Euskaldunok munduan  III. urtea // 52. zenbakia

‘Grand Slam’ lortzekotan


Egindako guztia gitxi ez bada be, gehiago gura dau orain 43 Bilboko Otxarkoaga auzoan jaio eta Iruñean bizi dan gizonak. Hiru seme-alaba daukaz, 24, 22 eta 15 urtekoak. Honeek hazita egon arte aita ez da mendirik mendi hasi, baina 1998an lehenengo gailurrera igo zanean, ikuspegi desbardina begitandu jakon. Gitxika baina lotu barik kontinente guztietan bidaiatzen hasi zan. Espedizinoak karuak dirala autortzen dau, baina erakunde publiko zein pribatuen diru laguntzinoagaz eta etxean dagoanean egiten dauazan lanetako soldateagaz ‘kapritxoak’ pagetako beste eukiten dau. Oraingoan Nafarroako Gobernuak, Bilboko Udalak eta Euskaltelek eskeini deutse diru laguntzea. Azken enpreseak satelite bidezko telefonoa be itxi deutso.

Orain arte, baina, ez dogu oraindino berba egin Mikel Alvarezen hurrengo espedizinoaz. ‘Grand Slam’ deritzon markea lortu guran Ipar eta Hego Poloak egitera joango da laster. Lehenengo Iparralderantz joko dau, laster ganera. Zero azpitik 30-35 gradutan eta izotz ganean 70 kiloko ekipajeari (eskiak, janaria, erropea...) tiretuz Artikoa zeharkatzeko asmoa dauka. Sei errusiar, Hungariako bi, Ingles bat eta estadubatuar bat joango dira beragaz bidaia berezi horretan (Euskaltelek itxi deutson sateliteko telefonoagaz batera). Arriskuak egon badagozala autortzen dau Alvarezek, berbarako leia eta ura. Izan be, Artikoan izotz ganean ibiliko dira, logikoa danez, baina izotz horren azpian ura dago. Batzutan bost zentimetroko lodiere izango da eta beste batzuetan hiru metrotik gorakoa. Azkenengo kasuotan ez dago arriskurik, baina kapa txikia apurtzen bada...

Halan da be, egoera txarrei aurre egiten ikasi dau bilbotarrak, eta ez da errez bildurtzekoa. Artikoko eta Antartikoko ibilbideak egitea lortzen badau, Grand Slam izeneko kirol probea lortuko dauan lehenengo euskalduna izango da. Bera baino aurretik sei persona baino ez dagoz marka hau daukienak: korear bat, errusiar bat, ingeles bat, kanadiar bat, Singapurgo bat eta islandiar bat. Harro sentiduko gara urte honen amaieran zerrendan ‘euskaldun bat’ gehitu ahal badogu.

Udabarriko eguzkia urtetan hasi da egunotan (oraindino kikuak egiten dagoan arren). Baserri ondoko soloak kolorez janzten hasi dira, baina Mikel Alvarezek paraje hotz eta zurietara jo behar dau. Seguru gagoz Artikoko eta Antartikoko markak lortzen dauazanean bertoko loreen usaina faltan botako dauala. Animo, beraz, Mikel!

Mikel Alvarezen markea: ZAZPI HANDIAK

- Europa: Elbrus (5642 m.), 1998
- Amerika: Akonkagua (6959 m.), 1998
- Afrika: Kilimanjaro (5895 m.), 1999
- Artikoa (Alaska): Mckinleyra (6194 m.), 2000
- Asia: Everest (8848 m.), 2001
- Antartida: Vinsen (4897 m.), 2002
- Ozeania: Carstenzs Piramidea (Irian Jaya, 5029 m.)

Saioa Torre Gereketa

Munduko zazpi kontinenteetako tontorretan egon da Mikel Alvarez. Orain dala sei urte ekin eutson erronkeari eta daborduko lortu dau. Igo dauan azkenengo mendia Ozeaniako Carztenz Piramidea izan da, 5000 metrotik gorakoa. Baina bere markan leku berezia gordeten deutso Everesti. Izan be, munduko gailurrera heltzea ez da erreza izaten. Ia 9.000 metrotan egon zanean, familiaz eta lagunez gogoratu zala autortzen dau, baita zaratea egiteko gogoa eukala be. Inork entzungo ez ebala jaubetuta arrantza handia bota eban Mikelek.