Lehenengo Aberri Eguna
Jaia eta aldarrikapena
Sabino Aranak idatzitakoa zan, 1882ko Berpizkunde Domekan, bere anaia zan Luis Aranagaz euren etxeko lorategian berbetan egozala konturatu zala bera zein zan bere benetako aberria. Esan geinke beraz egun horretan hasi zala Sabino Aranarentzat lan politikoa. 1932an ba, 50 urte beteten ziran eta hauxe zan euskal abertzaleek ospatu gura ebena.
Eguna esan dogun moduan urte horretako Berpizkunde Domekea zan, data aproposa euskal abertzaleentzat: bertan batzen ziran Jesukristoren berpizkundea eta herriaren berpizkundea, Euskal Herriarena kasu honetan. Zein egun aproposagoa ba katolikotasunagaz hain lotura haundiak eukiezan EAJko agintarientzako. Ganera, kontutan izan behar dogu egun berean egiten ebela euren ospakizuna Irlandako katolikoek be.
Gauzak holan, 1932ko martiaren 27an aurreikusi eben abertzaleek egunik onena euskal abertzaletasunaren urrezko ezteiak ospatu eta era bardinean Sabin Etxea zabaltzeko. Egia esan, lehenengo Aberri Egun honetako ospakizunak hiru egunetan zehar zabaldu ziran: 26an, barikuan, Campos Eliseos antzerkian, umeentzako jaialdia antolatu zan. Gero, umeak Sabin Etxera hurreratu eta abade bik Sabino Aranaren jaiotetxea bedeinkatu eta zabaldutzat emon eben, bertoko ikurrinea altxatuz. Gabaz, su artifizialak izan ziran Bizkaiko uriburuan eta, hainbat menditan suak biztu ziran. Azkenik, egunari amaierea emoteko, barriro be Campos Eliseos antzokian “Pedro Mari” antzezlana aurkeztu eban Eusko Gaztedijako antzerki taldeak.
Martiaren 27a izan zan aukeratutako eguna, egun haundia abertzaleentzako: Bilboko Kale Nagusian batu eta Jesusen Bihotzak bertan daukan monumentutik hasi eta Sabin Etxera arteko manifestazinoa antolatu eben. Emondako datuen arabera, 75.000 lagun batu ziran egun horretan Bilbon EAJren deiari erantzunez. Sabino Aranaren jaiotetxera heldu eta bertan metalezko plakatxua inaugurau eben.
Hau da ba labur batuta, ospatutako Lehenengo Aberri Egunak ekarri ebana. Hortik aurrera 72 urteko historia jatorku. Alaitasunez, bildurrez; batuta, bananduta; jentaurrean edo ixiltasunean egindako historia. Jaiaren eta aldarrikapenaren historia
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria
Laster dogu Aste Santua. Egun honeetan, Jesukristo, gizonen pekatuak parkatzeko gizon egin eta kurutzean hil ebela ospatzen dabe kristinauek. Dana dala, bada euskaldun garanontzako Aste Santuak dakarren beste ospakizun bat: Aberri Eguna. Idatzi honetan gure jai honetaz idatziko dogu.
Lehenengo Aberri Eguna 1932ko martiaren 27koa izan zan, Bilbon eta Euzko Alderdi Jeltzalea izan zan antolatzailea. Urte onak ziran euskal abertzaleentzako: 1903an Sabino Arana hil eta ordutik aurrera abertzaletasunaren ideiak zabaltzen joan ziran. XX. mendeko lehenengo hamarkadetatik astiro baina sendo.
1923an, Primo de Rivera agintean jarri zanean, Estadu golpea emonaz, orduan alderdi abertzale bakarra, EAJ legez kanpo geratu zan. Politikan lan egitea gatxa edo ezinezkoa izango zala ikusirik, abertzaleek euskal kultureari ekin eutsien. Horretarako, Eusko Gaztedija taldearen eraginez, urte batzuk lehenago sortutako Emakume Abertzale Batza eta Mendigoizale Batza taldeak suspertu ziran besteak beste. Honetaz aparte teatroak, abesbatzak, ibilaldiak, eta beste hainbat ekintza antolau ziran.
1931an Espainian II. Errepublika ezarri zanean, bai urte bete lehenango sortutako Eusko Abertzale Ekintza, alderdi abertzale barriak, zein Euzko Alderdi Jeltzaleak, euren lana suspertu egin eben. Aurretik eragindako hazi kulturalak, emoitza ezin hobeak emon ebazan hurrengo urteetan eta honexek izan ziran abertzaleentzako urterik onenak.
1930tik 1936ra bitartean, hainbat mitin, ekitaldi publiko, manifestazino eta abar egin ebezan abertzaleek. Aldarrikapena betikoa bazan be, askatasuna, urte honetako helburu modura, euskal autonomia estatutuaren lorpena nagusitu zan. Baina estatutua lortzea ez zan bape erreza: gure historiako atal hau aztertu daben historialari batzuen ustez, Donostiako Hitzarmenean ez egoteak ekarri eutson EAJri estatutua lortzeko ezintasuna. Beste batzuk barriz, Errepublika sasoian Espainian bizi zan egoera larrian jartzen dabe arrazoia. Dana dala, abertzaleek gatx eukien estatutua lortzeko, beraz indar erakustaldiak egitea komenigarria zan, agintariei erakusteko, bai Euskadin zein Espainian, EAJ eta EAEn atzean egoan indarra.
Aberriaren eguna ospatzea ez zan gauza barria abertzaleentzat. 1923an, Euskal Zintzotasunaren Eguna antolatu eben abertzaleak, Euskal Herriarenak ziran eskubideak aldarrikatuz. Agintari abertzale batzuen ustez, euskal nortasunaren aldarrikapena egin beharra egoan. Berbarako Eli Gallastegi bilbotarrak, Irlandako abertzaleen antzeko ospakizunen baten beharrizana aldarrikatu eban.
Halan ba, 1932an, abertzaleentzat mugarri bi etozen: alde batetik, Sabino Aranaren jaiotetxeren, hau da Sabin Etxearen inaugurazinoa. Bilboko Albia inguruan egoan etxea, Txabarri Zuazo sendiari erosi, konpondu eta prest egoan EAJren bulegoak eta egoitza hartzeko. Inaugurazinoa urte horretako urtarrilaren 25erako aurreikusi zan, hauxe zalako Sabino Aranaren jaiotze eguna. Egun berean pentsau eben abertzaleek Aberri Eguna egitea be. Kontuak kontu, etxeko lanak atzeratu eta ezin izan zan prest euki urtarrileko azken egunetarako. Halan ba, abertzaleei bigarren ospakizun bat geratzen jaken: Urrezko Ezteiak, hau da, euskal abertzaletasunaren 50. urteurrena ospatzea.