"Tontatxu"
Doinua: Markesaren alaba
1
– Arrastion, Enkarni.
Pruden etxean dau?
– Gaur be kanpoan dabil,
txokora urten dau;
goxetik eskapata,
berandu ailegau
ta ni beti bakarrik,
hau biximoduau!
2
Gurasoek ninduen
Prudenegaz batu,
"Tontatxu" deitzen eusten
ta ni konformatu;
gizon aberatsagaz
aitak egin tratu,
holan bihurtu nintzan
sueteko katu.
3
– Tontatxu, zu ez izan
horren negartia,
aurretik daukozu-ta
bizitza guztia;
ganera animatu
lei oilotokia,
olgetako ganeaz
badator lukia.
4
– Koloreak atara
deustazuz kolpean,
halandaze gaztea
naz zure ustean…
bada, neure gizona
etorri artean,
sartu zaitez barrura,
ez lotu atean.
5
– Tontatxu, sekretu bat
esango deutsut nik,
munduan ez da sortu
zulango damarik.
Jantzita zagoz, neska,
goitik behera polit,
ikustea baneuko
Tontatxu bilozik…
6
– Ene bada, gizona,
zenbat lora eder!
Bada, lortu ezina
gaur ez dago ezer;
baina hotzez nago ni,
beso eta izter,
ixetu beheko sua
berotzeko, aber…
7
– Aitu zelango sua
egin deutsudan hor!
Arrimatu neugana,
printzesa maitekor!
Neu be imini nozu
bero-bero, bor-bor…
erropatxuok kentzen
hasi bizkor-bizkor!
8
– Berotuaz noa ni
lapikoak letxe,
baina gose itzela
egin jat oraintxe;
patatak han daukozuz,
porruak be hortxe,
egin porrusaldea
eta orduantxe…
9
– Hau da ito beharra,
hau antsietatea!
Nahiko jan ete dozu,
Tontatxu maitea?
– Orain ederto nago
beteta tripea,
egizu harrikoa
ta gero bestea…
10
– Dana garbitu deutsut,
plater eta ontzi,
zure kapritxo hori
etxat kosta gitxi;
orain saria dator,
laztan ta igurtzi…
– Zarata bat entzun dot,
barriketok itxi!
11
Segun traza dan, Pruden
badator honantza
eta hemen bazagoz,
panorama latza!
Hoba dozu joatea,
albatetik martxa,
baina ni ikusteko
ez galdu esperantza.
12
– Sua ixetu deutsut,
aparia mahaira,
gero atara deutset
platerai distira;
Ikusi harean bez,
ikasi bai, tira:
zu "Tontatxu" bazara
zer ete naz ni, ba!
Joseba Santxo
Sorteari Tontatxu uzena jarri baeutson be, urrutitik agiri jako Joseba Santxori, sortearen egileari, berak ez daukala tontotxu etxura handirik. Aurreko atal batean dagoeneko bere barri emoten bagendun be, algortar honek sekulako bertso-paper ekarria dauka. Horren adibide dira Mungiako San Antontxu bertso-paper lehiaketean jaso dauzan bi sariak. Horreen artean, hona dakartzuedan “Tontatxu” uzeneko hau, bizkaierazko sorta onenaren saria jaso ebana.
Sorta sano luzea da, baina leiduteko arina. Josebaren barri emonda gagoz, baita San Antontxurena be inoz. Halandaxe, sortea leidutea besterik ez jaku gelditzen.
Leidu eta gozau!
Xabier Paia