Ekipaje galduaren bila
Abiadan ibiltearen ondorioak
Aireportuetako beharginek dinoen modura, hegazkinak urteteko ezarritako ordutegiak hain dira estuak, ze erritmo bizi-bizian jardun behar izaten dabe; ganera, biltegietan jente asko batu ohi da.
Aena konpainiak orain dala pare bat urte garbitu behar izan eban Madrilgo aireportuko biltegi bat, osasun arazoak zirala eta. Han danetarik topau eben: hanka ortopedikoak, usteldutako pernilak, hortzordeak, ordenagailuak eta denporearen porasuz guztiz hondatutako bestelako gauzak.
Biltegi horreetan, hainbat beharginek galtzen diran ekipajeak zabaltzeari ekiten deutsie, jaubearen ganeko datu esanguratsuren bat topau guran.
Holakorik ezean eta hiru hilabete igarota, konpainiak, legeak ezarritakoaren arabera, maletearen edukina errematean atarateko betebeharra dauka. Dana dala, hainbat konpainiak beste sistema bat erabili ohi dabe: sei hilabete igaro eta jaubea agertu ez bada, maletak doban emoten jakoz GKE bati.
Begiluzea
Aireportuetan 10.000 ekipajeetariko bat egunean-egunean galtzen da. Hiru hilabete igarota, errematean atara eta gobernuz kanpoko erakunderen bati emongo jakoz.
Berrogei urteko Gotzon hilean behin joaten da Londresera, beharreko kontuak dirala eta. Aldez aurretik holakorik ez jazoagaitik be, azkenengoan, maletea galdu deutsie; barruan hainbat batzarretara joateko traje bi eta norberaren garbitasunerako produktu batzuk baino ez eukazan.
Inglaterrako aireportuan ordubete itxaron ostean, beharrezko erreklamazinoa aurkeztu eta legeak ezarritako kalte-ordaina onartzea erabagi eban; gaur egun, 16,20 euro jasoten dira fakturautako ekipaje kilo bakotxeko, gehieneko diru-kopurua 324,54 eurokoa izanda, estadu barruko hegaldien kasuan; nazinoarteko hegaldian 18,50etik 46,27 eurora bitarteko zenbatekoa hartu leiteke kilo bakotxeko. Bilera baterako joateko denporearen aldetik estu-estu ebilen eta jasotako diruagaz beharra ganoraz beteteko erropa nahikoa erosi ahal izan dau.
Edozelan be, Gotzonek ez daki oraingoan Maite neskalagunak ezustekoa emoteko hainbat opari sartu eta galdutakoa askoz be baliotsuagoa danik jasotako kalte-ordaina baino. Nora joan daiteke maletearen bila? Batek daki. Maleta hori aireporturen bateko biltegiren baten lotuko zan eta gaur egun errematean atara edo GKE bati emon deutsie.
Maletea galtzeko lekurik arriskutsuenak
Ez dago datu ofizialik, baina munduko garraio zintetan dabilzan milioi bi maleten artean, hamar milatik bat galtzen dala kalkuletan da. Galera horreen % 20 baino ez ei dira salatzen.
Hurreratu gaitezan fakturazino erakusmahaira. Bidaiariak ekipajea ixten dauanean, maletea edo boltsea garraio zinta baten sartzen da; zinta hori 60 zentimetroko albo estalki bik babestu eta hainbat segurtasun kamerak laguntzen deutsie ibilbide osoan. Zintea amaitu eta metro biko altueratik jausten dira biltegi moduko batera; bertan geratzen dira maletazainek noz hartuko zain, hegazkinaren sotoetara eroateko.
Bi dira ibilbide honetako gune baltz edo arriskutsuak: biltegia eta hegazkineko sotoetara eroateko garraioa. Baina beste arazo bat dago bidaiariek geldialdiren bat egin behar badabe beste abioi bat hartzeko. Beste hegaldiak urten arte, ekipajeak gordetako biltegietan hainbat konpainiatako maletak nahastetan dira. Horreetariko bat galtzen danean, konpainiak egun bitan baino ez dau eukiko biltegi horreetan eta, 48 ordu igarota, bere ekipaje zentralera eroango dau.