Zinea  III. urtea // 52. zenbakia

Girl with a pearl earring


Delft, Holanda, 1665ean. Griet gazte eta ederra Johannes Vermeer margolari ospetsuaren etxean sartu da beharrean. Azken horrek, Griet-ek argi eta koloreetarako daukan intuizinoaren jakitun egonda, pinturean eta sedukzinoaren munduan murgiltzen ahaleginduko da. Bien bitartean, Maria Thins-ek, Vermeer-en amaginarrebak, Griet gaztea artistea inspiretako gauza dala ikusita, bien arteko hartu-emonak baimenduko dauz, suhia margolanen produkzino urria handitzeko gauza izan daiten.

Ikusten dan legez, argumentua sano ernagaria da, honako hau edertasunaren bila abiatzen dan kontakizuna dalako. Ganera, pelikulea girotzeko beharrak, eszenografia eta tempusa zoragarriak dira; pelikulea erritmo geldoan abiatzen da iradokizunen bidezidorretatik joz, baina benetako indarrari helduz. Eszena batzuek pelikulan bertan agertzen diran margolanen pare egon gura dabe, ikusleari be aparteko edertasun, erakargarritasun eta sedukzinoa erakutsiz.

Beste alde batetik, protagonista bien jarduna oso ona da: batek neska gazte, eder eta birjinaren inozentzia transmititzen deusku; eta, besteak, artista baten eszentrikotasun, ezinegon eta sufrimentua.

Horregaz batera, maitasuna, boterea, dirua eta zikozkeria buztartzen dauzan ganorazko argumentu batez gozau ahal izango dozue. Duda barik, aukera ona zine inteligente eta geldo baina, aldi berean, bizi eta, batez be, iradokitzaileaz gozetako.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Peter Webber.
- Herrialdea: Erresuma Batua.
- Iraupena: 95 minutu.
- Antzezleak: Colin Firth (Johannes Vermeer), Scarlett Johansson (Griet), Tom Wilkinson (Van Ruijven), Judy Parfitt (Maria Thins), Cillian Murphy (Pieter), Essie Davis (Catharina), Joanna Scanlan (Tanneke), Alakina Mann (Cornelia), David Morrissey (Van Leeuwenhoek), Anna Popplewell (Maertge).
- Gidoia: Olivia Hetreed; Tracy Chevalier-en eleberrian oinarrituta.