Doctor Deseo taldearen 'Rómpeme' birea:
- Apirilaren 30ean, Iruñeako Artsaian.
- Maiatzaren 1ean, Bergarako Jam Aretoan.
- Maiatzaren 7an eta 8an, Bilboko Kafe Antzokian.
- Maiatzaren 14an, Donostiako Zibbido Aretoan.
- Maiatzaren 22an, Gasteizeko Kinvara Aretoan.
- Maiatzaren 28an, Tuterako Noboo Aretoan.
- Bagilaren 5ean, Ondarroako Kafe Antzokian.
- Bagilaren 24an, Galdakaon.
- Garagarrilaren 17an, Valentzian.
Koldo Isusi Zuazo
Zuzeneko emonaldiei jagokenez, urtebeteko etenaren ostean, Doctor Deseo bilbotarren zortzigarren diskoa da egunotan aurkeztu dabena eta taula ganean agertzeko gogo itzelagaz dagoz nahiz eta horretarako apirilaren 30era arte itxaron beharko dogun.
Beti legez, emozinoei lehentasuna emonaz, disko honetan kitarra soinuek aparteko protagonismoa hartu dabe, batez be, taldeko kitarra jole barriaren eraginez. Azken hamarkadan taldeko kitarra jolea izan dan Kikek, arrazoi profesionalak tarteko, taldea itxi ondoren, Aitor Agiriano 'Toro' sartu da taldean eta bere ekarpena asko igarri da, ez bakarrik kitarrearen presentzia nabarmenagoagaitik baita kantuetan egin dituan koruengatik be.
'Rompeme...' diskoan hamar kantu dagoz eta tartean bersino bi: alde batetik, 'Ez nauzu izango berriz', Joy Divisionen kantuaren bersino librea, punk-psikodeliaren bidetik eta, bestetik, Francis egilearena berarena, hau da, 'De nuevo en tus brazos', pasa dan urtean Bilboko Konparsen omenez egindako diskoan Rober, Uoho eta Fitogaz batera kantau ebana; oraingo honek Velvet Undergrounden eragin argia dauka.
Diskoaren soinu eta maminaren ganean, Francisek adierazo dauanez, psikodelia, kabaret giroa, Morriconeren 'spaghetti wester' horreetako epika ukutua zein 60. hamarkadako musikearen buztarketea dago edo beste berba batzuekaz esateko: gizakiaren bakardadea arrisku guztien aurrean, plazerraren bilaketea...
Taldearen betiko obsesinoak dira diskoaren ezaugarri, gaur egungo desesperazinoaren zeozelako kronikea da, saminari, tristeziari edota ezintasunari eginiko exorzismoa. Diskoaren osogai nagusienen artean hiru azpimarratu ditu taldeko bozeroale eta kitarra jolea dan Francisek: sensualidadea, amorrua eta samurtasuna.
Aitagarria, Zea Mays taldeko Aiora Renteriaren kolaborazinoa, Doctor Deseokoen esanetan, 'munduko ahotsik emozionantea'.