adierazpenean erakundeak onartu barri dauazan erabagien ganean egin eban berba. Holan ba, Euskaltzaindiak oraintsu euskalkiak irakaskuntzan, komunikabideetan eta administrazinoan zelan erabili daitekezan jakitera emon deusku.

Ondorio honetara ailegetako, baina, pausu ugari emon dauz. Pausuon artean 1979an hartutako erabagia dogu, bi puntu nagusitan oinarritzen dana:

1.- Idatzian, ortografia bakarra onartuko da batuan zein euskalkietan; izan be, euskera hizkuntza bakarra da, ez hizkuntza asko. Horregaitik, Euskaltzaindiak ortografiaren batasunerako eskeini dauazan erabagi eta proposamen dan-danak bete behar dira euskalkietan idaztean ere.

2.- Idatziz zein ahoz, hizkuntzearen azpiegiturearen arabera (euskerearen oinarri bakarraren arabera) jardun behar da beti. Euskerearen muinari jagokoz deklinabide mugagabea, ‘-a’ organikoz akabautako berbak, euskalki danetan legezko dan aditz-jokoa eta abar.

Harrezkero garatu egin da euskerearen estatusa eta egoera barrira moldatzeko Euskaltzaindiak euskalkien erabilerea eguneratu eta sistematizau egin eban 1994. urtean. Holan ba, honako irizpide honeek finkatu ebazan:

1.- Ahozkoan eta lagunarteko berbaldietan gaitzetsita geratu ziran.
2.- Lekuan lekuko fonetismo bereziak gaitzetsi egin ebazan.
3.- Euskalkien forma bi edo gehiago erabilten diranean, batuagaz bat datorrena hobetsi eban.
4.- Batasunerako erabagi dan deklinabidea derrigorrezkotzat jo eban, baina bizkaierazko forma berezi batzuk be ontzat emonda.
5.- Batasunerako erabagi dan aditz-jokoa derrigorrezkotzat jo eban, baina euskalkiko forma batutzat har daitekezanak be ontzat emonez.
6.- Euskera batuko eta euskalkietako sintaxi-zuzentasuna bat bera dala autortu eban.
7.- Morfologian, berben forma dialektal tradizinodunak be (bakotxa, barri, burruka, edur, elexa, parkatu...) ontzat emon ebazan.

Euskalkia eta batua alkarregaz buztartu beharrak sortzen dauazan arazoen urtenbideak modu askotakoak izan leitekez eta konponbideok momentuko egoereari egokitu behar jakoz. Hortik abiatuta, Euskaltzaindiak joko-arau zehatzagoak ezartzeko adierazpena egin dau.