Fernando Ansoleaga: 'guri ez jaku gustetan sufrimenduaren eta odolaren morboan eragitea'
Aurtengo Aste Santua gero eta hurrago dago eta sei bat hilabete beharrean, entseguetan eta kontu guztiak preparetan ibili ostean, Berangoko Pasino Biziaren arduradunak azken ukutuak emoten dabiz Bariku Santuko antzezpenerako; gogoratu, apirilaren 9an, gaueko 21:30etan hasiko dala Berangoko Pasinoaren 24. emonaldia udaletxearen aurrealdean.
Esandako moduan, orain hogeita lau urte hasi ziran Berangon Jesusen Pasinoa antzezten bi herritarren ekinbidez; geroago, Juan Luis Guernica abadeagaz kolaboretan eben katekista bi be hasi ziran beharrean eta Fernando Ansoleaga, berangoztar zuzendari artistikoagaz batera gaur egun erreferentzia dan antzezpena abiarazo eben.
Esanguratsua, gaur egun 5700 bat biztanle dituan herriko 250 lagun baino gehiagok parte hartzea Berangoko Pasino Bizian, herriaren eta udalaren inplikazino edo konpromisoaren erakusgarri, izan ere, Berangoko Udalak be diruz laguntzen dau antzezpena.
Kontuak kontu, Pasinoaren azken orduaren, ACADAE, Arte Eszenikoaren Lagunen Alkarte Kulturalaren jarduerearen eta historiaren ganeko jakingarrien bila Fernando Ansoleaga, ikuskizunaren sortzaile, antolatzaile eta zuzendari artistikoarengana jo dogu.
1. Zelako eboluzinoa izan dau 'Aste Santua modu desbardinean bizitzeko" jatorrizko ideia harek?
Eboluzino normala izan da, esan gura dot gizartea bera aldatu dan moduan aldatu dala ideia hori be. Orain hogeita lau urte, jakina, espiritu erlijiososa zabalagoa zan, sustraituago egoan; gaur egun, ostera, orain urte batzuk baino gehiago dira antzezpena ikusten Berangora datozenak baina Jesus ezagutzen edo sentitzen dabenak gero eta gitxiago dira. Antzezpenaren ikusgarritasunak erakarrita hurreratzen dira gehienak baina gure asmoa antzezpena, bere ikusgarritasuna eta mezua buztartzea da, gure beharra zeozelan didaktikoa da, hau da, ez dogu gomutarako laguntzinoa emoten, zehatz esateko Jesus nor izan zan eta Jesusen sasoiko egoera historikoa zelakoa izan zan erakutsi gura dogu.
2. Zer gomuta dozu Berangoko Jesusen Pasino Bizia antzezpenaren lehen pausuen ganean?
Hasikerako momentu hareetan sinpletasuna zan ezaugarri nagusiena, bai alde teknikoari eta bai interpretazino aldeari dagokienez. Gaur egungo antzezpenak ez dauka zerikusi handirik jatorrizkoagaz, gauzak asko nahastau edo konplikau dira baina onerako. Beste alde batetik, bihotz-bihotzean daukadaz daborduko geugaz ez dagozan kolaboratzaile handiak, gure Pasinoaren alde behar asko egin ebenak eta eurekaz bizitako guztiak ez daukadaz ez ahaztuteko.
3. Balmaseda eta Arkotxakoakaz batera, Berangoko Pasinoa erreferentzia da gaur egun Aste Santuko antzezpen bizien artean. Zeintzuk dira zuon antzezpenaren ezaugarri nagusiak?
Nire ustez ezaugarri garrantzitsuena, aitatu dozuzan horreetatik bereizten gaituana ondokoa da: antzezpenean ikusten danari eta esan edo zabaldu gura dogun mezuari antzeko inportantzia emoten deutsegula; Jesus gure protagonistea aurkeztea da asmoa, bere sasoiko giro sozial, politiko, ekonomiko era erlijiosoagaz batera; azken finean, gizaldietan Jesusen zain egon dan herrian, haren agerpena eta horren ondorioak azaltzeko ahaleginak egiten doguz. Ikus-entzuleek ikusi eta entzuten daben guztia informazino bilketa sakon eta zorrotz baten ondorioa da.
Beste alde batetik, beste herri batzuetako pasinoakaz konparauta, guri ez jaku gustetan sufrimenduaren eta odolaren morboan eragitea, gurago dogu jenteari egoera horretara heltzeko bizitako egoera edo pasadizuak ezagutarazotea.
Azkenik, ez da ahaztu behar ikuskizuna gauez eskaintzeak aparteko giroa sortarazoten dauala.
4. Segurutik Jesusen papela antzezle guztiek hartu gurako dabela. Zelan diseinetan dozuez aktoreen zerrendea, ensaioak...?
Ez eizu pentsau, Ama Birjinaren zein beste batzuen papela hartzeko be nahikoa saltsa egoten da; Jesusena egiteko hautagai faltarik ez da egoten baina esan behar deutsut holako kultur ekitaldietan, antzerki arloan zehatz esateko nahikoa urria dala gizonezkoen parte hartzea. Matxismoagaz zeozelako loturea daukan gurea lako ekitaldietan parte hartzeko lotsa faltsua dago eta gura ez arren be gure hezkuntza sisteman eta gaur egungo belaunaldietan be nahikoa sartuta dago. Emakumeak, ostera, askosaz gehiago ikusten dira holako jardueretan, ezelako lotsa barik.
Ensaioei dagokienez, urrian edo alkartzen da antolaketa batzordea eta lehenengo egitekoen artean, aktoreen zerrenda eta egitekoen banaketea zehazten dogu; ensaioak geroago hasten dira.
5. Zelan koordinetan dozu 250 lagunez osotutako talde mateur bat?
Botika magikorik ez dago baina duda barik pazientzia handia behar da holako talde bat aurrera eroateko; jakina, parte hartzaile guztiei ahalik eta erreztasun handienak emon behar jakez euren beharrean eta bakotxaren esku-hartzean laguntzea be ezinbestekoa da. Eszenak banan-banan ensaietan doguz eta horreek prest dagozala pentsetan dogunean, entsegu orokorrak egiten doguz.
6. Oso oker ez banago aurtengo antzezpenean eszena barri bat izango da eta bestelako barrikuntza batzuk be aurreikusi dozuez, ezta?
Pasinoaren 24 urteotan aldaketak ugari izan dira eta ez bakarrik teknologiak edota teknikeak ekarri dituan aldaketak, baita ikusleen artean igarten dogun obrako protagonisten ezagutza urriak eragindako aldaketak. Urtetik urtera antzezpenaren kalidadea ondo baino hobeto jagoten dogu eta, jakina, ikuskizunak sendotasuna lortu dauala pentsetan dot bai antzezpen mailan, jantzietan, dekoraduetan, arlo teknikoan eta bestelakoetan.
Bestetik, aurten agerraldi barria preparau dogu, judutarrek sasoi haretan bizi eben egoera larria adierazoteko hain zuzen be; emakume batek antzeztuko dau. Soinuaren aldetik be aldaketa batzuk egingo doguz eta kalidadea hobea izango dala pentsetan dot.
7. Berangoko Pasinoa gauez egiten da eta haize zabalean. Zeintzuk dira abantailak eta desabantailak?
Abantaila handiena gauaren ikusgarritasuna izango litzateke, gauaren iluntasunak sortarazoten dauan giroa hain zuzen eta, jakina, desabantailen artean eguraldi txarra da nagusiena. Eguraldi onagaz jentea errezago hurreratzen da; datu legez, igaz eguraldiak lagundu euskun eta bost mila lagun inguru hurreratu ziran.
8. Antzepenaren iraupena hiru bat ordukoa da eta leku edo eszenatoki desbardinetan egiten da zehaztasun guztiak mimo handiz landuta.
Horixe da gure ardura nagusia, gauza guztiak mimo handiz tratetan doguz, batez be, antzezpena ahalik eta sinisgarriena izan daiten. Horregaitik, eszenaratzeari eta giropen edo anbientazinoari aparteko garrantzia emoten deutsegu.
9. Jesusen Pasinoa antzeztea ACADAEren, hau da, Arte Eszenikoaren Lagunen Alkarte Kulturalaren jardueretako bat da baina ez bakarra. 'Txirlora' izeneko antzerki talde bat be badaukazue martxan; kontaiguzu taldearen eboluzinoa zelakoa izan dan 'Llego la luz', antzeztu zenduen lehenengo obra haretatik.
Hasikeran parrokia giroko taldea ginan eta obra txikiak preparetan genduzan; geldiro-geldiro, barriz, egile handien obrakaz be ausartu gara, Buero Vallejo, Lorca, Casona, Shaw, Jardiel Poncela, Millar eta bestelakoakaz, beti be, jenteari antzerkiaren eboluzinoa erakutsi guran eta anbientazinoari eta eszenaratzeari dagokienez, zorrotz jokatuz. Gaur egun, M. Mihuraren 'Maribel y la extraña familia' preparetan gabiz.
10. Antzezpenak prepareteaz gan, jantziak, dekoratuak..., azken baten, obrarako behar dan guztia egiten dozue taldean. Talde amateur batentzako behar handia izango da, dedikazino handia beharko dozue...
Bai, jakina, ordu asko behar dira eta eguneroko zereginetatik be batzuk kentzen doguz. Dana dala, gure zaletasuna da, pozik gabiz eta gure ikusleei antzerkia maite dogula erakutsi gura deutsegu, gauzak maitasunez egiten diranean, jenteak eskertzen daualako.
Koldo Isusi Zuazo