Euskerazko eta nepalerazko eskubideen aldarrikapenak Ama Dablam-en
Ama Dablam sherpen sinboloa dala esan geinke. Andrazko baten lepoaren irudia daukan mendia (izenaren beraren itzulpena ‘Amaren Lepoa’ da) sakratua da eurentzat. Everest, Cho Oyu, Lhotse eta Makalu zortzimilakoak daukaz inguruan eta ederra dan arren, mendizaleen esanetan gatxa be bada. Ganera, oraingoan tontorrera ailegetako bide gatxenetik joko dabe, hego-mendebaldeko bidetik hain zuzen be. Bide horretatik 1953. urtean espedizino britainiar bat saiatu zan, baina ez eben lortu eta 5.700 metrora ailegau ostean bueltea emon eta etxera etorri ziran. 1961ean talde batek puntara igotea lortu ebanetik, barriz, asko egon dira tontorrean. Espedizino komertzial ugari be egin da bertara, baina azken urteotako Nepalgo egoerea txarra dala eta gero eta mendizale gitxiago dago.
Egoera txarrei aurre egitea derrigorrezkotzat jo dau Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren ekimenez sortutako espedizinoak. Holan ba, laster egongo dira gure herriko eta Nepalgo adierazpenak Amaren Lepoan (Ama Dablam).
Bizkaie!
Juanito Oiarzabal, Eneko Pou, Alberto Zerain eta Juan Ramon Madariaga Nepalen dagoz daborduko. Giza Eskubideen Adierazpen Unibersalaren euskearazko eta nepalerazko agiria Ama Dablan mendiaren tontorrean (6.856 m) ixtea da espedizinoaren helburu nagusia. Apirilaren akabura arte egongo dira bertan.
Nazino Batuen Erakundearen lehen agiria Ama Dablamen ixteak pisu sinboliko handia dauka, izan be, mendi hori sherpen mendi sakratua da. Baina leku horrezaz ganera, beste batzuk be bisitauko dabez, berbarako Tyangboche monasterioa, budismoaren gune garrantzitsuena. Ekimenak hurrengo espedizino batzukaz segiduko dau eta Tibeteko Potalako monasteriora eta Pakistango Rawalpindi meskitara be bisitak egingo dabez. Beste mendi batzutan agiriak ixteko asmoa be badaukie espedizioan parte hartzen dabenek, K-2 eta Cho Oyu gailur ezagunetan berbarako. XXI. mendean askatasunik barik bizi diran uriei alkartasuna eskaintzea dagoz ekimenaren oinarrian, baita martiaren 11ko biktimei omenaldia egitea be.