Bermeoko arraina Interneten salgai
Inoiz arrain enkante baten egon ez zarienok seguruenik imajinau be eztozue egingo zer dan ha. Ohituta ez gagozanoi atentzinoa gehien deitzen deuskun (eta egia esan, gitxien gustetan jakun) ezaugarria bertako usaina izaten da. Halan da be, negoziazino berezian bete-betean sartzen garenerako ahaztuta eukiten doguz komeri horreek guztiak. Proiektu barri honi esker, arrain-enkantean parte hartu gura dabenek ez dabe bertara hurreratu beharrik eukiko. Bertan dagozanek, barriz, pantaila itzelean segidu ahal izango dabez prezioen eta salerosketen nondik norakoak, baita ordenadore portatilen bidez be. Dana dala, oraindino jakiteko dago arrantzaleak eta enkante tradizionalagaz ohituta dagozanak zer eretxi azalduko daben teknologia barri honeen erabilerearen ganean.
Sistemearen oinarrian datu-basea eta Bermeo-Zamudio kable linea dagoz. Eurei esker egin ahal izango dira salerosketak, Interneteko konekzinoagaz beti be.
Euskaltelek Pefa Iberia enpresa belgiarragaz batera ipini dau martxan ideia barria. Gauzak ondo ataraten badira beste portu batzuetan be instalau gura dabez ordenagailuak.
Argi dago, beraz, bizitzak aurrera egiten dauan neurrian sektore desbardinak moldatzen joan behar dirala. Arrantzaleek eta enkantean parte hartzen dabenek esperientzia ona eukiten badabe proiektu birtual honegaz, nork daki, laster igual kipulak eta porruak ordenadoreari aginduak emonez ereingo dira baserrietan. Zenbat ikusteko jaio garan!
Atxapunte
Euskaltel enpreseak teknologia barriak etxeetan sartzeagaz nahikorik euki ez eta arrain lonja barria edegi dau Bermeon. Proiektu barri honi esker, itsasoko produktu guztiak online egindako enkante bidez erosi ahal izango dira, hau da, Internet bidez. Horretarako, portuko lonjan ordenadore pantaila itzela ipini dabe eta haren bidez egin ahal izango dira eskaintzak. Lehenengo, baina, dagoan arrainaren ezaugarrien barri emon beharko jako eskaintzea egiten dauan handizkariari.