'Literaturearen Zubitegia'
Webgune batek arrakastea eukiteko diseinua eta ordena garrantzitsua dala dudarik ez dago. Ezaugarri hau oso kontuan hartu dau Susak. Holan ba, idazleen ganeko edukia ordena alfabetikoan topau geinke. Egile bakotxak bere web orria dauka eta bertan datu biografikoak dagoz, baita generoka sailkatutako bibliografia be. Bibliografia hori ‘aktibo’ moduan definidu dau Mikel Elortzak, hau da, idazleak berak sortu dauazan lanen zerrendea. Beste idazle batzuk idazle horren ganean sortutako testuen zerrendeari, barriz, bibliografia ‘pasibo’ deitzen deutse. Holan ba, Euskal Literaturearen historian eredu diran liburuak egilearen arabera sailkatu eta sarean autore bakotxaren arabera erantsi dabez. Ganera, orain hiru urtetik hona euskerazko prensan eta edizino espezializatuetan argitaratutako literatur kritika guztiak be jaso dira webgunean.
Azaldutako eskaintza horreek guztiak lotura bidez egiten dira eta hortik dator gunearen ‘zubitegi’ izena. Izan be, orritik bertatik leku batera eta bestera eroaten gaituen ‘zubi elektroniko’ ugari dago bertan. Ezaugarri horreek proiektua ‘bizitu’ egiten dabe eta jentearen ekarpenak eta sortzaile barriek garrantzi berezia daukie, izan be, gu geu gara ataria barritu eta osotzeko konpromisoa daukagun lehenengoak. Zu zeu izan zaitekez hurrengoa, beraz, ekin, gustauko jatzu eta!
Saioa Torre Gereketa
Izen polita eta itxaronpetsua. Ganera, adjektibo bi honeek proiektuaren ezaugarri nagusiak ezagutarazoten dabezala esan geinke. Izan be, Susa argitaletxeak aurkeztu barri dauan azkenengo proiektu honetan aukera asko eskaintzen dira. Teknologia barriei esker, http://www.armiarma.com/zubi helbidean topau geinkez euskerazko idazleen lanak, baita euskerara itzulitako egileen testuak be.
Hainbat osogairen zubi legez definidu daiteke proiektu barria. Hasikera batean, argitaletxekoen helburu nagusia Literaturearen Entziklopedia Elektronikoa sortzea zan. Baina ideia hau garatu eta azken emoitza moduan aurkeztu barri dabe ‘Literaturearen Zubitegia’. Euskal idazleakaz, euskerara ekarritako idazleakaz eta Interneten eskura dagozan literatura edukiakaz bide zuzena eskaintzen deusku webgune barriak. Susak guztira 638 idazleren lanak ipini dauz sarean. Hiru mila liburu baino gehiagoren aitamenak dagoz bertan, baita bi mila loturatik gora be. Bitxikerien artean, efemerideak dagozala azpimarratu dau Mikel Elortzak, argitaletxeko kideak. Jolas moduan definidu dauz, baina literatur zaleen begietara oso deigarriak dirala dino, izan be, liburuetan bete-betean sartu eta idazleen ganeko informazino gehiago eukiteko balio deutse bisitariei.