Kulturea  III. urtea // 52. zenbakia

Soziolinguistika Klusterra


Euskerea berreskuratu eta normalizetako soziolinguistika garatzea derrigorrezkotzat jotzen dau erakunde barriak. Horretarako baliabide, azpiegitura eta baldintza egokiak egon behar dira. Behin oinarri honeek finkatuta, arlo jakin bateko enpresa, erakunde eta instituzinoen arteko loturea, hartu-emonak eta interesa bultzatu behar dirala dinoe klusterreko ordezkariek. Halan da be, zeregin hori gatxa izaten dala autortzen dabe, izan be, erakunde horreek euren artean lehia gogorra eukiten dabe sarritan. Gauzak holan, proiektua garatzeko alkarlanean behar egin behar dala onartu behar izan dabe lehenengo, eta gero beharrari gogor ekin.

Soziolinguistika Klusterrak hiru ardatz nagusi eukiko dauz: ikerketea, garapena eta barrikuntzea. Oinarri horreek ondo finkatuta eukiteko lana gogor egin behar dala dudarik ez daukie, eta arazorik egon ez daiten zeozelako arau batzuk ipini dabez, berbarako, kideen jarduera nagusiak zaintzea eta kalterik ez egitea, hau da, alkarren arteko lehia egon arren, alkarregaz taldearen interesak lortzen saiatzea eta lotura barriak sortzea.

Beharrerako bidea edegi barri dabe. Hemetik aurrera, zehaztutako proiektuak aurrera atarateko ekitea da bide bakarra. Ilusinoa ez jake falta, eta ideiak argi eukita edonora ailegau leiteke, bidebakokeriaz betetako gizarte honetan umore txarra baino ez daukan epaile bategaz estropozu egiten dogun arte.

Bizkaie!

Euskerearen normalizazinorako jakingura garatzea helburu nagusitzat hartuta sortu barri dabe Soziolinguistika Klusterra. Bazkide ugari daukaz, eta danak garrantzitsuak diranez, banan-banan euren izena aitatzea merezi dau: Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzietako fakultadea, Udako Euskal Unibersidadeko (UEU) Soziolinguistika saila, Nafarroako Euskera Teknikarien Lanbide Alkartea, Elhuyar Aholkularitzea, Emun kooperatibea, Eusko Ikaskuntza, EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia saila, EHUko Soziologia I eta II sailak, Nafarroako Unibersidade Publikoko Giza eta Gizarte Zientzien fakultadea eta Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen (SEI). Orain bai, hartu arnasea, bestela geratzen diran ideiak aitzeko gatx eukiko dozue eta.