Musikea  III. urtea // 52. zenbakia

'Gure kreditua merezi dabe' Alkartasun Jaialdia


Egitaraua

Ekitaldiak goizeko 11:00etan hasiko dira eta arratsaldeko 18:00ak bitartean sarrerea dobanekoa izango da. Lehenengo ordu horreetan txikitxuenak izango dira protagonista, izan be, eurentzako ipuin kontalariak, antzerkia, jokuak, bideo emonaldiak eta bestelakoak izango dira. Dana dala, munduko dantzakaz gozetako eta herrialde desbardinetako produktuak probetako aukerea be egongo da txosnetan.

Musika jaialdia 19:00etan hasiko da eta sarrerea 25 eurotan egongo da salgai takilan; aurretiaz erosi ezkero, 23 eurotan eta BBKren txartel gorriagaz, barriz, 20 eurotan.

Taula ganean ondoko musikariak ikusiko dozuez:

- Arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara: Tontxu, Sagra Mielgo, Amaia Zubiria, Carlos Chaouen, Inma Serrano, Marina Rossell, Kepa Junkera, Gorka Benitez eta Juan de Diego (bakotxak pare bat edo hiru kantu eskainiko ditu).
- 21:00etan: Mikel Urdangarin eta taldea.
- 21:30etan: Ismael Serrano eta taldea.
- 22:30etan: Jesus Cifuentes eta taldea.
- 23:30etan: La Cabra Mecanica.
- 00:30etan: Gatibu.
- 01:45ean: Lagarto Amarillo.
- 2:45ean: Idi Bihotz.

Azken buruan, ekimenaren babeslea BBK da eta kolaborau dabenak, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritzea, Athletic Club, Bilbao Basket, UPV-Barakaldo eskubaloi taldea edota Eroski Bidaiak. Aitagarria, Nestor Basterretxea bermeotar eskultoreak 'mundubat' artelanaren diseinua eta 99 ale emon deutsozala PTM-Mundubat GGKEri mikrokredituen kanpaina honetan laguntzeko.

Bizkaie!

http://www.ptmmundubat.org

Asmoa ederra da. Brasil, Kolonbia, Kuba, El Salvador, Guatemala, Honduras, Mexiko, Nikaragua, Palestina zein Mendebaldeko Saharan beharrean dabilen eta igaz 15. urteurrena bete eban PTM-Mundubat, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak mikrokredituen kanpaina abiarazo eban orain hiru urte Nikaraguako Managua urian. 2001ean kanpaina martxan jarri eta urtebetegarrenean 1300 familia izan ziran onuradunak; 2003an, barriz, 1800 eskabide baino gehiago egozan bideratu barik.

Nikaraguako Managua uriko auzo baztertuetan pobrezia gorria bizi daben herritarrek eskatutako kreditu txikiak dira mikrokredituak; horreei esker, herritarrei autoenplegurako banan-banango eta taldeko proiektuak garatzeko aukerea eskaintzen jake eta, besteak beste, etxebizitzak zaharbarritu eta negozio txikiak sustatu ahal dabez. Aitagarria, Nikaraguako banketxeek ez deutsiela krediturik emoten herritar horreei, pobreak izanda, kreditua bueltetako aukera gitxi daukielako.

Mikrokredituak nori emon zehazteko herritarren preminak eta beharrizanak aztertzen dira ezer baino lehen. Datu legez, onuradunetatik % 60 inguru emakumezkoak dira eta gehieneak familia-buruak.

Hau guztia posible izan daiten Puchito Solidarioa abiarazo dabe. Nikaraguan 'apur bat' da puchitoren esanahia eta, beraz, puchitoa erosi ezkero, ekintza solidario txikia jarten dogu martxan eta kredituak emon ahal jakez beharrizana dabenei. Gauzak holan, hilean 20 euroko kuotetan 240 euroko urteko ekarpena da Puchito solidarioa baina beste kantidade batzuetako ekarpenak be egin daitekez.

Gorago aitatautako asmo horretan laguntzeko, PTM Mundubat, Gobernuz Kanpoko Erakundearen ekinbidez, sekulako musika eta alkartasun jaialdia izango da apirilaren 24an Bilboko Erakustazokan.