Bi zutabe gitxiago euskerearen etxean
Andolin 1953ko abenduaren 6an jaio zan Santurtzin. Euskal literaturan lan handia egindakoa, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria be izan zan, baita Euskaltzaindiako partaide azken hiru urteetan. Aralar alderdiko kide be bai, Bizkaian Senadurako aurkeztu zana ganera. Hizkuntzalaritza Orokorraren irakasle titularra zan EHUn, Gasteizko kanpusean. Filologia Erromanikoan lizentziau zan Deustuko Unibersidadean, 1975ean. 1980an, Iowa-ko Unibersidadean egin eban magistergoa Hizkuntzalaritza orokorrean. Doktoregoa, ostera, Californiako unibersidadean Los Angelesen (UCLA), 1986an. Euskararen Aholku-batzordearen kide izan zan 1997tik 2002rarte. Eta hau dana gitxi izango bazan, Andolin ganera persona handia zan. Badakit horretarako ez dagoala titulurik, edota ezin dodala emon horren barri erabat objektiboa izanda.
Neuk irakasle izan neban Andolin, Hizkuntzalaritza Orokorrean. Euskalkiak asko gustetan jakozan, larregi akaso. Izan be, behin baino gehiagotan nahastetan ebazan punta batekoa eta bestekoa. “Erran gura det” behin baino gehiagotan entzun izan neban bere esanetan. Denpora luzea pasetan eban klasekideeri galdetzen ia zelan esaten zan berba jakin bat euren euskalkian... asko gustetan jakon eztabaidatzea. Hainbeste gustetan jakon, askotan berak bakarrik amaitzen ebala bere buruagaz diskusinoan. Akaburako bere buruagaz hasarratu eta gaia aldatzen eban. Bardin egiten eban emondako adibideak balio ez eutsonean.
Eta ikasgai izan neban Trask. Gustura hartuko neban irakasle, baina Blanca Urgell izan gendun Euskara II deitutako irakasgaiko buru (Blancari bizi luzea opa deutsat, oraindino gauza asko egin behar dauz eta). Bertan euskerearen historia ikasi gendun eta aintzineuskereari buruzko atalean, ezinbestean Larry azaldu jakun. Sano interesgarria zan aditzari buruz eukan hipotesia. Edozein euskaltzalek edo jakin-min handiko euskaldunek kontuan euki beharko leuken hipotesia. Arraroa egin jatan euskereari buruzko libururik inglesez topetea, baina gerora entendidu neban hobe dala askotan urrunetik ikustea batzuok beti sano paraje daukaguna. Urrunetik desbardin ikusten dira eta ez daukat ezelako dudarik Trasken antiojuek ikuspegi barri bat ekarri euskula esateko.
Neuk asko ikasi neban biakandik. Eurak joan dira, baina euren lanak luzaroan iraungo dau gure herriko euskaldun eta hizkuntzalarien ahotan. Neuk Larry ez neban larregi ezagutu, Euskal Herrian be sona mugatuagokoa zalako. Baina Andolin sarritan izan da neure berbagai: Firin-faranen, klasean, errezitaletan... leku askotan presente egoan santurtziarra. Hil osteko adierazpenetan, mundu guztiak esan dau entusiasta handia izan zala bera, dana gogo betez egiten ebala. Neuk apur bat urrunago joan gurako neuke: ahal eban dana gogo betez egiten eban eta gogoz egoan ahal eban dana egiteko. Agur eta ohore.
Xabier Paya
Euskaltzaindia ez dabil bere momentu onenean. Izan be, bi kide sano garrantzitsu galdu dauz apenas aste eta erdian. Alde batetik, Andolin Eguzkitza; bestetik, Larry Trask.
Larry Trask New York estaduan jaio zan. Kimikaria zan, baina 1970an Londresera joan zan oporretan bi asterako, eta bertan egoala, hizkuntzalaritzeagazko holako afizino berezia sentidu eta Inglaterran bizitzea eta hizkuntzalaritzea ikastea erabagi eban. Momentu haretatik aurrera, bere ikerketa gai nagusia euskerea izan zan. Tesia be euskerearen ganean egin eban, eta bere lan sakonena gure hizkuntzearen alorrean, 'The History of Basque' liburua dugu. Larry Trask Sussexeko unibersidadeko irakaslea zan. Euskal hizkuntzalaritzearen alorrean sano inportantea izan zan. Igazko The Guardian egunkariak egindako alkarrizketa batean, The Guardian-ek Steven Pinker eta Noam Chomsky-gaz konparau eban.